Eskurik esku, geroaren zain

Urola Kostako Hitza 2011ko ots. 1a, 18:02

Corrugados Azpeitiako langileen ordezkariak dira ELAko Quico Pratero eta LABeko Esteban Campos,Inazio Otaegi eta Pako Gabarain (ONINTZA LETE ARRIETA)

Corrugados Azpeitia enpresan 25 eta 8 urte daramatzate lanean Pako Gabarain eta Quico Pratero sindikalistek

Lantegiak jabez aldatuko du laster, eta aurrez izandako eskualdaketak izan dituzte hizpide biek

"Informazio zuzena falta zaigu. Ez dakigu ezer, egunkarietatik jasotako datuak bakarrik ditugu", diote Quico Praterok eta Pako Gabarainek. Corrugados Azpeitia enpresako ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak dira, hurrenez hurren. Laster jabez aldatuko da enpresa, eta kezkatuta daude langileak. Krisia eragina izaten ari da lantegian, eta askotan salatu duten informazio faltak horrek urduritasuna areagotu baino ez du egiten.

Brasilgo CSN Companhia Siderurgica Nacional enpresa egingo da Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoren kargu. Hasiera batean, eskualdaketa urtarrilaren 31n behin betikoa izango zela zabaldu zuten komunikabideek. Hala baieztatu zioten Hitza-ri enpresako bulegoetatik ere. Orain, berriz, data zehatzik ez dagoela adierazi dute enpresatik, eta sindikatuetako ordezkariek ere ez dute berririk. Lasaoko eta Azpeitiko enpresak talde bereko parte diren arren, nork bere bidea egiten du, eta independienteak dira guztiz. 70 langilek egiten dute lan Lasaokoan eta 434k, berriz, Azpeitikoan.

Gabarainek 25 urte daramatza azken lantegi horretan lanean, 12 LABeko ordezkari gisara; zortzi, berriz, Praterok, erdiak ELA ordezkatzen langileen aurrean. 25 urtean hirugarren aldiz aldatuko da jabez, Gabarainek ondo gogoratzen duenez; Marcial Ucin izatetik Aceralia-Arcelor taldera pasatu zen hasieran; handik Grupo Gallardora eta, orain, CNS enpresa brasildarrak hartuko du gidaritza.

Oraindik Corrugados Azpeitia izena duen enpresako langileen ordezkariek kezkez, eta azken urteetako esperientziez hitz egin dute. "Ez dakigu aldaketa ona ala txarra izango den; ona izango den esperantza dugu", dio Praterok. "Okerragoa izatea zaila da", jarraitu dio Gabarainek. Izan ere, segurtasun kontuetan Gallardorekin "atzeratu samar" ibili direla diote biek. Horretaz gain, "2008tik soldatak izoztuta" dituzte eta "beti inposaketa egon da, inoiz ez elkarrizketa langileen eta nagusien artean".

Burdingintza sektoreko enpresa da Corrugados Azpeitia. Hagaxkak, ziriak egin izan dituzte beti. Azken urteetan ziri bera bilkari forman egiten dute, eta burdin hariak edo alanbreak ere egiten dituzte; alambron deiturikoak, lodiagoak direlako. Eraikuntzarako materiala da.

Hiru garai, hiru estilo

Gabarain 1985ean hasi zen lantegi horretan lanean. Marcial Ucin zen enpresa, eta halaxe izaten jarraitu zuen 2001 urtera arte. Enpresa familiarra izan zen hura. Gero Aceraliak hartu zuen, handik bi urtera Arcelorrekin bat egin zuen Aceraliak, eta 2005 urtean talde horrek Grupo Alfonso Gallardori saldu zizkion bi lantegiak.

Garai bakoitza kontuan hartuta, ELAko eta LABeko ordezkariek Aceraliaren garaiari buruz hitz egiten dute ondoen. "Segurtasunari eta langileak tratatzeko moduari dagokionez, Aceralia- Arcelorrekoak oso gizalegetsuak izan dira; beste trataera bat izan zuten haiek gurekin", uste du Praterok.

Ucinetik Acelariara "asko aldatu zen tratua, pentsatzeko modua, kultura... Familia bateko enpresa izatetik talde handi batera pasatu ginen. Ucinekin familia zen agintzen zuena, egin eta desegin egiten zuena. Familia izateari utzi genion, zenbakiak izatera pasatzeko", gogoratzen du Gabarainek. Hala ere, aldaketa ez zela txarrerako izan dio, Praterok aipatutako arrazoiengatik. Aceralia multinazionala zen, 32.000 langile izango zituela kalkulatzen dute. Eta nagusiak belgikarrak ziren.

Prebentzioaren garrantzia

Langileekiko jarreraz eta tratuaz gain, lan istripuak prebenitzeko politikak ere bat egin zuen Aceralia-Arcelorren garaiarekin: "Ez zen enpresa horren kontua izan. Prebentzioaren gaia toki guztietara zabaltzeko ordua iritsia zen". Lan istripuei dagokienez "zoritxarrez bolada txarra" izan zuten Marcial Ucinen azken garaietan eta Aceralia-Arcelorren hasieran, langile bat eta bi baino gehiagohil baitziren: "Ez dakit zenbat hilko ziren guztira, baina urtero heriotza bat izaten genuen". Azken urteetan, Gallardorekin daudenetik, "agian urteren bat gehiago ere bai", ez da inor hil. Istripu larriak egon dira, hala ere, eta besoa edo hanka galdu dituztenen kasuak badaude. Azken zortzi urteetan bi hildako ezagutu ditu Praterok, "biak azpikontratatutako enpresetakoak".

Enpresaren eskualdaketei dagokionez, egoera zailena orain bizi dutena dela uste dute. Ucinek enpresa Aceraliari saldu zionean "langileak ez ginen enteratu. Saldu zen arte ez genuen ezer jakin; zentzu horretan azkarragoa izan zen dena guretzat". Langile guztiek jarraitu zuten, zerrendan ez zuten aldaketarik egin. Eta, "handik aurrera, langile kopurua handituz joan zen". Arcelorretik Gallardora igarotzerakoan, informazio gehiago izan zuten. Bazekiten enpresa batzuk lantegia erosi nahian zebiltzala, eta Arcelorrek saldu egin nahi zuela: "Enpresa hauek ez zirela estrategikoak esaten zuen". Aldaketahura «"langileentzat hasieratik okerragoa izan zen", dio Gabarainek: "Talde oso handi batetik gentozen, nahikoa eroso eta ondo sentitzen ginen haren baitan, eta talde txikiago batera aldatu ginen, eta iruditzen zitzaigun okerrago egongo ginela. Eta hala izan zen. Pixkanaka-pixkanaka atzeraka egin genuen".

Aceraliak enpresa erosi zuenetik langile kopurua antzeratsua izan da. "Baina enpresakoak bertakoak ez diren langile askoz gehiago izan ditugu azpikontratazio bidez, 300 inguru. Horiek gabe ari gara orain. Lan gutxiago dago, bai, baina lana badago, eta aurten lan bolumen handia egin nahi dute. Jenderik gabe ezin da halakorik egin". Eta kezkatuta begiratzen diote etorkizunari, enpresan 40 urte daramatzanetik hasi eta azkena sartu denera arte. "Aldaketa asko" egon dira azkenaldian, txanda bat kendu dute eta "gehiago murrizteko mehatxupean" daude. Aurten LET Lan Erregulazio Txostenean 100 egun sartuak dituzte. "Nahiz eta ez dakigun aplikatuko duten ala ez, eta nola egingo duten, baina erreminta hor dute». Lan hitzarmenik gabe daude, gainera, gaur egun. Izan ere, akordiorik ez dute lortu Grupo Alfonso Gallardorekin, eta epaitegietan da auzia.

382 milioi euroren truke

Grupo Alfonso Gallardok salerosketaren berri emateko prentsa oharra kaleratu zuen abenduaren erdialdean. Brasilgo CSN Companhia Siderurgica Nacional enpresa multinazionalarekin akordioa lortu, eta Corrugados Lasao eta Corrugados Azpeitia 382 milioi euroren truke saldu dituela jakinarazi zuen. Tratuari esker "egungo krisia gainditu eta etorkizunean zabaltzen jarraitzeko aukera" izango du Grupo Gallardok. Hala, akordioa 2011ko lehen hiruhilekoan ixteko asmoa agertu zuen.

CSN enpresari buruz, berriz, Gallardok oharrean jarria du burdingintza alorreko enpresa multinazionala dela brasildarra, eta beste zenbait alorretan ere baduela presentzia. Guztira 16.000 langile ditu mundu guztian zehar.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide