Leire Ibarguren: "Errealitate guztiak kontuan hartzen dituen umorea da nik ikusi nahi dudana"

Uztarria.eus 2011ko ots. 9a, 17:02

Leire Ibargurenek bihar hitzaldia emango du Billabonan, Umorez: generoa bertsolaritzan jardunaldien baitan

Nolako umorea egin nahi dugu emakumeok arte eszenikoetan tesinan oinarritutako hitzaldia eskainiko du

Umorez: generoa bertsolaritzan jardunaldiak antolatu ditu Bertsozale Elkarteko Genero Batzordeak. Joan den ostegunean hasi ziren eta bihar, otsailak 10, bukatuko dira Leire Ibarguren azpeitiarraren hitzaldiarekin. Ibargurenek berak egindako Nolako umorea egin nahi dugu emakumeok arte eszenikoetan tesinan oinarritutako hitzaldia eskainiko du Billabonako Mintzolan, 18:00etan hasita.

Hori dela-eta, Uztarria.com-ek Leire Ibargurenekin hitz egin du:

Zure tesinan oinarritutako hitzaldia eskainiko duzu. Baina, zertaz izango da? Eta, zergatik aukeratu zenuen gai hori?

Generoaren eta feminismoaren inguruko master bat egin nuen eta masterra bukatzeko tesina egin behar nuen. Bertsozalea naiz betidanik eta, Virginia Imazek Azpeitian eman zuen Generoa eta umorea hitzaldia interesgarria iruditu zitzaidan. Beraz, bertsolaritza eta arte eszenikoez zein umoreaz egin nuen tesina.

Umorea ikuspegi feministatik landu nuen. Txikitatik rol banaketa bat dago eta horrek umorea nola baldintzatzen duen aztertu nuen. Bertso umorea nolakoa den. Izan ere, umorea dibetsioarekin lotzen dugu, baina haratago doa, eragin handia izan dezake umoreak.

Lehenago hitzaldirik eman al duzu?

Ez, lehenengo aldia izango da. Tesina aurkeztu nuen gelan, baina hamabost minutuko aurkezpen bat izan zen. Lan hau egiteko lau bertsolari elkarrizketatu nituen eta, behin bukatuta, Bertsozale Elkartera bidali nuen. Gustatu egin zitzaien eta hitzaldia emateko proposamena egin zidaten.

Zein mezu emango duzu bihar?

Hitzaldiak hiru zati izango ditu, alde batetik umorea nola sortzen den eta jendartean jokatzen dituen paper desberdinak ikusi ditugu, ondoren sexu genero sistemak nola eragiten duen emakumeak umorearekin duten harremanean eta azkenin bertsolaritzan egiten den umorean guzti honek nola eragiten duen.

Umoreak paper asko jokatu ditzake. Gizartearen baloreen isla izan daiteke edo hausnarketa baten ondorioz egiten bada, jendeari zer pentsatua eman diezaioke. Arte eszenikoetan umorea egitean balore batzuk edo gizarte arau batzuk indartu ditzakezu edo zalantzan jarri. Nik uste dut umorea egiten duenak honen kontzientzia izan beharko lukeela.

Arte eszenikoetan emakumeek eta gizonek umore desberdina egiten al dute?

Ez du desberdina izan beharrik. Denentzat gai batzuez egiten da umorea, gizartean garrantzia duten gaiak lantzen dira arte eszenikoetan. Gizakion rol banaketaren arabera, publikoan ezagunak diren gaiak gizonezkoenak dira. Gertatzen dena da, emakumeen errealitatea asko ez dela ikusten eta horren gainean umorerik ez dela egiten edo zailagoa dela arte eszenikoetan hori lantzea.

Umorea gizartearen isla ez da eta hori da arazoa, emakumearen errealitatea ere ikusgarri egin behar da. Ikusezintasunean dauden errealitate horiek ikusarazi eta hortaz umorea emakume nahiz gizonek egin dezaketen zerbait dela uste dut.

Eta, zuk, zer nolako umorea ikusi nahiko zenuke arte eszenikoetan?

Nik ikusi nahi dudan umorea errealitate guztiak kontuan hartzen dituena da. Topikoak errepikatzen ez dituena eta gizartearekin konpromisoa duen umorea. Gizarteko balore eta arauak zalantzan jartzen dituena eta ikusi ezin diren gauzak sentsibilizatzen dituena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide