5. edukiontziaren aldeko hitzarmena sinatu dute Aldundiak eta Mankomunitateak

Urola Kostako Hitza 2010ko abe. 18a, 18:12

Asier Aranbarri, Carlos Ormazabal eta Julian Eizmendi, atzo Lapatxen. (Olatz Prat)

Foru Aldundiak 50.000 euro emango dizkio Urola Erdiko Mankomunitateari 5. edukiontziaren hedapenean lan egiten jarrai dezan

Lapatx zabortegian sinatu dute hitzarmena Garapen Iraunkorreko foru diputatu Carlos Ormazabalek eta Mankomunitateko lehendakari Asier Aranbarrik

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urola Erdiko Mankomunitateak hitzarmena sinatu dute hondakin organikoak biltzen dituen 5. edukiontzia zabaltzen jarraitzeko eta horretarako 50.000 euroko diru-laguntza emango dio Diputazioak Mankomunitateari. Lapatxen sinatu zuten hitzarmena atzo goizean Garapen Iraunkorreko foru diputatu Carlos Ormazabalek eta Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakari eta Azkoitiko alkate Asier Aranbarrik; bertan zen, Lapatxeko lehendakari den heinean, Azpeitiko alkate Julian Eizmendi ere.

Sentsibilizazio kanpaina 2011n

2008ko ekainetik dago abian Azpeitian eta Azkoitian 5. edukiontziaren sistema. Gaur egun Azkoitian 993 familiek erabiltzen dute eta 652 familiek Azpeitian, beranduxeago hasi baitzen. Asier Aranbarrik azaldu zuenez, helburua da Azkoitian 1.200 familietara iristea eta Azpeitian 1.000 familietara; modu honetan, bi herrietan guztira dauden familien ia laurdenak erabiliko luke gai organikoak bereizteko zaborrontzia. "2011 hasieran etorriko den diru-laguntza honekin, ahalik eta jende gehien erakarri nahi dugu 5. edukiontzia erabiltzera", zioen atzo Aranbarrik. Orain arte biltzen ari diren material organikoa oso kalitate onekoa dela adierazi zuen Azkoitiko alkateak, %99ko purutasuna du ateratako konpostak.

Julian Eizmendik azaldu zuenez, Foru Aldundiak emandako diru honekin, sentsibilizazio kanpaina bat jarriko da martxan, kanpainako hilabete indartsuenak otsaila, ekaina eta urria izanik. "Zenbat eta edukiontzi marroi gehiago jartzen joan, orain arteko zaborrontzi orokorrak —berdeak edo grisak— kentzen joatea da helburua", Eizmendiren esanetan.

Carlos Ormazabalek adierazi zuenez, Gipuzkoako zortzi mankomunitateetatik sei dira jada 5. edukiontziaren sistema erabiltzen dutenak. Jakinarazi zuen, gainera, 5. edukiontzia erabiltzen duten herriek %25eko hobaria izango dutela datorren urtean zaborraren gestio kostuan. "Ahalik eta gehien birziklatzea guztion lana" dela esan zuen Ormazabalek eta birziklapen hori modu egokian egiteko "kontzientziazioa eta informazioa" beharrezko ikusi zituen, "jendeak jakin dezan zer bota edukiontzi honetara".

Orohar, 5. edukiontzia martxan jarri zenetik lortutako emaitzekon oso gustura agertu ziren denak, eta hondakin organikoen edukiontziaren erabilera bultzatzen jarraitzeko asmoa agertu zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide