Zipriztinka, hogeita bostera

Urola Kostako Hitza 2011ko urt. 13a, 19:01

1990eko hasierako helduen taldea.

1985ean hasi zuen ibilbidea Izarraitz Igeri Elkarteak Tomas Juaristiren eskutik; igerian ospatu dute partaideek 25. urteurrena

Gaur egun 120 haur eta gaztek osatzen dute taldea, eta denboraldi berrirako prest dira

Azpeitiko igerilekua inauguratu eta gutxira, bi hankako arrain txiki pila agertu zen kloroz betetako uretan. 1985 urtea zen, eta Tomas Juaristi azkoitiarrak Izarraitz Igeri Elkartea sortu zuen; bidelagun izan zituen Xabier Urbieta, Lurdes Arregi eta Kontxita Odriozola. 80 haur bildu, eta txapelketatan parte hartzeko entrenatzen hasi ziren, jo eta su, Juaristiren beraren agindupean. Lau lagun horiek joan den larunbatean omendu zituzten elkarteko egungo zuzendaritzakoek, senitartekoen eta igerian aritutakoen eta dabiltzanen aurrean. Haiez gain, Kandido Mitxelenak eta Antonio Ruizek ere jaso zuten oroigarria, eta Udalak ere jarri zuen bere apurra, elkarteari beste oroigarri bat emanez. Elkartearen 25. urteurren ospakizunen zati bat izan zen hori, lagun artean bazkaldu ondorenean egindakoa.

Izan ere, elkarte mailako txapelketa jokatu zuten aurrena, goizean. Igeri elkarteko egungo igerilariek nahiz garai batean aritutakoek hartu zuten parte; 50 lagun inguruk, guztira. Hamabi urtekoa zen gazteena, eta 38 urtekoa helduena. Hala ere, azken momentuan bataz besteko adina asko altxatu zuen igerilari bat animatu zen lehian parte hartzera; Juaristi bera, 65 urtekoa. "Momentu polita" izan zela gogoratzen du elkarteko kidea den Nerea Ilarramendik: "Ospakizun egunarekin oso gustura gaude. Bazkarian 88 lagun elkartu ginen eta igerilari ohiek oso ondo pasatu zutela esan ziguten, gainera". Txapelketako sailkapenik ere ez dute egin, "larunbatean garrantzitsuena parte hartzea zelako".

"Ondo" dago taldea

Elkarteak 120 haur eta gazte inguru biltzen ditu egun. 1985eko eta oraingo egoera ez da berbera, baina lehen nahiz orain, aurrera egiteko lanean aritu behar izaten dute fin-fin. Sei lagun inguruk osatzen dute, esaterako, elkarteko zuzendaritza. Partaideak txandakatuz joan arren kopuru hori "lehen eta orain mantendu" egiten dela adierazi du Juaristik, baina atzean guraso gehiagoren laguntza, partaide guztien kuotak eta Udalaren diru-laguntza daude. Ilarramendik elkartearen balorazio positiboa egin du. "Ondo ikusten dut taldea, baina diru-laguntza gutxi dugu, eta ezinean gabiltza zentzu horretan".

Hala ere, elkarteak nolabaiteko profesionalizazioa izan du azken urteetan. Entrenatzaile lanak, esaterako, ordaindu egiten dituzte orain. Hasi zirenean lagun bakarrak zuen ardura hori, musutruk eta preparazio profesionalik gabe. Gaur egun, berriz, bi entrenatzaile arduratzen dira haur eta gazteen teknikaz; txikienekin aritzen da gehien bat Maider Aizpurua, eta helduagokoekin jarduten du, berriz, Jorge Arzallusek. Lan egindako orduko kobratzen dute, baina prestakuntza ere halakoa dute: "Nik kirol magisteritza eginda dut, eta Maiderrek igeriketako entrenatzaile izateko inork izan dezakeen titulazio handiena du", adierazi du Jorge Arzallusek.

Iazko denboraldia positiboki baloratu du Izarraitz Igeri Elkarteko helduen entrenatzaileak: "Infantiletako Ainhoa Goenaga, esaterako, Espainiako Txapelketan izan da, eta orain Euskadiko selekzioak hartu du Espainiako Txapelketarako". Hala ere, helburu zehatzik ez dutela jartzen gaineratu du: "Umeak igeri egitera bultzatzea da garrantzitsuena nire ustez. Hortik aurrera, maila polita lortzen badute eta Euskadiko Txapelketarako sailkatzen badira, primeran. Baina elkartean ez dugu inor lehiatzera behartzen. Oso librea da hau zentzu horretan".

Elkartean azpeitiarrak dira nagusi, baina Zestoatik eta Azkoititik ere hurbildu zaizkie hiruzpalau haur. Txikienak 2004an jaiotakoak dituzte; aurten zazpi urte egingo dituztenak, alegia. Helduenak, berriz, 1992koak. Hamazazpitik gorakoa "adin kritikoa" dela uste du Arzallusek: "Unibertsitatean hasten direnean zaila izaten da ikasketak entrenamenduekin uztartzea, eta normaleanhor amaitzen da haien ibilbidea". Emakumezko senior bat badute, baina "seniorrak eta juniorrak eskuekin konta daitezke".

Igerilekuko lanekin kezkatuta

Aurtengo erronka nagusia, baina, ez da txapelketen ingurukoa izango. Izan ere, igerilekuko instalazioak berritu egingo dituzte, eta entrenatzeko beharrezko tokia edukitzea izango da lehentasuna. Eraberritze lanen aurrean "kezkatuta" agertu da Ilarramendi. Udalari kezken berri eman bai, baina "oraindik erantzunik ez" dute jaso.

Gaur egun sei kale ditu igerilekuak, eta Izarraizkoek normalean kale bakarra erabiltzen dute entrenatzeko.

Kanpoko igerilekua estali egingo dute, eta ondoren barrukoa konpontzen hasiko dira. Tarte horretan, guztira lau kalerekin geldituko da igerilekua: "Hilabete batzuz herri osoak lau kale izango ditu igeri egiteko, eta horrek eragin digu kezka, justu ibiliko garelako". Ilarramendiren ustez, eraberritze lanek "denboraldi bete-betean" harrapatuko dituzte igerilariak. "Ziur halakorik ez luketela onartuko futbola bezalako kirolen kasuan", adierazi du.

Alde txarrek beren alde ona ere izaten dute, ordea, eta lanak amaitzean bizpahiru kale izan ditzakete Izarraizkoek, zipriztinka beste hogeita bost egiteko.

Tomas Juaristi: "Nirea dena borondatea izan zen; saiatu egiten nintzen eta oso zorrotza nintzen"

Kirola barru-barruan du Tomas Juaristik (Azkoitia, 1945). Izarraitz Igeri Elkartea berak sortu zuen orain 25 urte, eta hasierako hamar urteetan entrenatzaile lanetan aritu zen elkarteko haur eta gaztetxoekin. Lehenago pilotan, futbolean eta beste hainbat kiroletan ere aritua da, eta lanbidea ere, mundu horretaraxe bideratu zuen, Iraurgi Kirolak kirol denda ireki baitzuen duela ia 30 urte. Eta bertan hartu zuen erretiroa ere, orain laupabost urte.

Ospakizuneko txapelketaren harira, besteek zu uretara jaurti aurretik salto egitea nahiago izan zenuen.

Bai, ezustekoa eman nien gainerakoei. Hasiera batean bi semeekin eta iloba batekin errelebozkako proban parte hartzea pentsatua nuen, baina ilobak atzera egin behar izan zuen, eta bertan behera utzi nuen asmoa. Gero esan zidaten txapelketa amaitutakoan uretan amaituko nuela, ohitura hori dugulako kirol honetan. Ez nuen aldatzekorik eraman, eta azkenean bainujantzi eta elastiko bat eskatu nituen, eta jada hala jantzita nengoenez, proban parte hartzea pentsatu nuen. Azken momentuko erabakia izan zen.

50 metro egin zenituen igeri; zer moduz moldatu zinen?

Ondo. Ez nintzen ia nekatu, baina abiadurarik ez nuen. Entrenatu egin behar izaten da, eta nik ez dut ezer egin; igerilekura joan ez naizela badira sei hilabete. Baina giro ona sortu zen; gainera, ederra izan zen, entrenatzaile bezala aritutako hamar urteetan inork ez nindueln inoiz igerian ikusi, eta askok eta askok duda egiten zuten igerian nekien ala ez. Baina nik txikitatik dakit igerian, Azkoitiko Altzibarko presan ibiltzen ginen mutil koxkorretan. Telebistan ikustea ere gustuko nuen, esaterako, baina kirol maiteenak aukeratzeaz, aurrena futbola esango nuke, gero pilota, eta gero gainerako guztiak.

Hala ere, igeri elkarteari eskaini diozu denbora gehien.

Bai, neuk sortu nuen elkartea eta segituan entrenatzaile lanetan hasi nintzen, eta hamar urtez aritu nintzen. Semeengatik sartu nintzen igeriketaren munduan. Kirola egiten hasteko adinean zeuden, zaharrenak hamar urte zituen, eta igerirako dohainak zituela ikusi nuen. Horregatik sortu nuen elkartea, eta seme gaztea ere hasi zen gero, zortzi urte egin zituenean.

80 haur baino gehiago entrenatu zenituen guztira, ezta?

Bai, 10-17 urte arteko haur eta gazteekin aritu nintzen. Urtero batzuk utzi egiten zuten eta beste batzuk hasi, baina gutxi gorabehera kopuru antzeratsua osatzen zen beti. Gero behin unibertsitatera hasten zirenean, zaila izaten zen haiek jarraitzea, ikasketekin bateratzeko zaila zitzaielako.

Elkartea sortu zenuenean, Azkoitian artean ez zegoen igerilekurik, ezta?

Ez zegoen, ez, eta Azpeitian ere kluba eratu baino pixka bat lehenago inauguratu zuten instalazioa. Hasiera haietan Xabier Urbieta, Lurdes Arregi eta Kontxita Odriozola ere aritu ziren nirekin batera. Guztiak ere seme-alaben inguruan hasi ziren lanean. Ordutik gaur egunera arte ere, zuzendaritzan dauden eta egon diren guztiak seme-alabak igerilariak dituztelako da.

Igeriketan ez zinen aditua, ez zenuen praktikatzen. Nolakoa izan zen entrenatzaile lana, hasieran batik bat?

Ordiziko igeriketa entrenatzaile bat ezagutzen nuen. Neure seme zaharrena ere han hasi zen igerian, Azpeitiko igerilekua ireki aurretik. Eta hari eskatu nion entrenamenduetako ariketa batzuk prestatzeko. Asko lagundu zidan hark eta halaxe hasi nintzen.

Nolako esperientzia izan zen? Zer oroitzapen duzu?

Ona, haurrek ere ondo erantzuten zutelako. Oso zorrotza izan nintzen entrenamenduetan, eta horregatik harritu egiten nintzen kalean kasu egiten zidatelako igeria utzitakoek; horrenbeste bronka bota nien batzuei eta hala ere kasu egitea... Baina egia da errietak entrenamenduetara mugatzen nituela, txapelketatan lan hobea edo txarragoa egin, beti animatzen nituen amaitzen zutenean. Horretaz gain, hasierako urteetan emaitza onak izan genituen; Espainiako Txapelketetan ere aritu ginen, esaterako. Oso ondo ibili ginen lehen sei-zazpi urteetan. Gero elkarteak beherakada izan zuen. Beti gertatzen da hasierako boom-etik atzerakada bat.

Eta, orain, nola ikusten duzu klubaren egoera?

Badirudi berpizten ari dela. Pixkanaka 4-6 igerilari maila onean jartzen ari dira, eta berriz gora ari direla iruditzen zait.

Jorge Arzallus eta Maider Aizpurua dira gaur egungo entrenatzaileak.

Nire aldean entrenatzaile onak dira, prestakuntza gehiago dute. Nirea dena borondatea izan zen; saiatu egiten nintzen eta oso zorrotza nintzen haurrekin.

Zein izan dan 25 urtean une politena? Baten bat ba al duzu gogoan?

Esaten lotsatu egiten naiz, baina nire semea esango nuke, BeƱat Juaristi. Gurekin zebilela, Euskadiko Goi Mailako Errendimendu Zentrotik deitu zioten, eta urtebetera Aritz eta Izaro Orbegozo anai-arrebak eta Josu Azurmendi ere joan ziren bertara. Salto handia izan zen hori. Gero Madrilera (Espainia) eraman zuten gure semea beste zentro batera, eta han zebilela Espainiako urrezko domina irabazi zuen 1.500 metrotan, eta zilarrezkoa 400 metrotakoan. Hamazazpi urte zituen, seniorren atarian zegoen. Seme txikia ere ondo ibiltzen zen, eta horiek ditut pozik handienak. Baina nire semeak ez ezik, besteenak ere onak izatea nahi nuen, eta horregatik egin nien horrenbeste errieta, eta onak ere izan ziren haietako asko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide