Buru-bihotzak zabalik

Urola Kostako Hitza 2010ko abe. 16a, 12:12

Andreu, Martinez, Guerra, Mozo eta Manzisidor dira Kasik.

Azkoiti-Azpeitiko Kasik taldeak bere lehen lana aurkeztuko du larunbat honetan Azpeitiko Gaztetxean

Etiketarik nahi ez duen musika eta barnera begiratzen duten hitzak dakartza taldeak

Labetik atera berri da Azkoiti-Azpeitiko Kasik taldearen lehen lana. Jon Andreu (ahotsak), Alberto Martinez (gitarra), Ander Mozo (gitarra), Eneko Manzisidor Axkoiti (baxua) eta Aritz Guerrak (bateria) azken urtean oratu dituzten abestiak bildu dituzte Jaiotzen ari dira gure oroitzapenak diskoan.

Larunbat honetan aurkeztuko dute jendaurrean, Azpeitiko Gaztetxean, 22:00etatik aurrera izango den festan. Sugarballs taldearekin batera eskainiko dute kontzertua, eta sarrerarekin batera CDa salduko dute, merke-merke.

Buruak zabaltze kontua

Rocka oinarri izanik ere, musika eta doinu desberdinetan jarduteko beldurrik ez dute, mugarik ere ez, eta askatasun horren ispilu dira kantuetan entzun daitezkeen funky ukituak edo punkarenak. Punkarenak badu zentzurik, taldekide gehienak estilo horretatik baitatoz (Kaka Zaharra, Destitxie, Seme Putiek, Fimosis, Paso de ti). "Adinaren arabera aldatzen goaz, ikasten, baina, esentzia punkia beti ateratzen zaigu", dio Guerrak.

Mozok dioenez, euren oinarrietako bat egiten duten horretan sinistea da, "punka egiten genuenean punkean sinesten genuen erabat eta, orain, honetan sinesten dugu erabat". Guerrak dioen bezala, "geu betetzen ez bagaitu, akabo".

Metal ukituak ere badituzte, Re notan afinatzeagatik batez ere. Baina, funkyaren, punkaren edo metalaren izpi eta itzalak ikusi arren, etiketarik ez dute nahi bost gazteek. Izan ere, etiketa batera mugatuz gero, mota horretako musika egin behar izatera behartuta aurki daitezke. Eta, hauentzat irekita egotea da kontua, koherentzia baten barruan gauza desberdinak egitera ausartzea.

Talde sendoa eta langilea

Iazko abenduan finkatu zen gaur egun Kasik osatzen duen boskotea. Laukotea zen lehen Kasik, Guerra, Mozo eta Axkoiti zebiltzan taldean, eta IƱaki Galarraga, Txato abeslariak utzi zuenean ere, aurrera egiteko erabakia hartu zuten. Martinez sartu zen taldean eta Mozok gitarra eta mikrofonoa nahi bezala uztartu ezin zituela-eta, Andreu etorri zen azkenean. "Salbazioa izan zen", diote barrez besteek. Andreu inoiz abesten ibili gabea zen, baina melodiak eta erritmika desberdinak egiteko abilezia berehala ikusi zioten gainerako taldekideek. Hala, kantuak egiten hasi ziren eta saninaziotan eman zuten lehen kontzertua. Gerora beste lau eman dituzte.

Kantuak denen artean egiten dituzte, lehenik musika eta gero hitzak, musikak esaten dienaren harira. Letrei dagokionez, letra oso zuzenak egonda ere, "barne kontu" asko lantzen dutela diote. Mezuak interpretazioetara irekiak uzten dituzte, entzule bakoitzak bere egin ditzan hitzok.

Grabazioa, esperientzia ona

Azpeitiko Lobo Estudioetan grabatu dute diskoa, Josu Zubizarretarekin eta asko ikasi dutela onartzen dute. "Saninaziotako kontzerturako dena ondo ikasita joan ginen eta grabatzen hasi ginenean konturatu ginen bi gauza oso desberdin zirela zuzenekoak eta grabazioa", dio Mozok. "Zuzenekoan sartu ezin daitezkeen detaile asko sar daitezke diskoan hau politagoa egiteko", dio Guerrak. Eta horixe egin zuten, produkzio lana, "Zubizarretaren laguntza handiz", soinu berriak lortu eta jolastu. Orain, estudioan ikasitakoa eta han lortutako soinuen bila doaz taldekideak. Poliki baina ondo, oholtzak irensteko indar biziz dago Kasik.

Diskoa

  • Kasik. Jaiotzen ari dira gure oroitzapenak.Autoekoizpena.
  • Abestiak. Gaua ez da iluna, Hutsa, Argia, Aurrera, Ametsetan bizi naiz, Hau ez da jolasa, Besterik ez dut, Basapiztiak eta Jaiotzen ari dira gure oroitzapenak.
  • Grabazioa. Lobo Estudioak. Josu Zubizarretarekin.
  • Masterizazioa. Doctor Master. Estaniz Elorzak egina.
  • Diseinua. Kasik, Ana Bastida.
  • Argazkiak. Oihan Amezua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide