700 urteko historia zazpi liburutan bilduko duen bilduma aurkeztu du Udalak

Urola Kostako Hitza 2010ko abe. 20a, 21:12

Liburuen egileak eta Udal ordezkariak, aurkezpenean (Olatz Prat)

Bilduma osatzeko badago ere, lehen bost liburuak aurkeztu zituzten egileek joan den ostiralean

Azpeitiaren historia arlo desberdinetan zatikatzen dute liburuek

Azpeitiak herri gutuna eskuratu zuela 700 urte bete diren urtean, joan den ostiral arratsaldean Azpeitiko historia biltzen duen liburu bilduma aurkeztu zen udaletxeko pleno aretoan. Zazpi liburuko bilduma izango bada ere, bost daude amaituta eta horiek aurkeztu zituzten ostiraleko ekitaldian jendez gainezka zegoen aretoan. Udaletxean jarriko dituzte lehenik liburuak salgai. Bilduma osoa 70 euro kostako da eta liburu bakoitza, solte erosteaz, 15 euro. Gabonetan, gainera, postua jarriko da udaletxe azpian.

Ikerketa sakona

Bertan izan ziren jada argitaratuta dauden liburuen zazpi egileak eta bakoitzak bere liburua egitean bizi izandakoak, topatutako bitxikeriak edo bizitako esperientziak kontatu zituzten.

Maite IbaƱezek eta Marta Zabalak elkarlanean egindako Lan industrialaren memoria Azpeitian aurkeztean adierazi zuten Azpeitiak esnaera industriala berandu izan zuela, "izan ere, badirudi herri kontserbadorea izan dela, XIX. mendera arte errenta eta lurretik bizi zena". Jose Antonio Azpiazuk egindako Azpeitiko industria eta merkatalgoa Aro Modernoan azaltzean,Azpeitian industria berantiarra baina garrantzitsua izan zela esan zuen, eta batez ere industria eta merkatariatza "aurrerakoiak eta kanpora begiratzen zutenak" zituela, azpeitarren negozioek Sevillan (Espainia) edota Indietan (Amerika) presentzia eduki izanaren dokumentuak baitaude.

Juan Madariagak idatzitakoa da hirugarren liburua, Azpeitia: gizarte, kultura eta pentsamoldeak. Madariaga Azpeitiarran kultura eta mentalitatearen panorama orokorra egiten saiatu da, "bizimoldeak, sinismenak, gizatasuna, ohiturak" eta beste hainbat ezaugarri kontutan hartuz, aztertuz eta elkar lotuz. Jose Maria Zuazok idatzitako Ilustrazio garaia eta lehenengo karlismoa Azpeitian liburuak 1766ko matxinadarekin hasi eta II. Karlistadara arteko Azpeitiko egoera azaltzen du eta egileak adierazi zuen, herri honen egoera berezia zela eta ez zuela irudikatzen lurraldeko orduko egoera.

Azkenik, Jesus Angel Gil eta Maria Jose Aranburuk elkarrekin idatzitako Azpeitiko ondare historiko artistikoa aurkeztu zuten. Mudejar estiloko eraikinen presentzia edo erretaula multzo aberatsa nabarmendu zituzten besteak beste eta gaurko belaunaldiei, ondarea mantentzeko eskatu zieten, "ondorengoei utzi beharra baitago".

Bilduma osatzeko bi liburu falta dira. Lola Valverdek idatziko du Familia arteko eta genero harremenak Azpeitian eta Mikel Xabier Aizpuruk idatziko du Antzinako Azpeitiatik, Azpeitia berrira.

Gazteleraz idatzi diren liburuak euskaraz argitaratu dira eta Joseba Ossak, Jon Aizpuruk eta Edurne Lazkanok euskaratu dituzte. Kasu horietan, gaztelerazko bertsio originala liburuarekin batera emango da CD batean. Liburukien azaleko irudiak, Jose Felix Igartua margolari oƱatiarrarenak dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide