Hamar urte Diego Garcia gabe

Urola Kostako Hitza 2011ko ots. 17a, 17:02

Diego Garciaren ama Josefa Corrales eta haren arreba Karmen Garcia atleta azkoitiarraren oroigarri artean, etxeko garajean. Atzean Diego Garciaren argazkia ikus daiteke (ONINTZA LETE ARRIETA)

Atleta azkoitiarra eta bere "alaitasuna" ondo gogoan dituzte bere familiak, lagunek nahiz maratoietako lagunek

Martin Fiz, Txetxu Urbieta eta Andoni Egañarekin izan da Hitza, besteak beste

"Semearen ondare ederrena, handiena, atletismoan utzi didan familia da". Begiak bustirik esan du hori Josefa Corralesek, Diego Garcia zenaren amak. Martxoaren 31n hamar urte beteko dira atleta azkoitiarra bat-batean hil zenetik, eta bere izena daraman maratoi erdia prestatzen hasiak dira jada Xeye Atletismo Taldekoak. Martxoaren 26an izango da aurten Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia-Diego Garciaren oroimenezko proba.

"Diego Garciak berak esaten zuen nahiago zuela Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazi, Munduko Maratoi Txapelketa baino". Hala gogoratzen du lagunaz Txetxu Urbieta kazetari azpeitiarrak: "Nik nabarmenduko nuke bidegilea izan zela. Maratoia prestatzeko beste modu bat abiatu zuen, eta hari jarraitu zioten Martin Fizen mailako kirolariek".

Bi zertzelada horiek Diego Garciaren figura ezagutzeko argi izpi esanguratsuak izan daitezke. Bere heriotzaren hamargarren urteurrenean, Urola Kostako Hitza-k haren gertueneko jendearengana jo du Garciaren alde humanoa nahiz profesionala arakatzeko.

Garcia 2001eko martxoaren 31n hil zen, 39 urterekin, egun bere izena daraman lasterketa jokatu bezperan. Bat-batean hil zen, Loiolako ibilbidean Alejandro Gomez korrikalari eta lagunarekin lasterka ari zenean, bihotzekoak emanda. Lasterketa egunean omendu behar zuten berak korrikalari eta antolatzaile moduan asko lagundu zuen kirol proban, aurreko urtean hartua baitzuen erretiroa.

Umorea nagusi

Festazaletzat zuten bere gertukoenek. Hala nabarmendu dute Martin Fizek, Txetxu Urbietak eta Andoni Egañak, esaterako. "Hizketa bizikoa eta alaia zen, eta momentu zailetan, ekitaldien aurreko estres momentuetan, egoerari garrantzia kentzen ziona bera izaten zen". Horrela gogoratzen du Fizek. Makina bat sekretu partekatutakoak ere badirela aitortu du munduko atleta onena izan zenak, eta gogoan du nola ikusten zuten elkarrekin Frantziako Tourra: "Miguel Indurain eta Abraham Olano bezalako txirrindulariei begira egoten ginen, gustura".

Urbietak ere gertu-gertukoa zuen. Lagunak ziren eta elkarrekin ibiltzen ziren Azpeitian, parrandan nahiz atletismo probak ikusten: "Kazetari-atleta harremanaz gain, lagunak ginen". Pertsona bezala "oso alaia, beti umoretsu zegoen gizona" du gogoan: "Berarekin hartu-emana erraza izaten zen, beti umore oneko eta laguntzeko prest egoten zelako".

Gurasoak Extremadurakoak izanik, kalean ikasi zuen euskaraz Garciak, lagun artean. Euskara ere halakoa omen zuen: "Denei azkoitiarrez, hika eta mutilei bezala, toka egiten zien", diote Urbietak eta Egañak. "Naturala eta umila zen, autentikoa", azken horrentzat.

Bertsozale amorratua

1998an ezagutu zuen Egañak Diego Garcia. Lagunek afaria antolatu zioten Garciari, anima zedin, aurreko urtean emaitza kaskarren bat izan zuelako. Hala, hari ezer esan gabe Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak eraman zituzten afaltzera, ezustekoa emateko. Garciaren "idoloa" zen Egaña, Txetxu Urbietak gogoratzen duenez. Afari hartan ezagutu zuten elkar Egañak eta Garciak, eta hasiera ona izan zen, Egañak berak dioenez: "Konektatu egin genuen, eta goizaldera arte han aritu ginen elkarrekin bertsotan". Garciak beti egiten omen zuen bertsotan, baina "oso libreki" aritzen zen, Egañaren esanetan: "Inoiz ez zuen potorik egiten, inoiz ez zuelako errimatu ere egiten", dio, barrez.

Handik aurrera, gerora ere dezentetan egin izan zuten topo bertsolariak eta korrikalariak, nagusiki afarietan eta halakoetan: "Goi mailako kirolaria zen, baina gustuko zuen parranda batzuk egitea ere. Eta hantxe izaten ginen gu ere".

Eta apustuzalea

Apustuak egindakoa ere bazen Garcia. 2000. urteko Kilometroak Azpeitian izan ziren, eta horren harira korrika apustua egin zuten urte hartan bertan Azpeitiko zezen plazan Egañak eta berak. Dirurik ez zuten jokatu. "Festa jartzea" izan zen helburua, Egañaren arabera. Garciak 50 bira eman behar zizkion plazari, eta Egañak 35, denbora berean. Egaña nagusitu zen orduko hartan.

Garciaren amak eta arreba Karmen Garciak oroitzen dutenez, Xabier Euzkitzerekin bertsoa eta korrika uztartzen zituen apustua egin zuen behin, kamera aurrean, gainera. ETB1 telebista kateko Sorginen Laratza saioan egin zuten: "Euzkitzek esan zion bertso bat botatzen bazuen berak maratoi erdia korrituko zuela. Eta hala egin zuten".

Ezina, ekinez egina

Pertsona bezala ez ezik, kirolari moduan ere oso errespetatua eta maitatua izan zen Garcia. Urbietaren esanetan, oso-oso atleta ona izan da: "Markak ikusita, garbi dago Euskal Herrian maratoiak eman duen bigarren onena izan dela, Martin Fiz bezalako munstro baten atzetik".

Hala ere, maratoia prestatzeko moduan Garciak irekitako bidea nabarmentzen du Urbietak bereziki. Azkoitiarra maratoian hasi zen garaian "kirol nahikoa ezezaguna zen hura, eta nolabait esan daiteke, Espainia osora zabaldu zuten maratoi modernoaren aitzindaria Diego Garcia eta bere lan taldea izan zirela". Izan ere, "entrenatzeko modu berria ekarri zuten haiek, intentsitate gutxiagoko saio luzeagoak eginez". Ordura arte "ezinezkoa zen pentsatzea" astean 200 kilometroko entrenamenduak egitea. Haiek hasi ziren: "Garai hartan astakeriatzat jotzen zena, gaur egun normala da". Lan horretan Santi Perez entrenatzailea eta Antxon Gorrotxategi medikua aipatu beharrekoak direla uste du.

Ondoren, "Martin Fizek eta beste batzuek Diegoren bidetik jo zuten maratoian aurrera egiteko", azaldu du kazetariak. Hain zuzen ere, Atletismoko Euskadiko Txapelketetan ezagutu zuten elkar Diego Garciak eta Martin Fizek, eta euren ibilbide profesional osoan asko bidaiatu zuten elkarrekin, eta uda asko igaro zituzten batera. "Laguntasun eta lankidetza ezin hobeak" izan zituzten Fiz munduko txapeldunaren arabera: "Kimika handia egon da gure artean, oso ondo moldatzen ginen eta gero hori emaitzetan ere azaleratu egin da, euskal maratoiaren arrakastarekin". Eskola italiarra jarraitu zuen Garciak, Fizen arabera. Kilometro askoko entremenduak egiten zituen, "muskuluek horretarako aukera ematen ziotelako". Hasierako urteetan Teiden (Kanariak, Espainia) entrenatu zuen. 20 kilometro goizean, beste 20 arratsaldean, eta hurrengo egunean berdin. "Lur jota amaitzen nuen", dio Fizek. Garciak errutina bat jarraitzen zuela dio, "dena ondo zehaztuta, erritmoak ondo markatuta". Garciak lan erritmo hori jasan zezakeela, eta emaitzak horrela lortu zituela uste du: "Printzipioz, ez zen izugarrizko kalitatea zuen atleta, baina lan asko egiten zuen eta asko aguantatzen zuten muskuluen jabe zen". Bere ustez, horrekin lortu zuen 1994an Helsinkiko Europako Maratoi Txapelketan txapeldunordea izatea (Fiz izan zen garailea, eta Juzdado hirugarrena) eta 1992ko Olinpiar Jokoetan egotea, besteak beste.

Momentu zoriontsuena

Garciaren "une zoriontsuena Helsinkin lortutakoa" izan zen Fizentzat, uda osoa elkarrekin entrenatu zutelako hiru atletek eta haiengatik "inork pezetarik ez zuelako ematen". Garciak eman omen zien indarra kideei: "Diegok zuen poztasunarekin denok kutsatu gintuen, ondo egitera eta lehiatzera gindoazela sinestu genuen". Hala ere, lorpena ez zen oparia izan: "Lan asko eginda joan ginen. Horrela lortu genuen onenen artean sartzea". Etxerako bueltan, Sondikako aireportura iritsi zireneko unea ez du ahazten gasteiztarrak: "Aireportuko pistan argazkilari mordoa zegoen gure zain, eta Diego zoriontsu, pozik, zegoen. Ez zuen sinesten komunikabide haiek guztiak gure zain zeudenik".

Umorea ere ez zen falta izan txapelketa hartan, dominak jaso eta pasatu beharreko kontrol guztiak pasatu ondoren, entrenatzailearekin eta gertukoenekin elkartu zirenean: "Cava botila batekin eta plastikozko kopekin zeuden gure zain, eta horrekin ere broma egin zuen Diegok; Jo, cava beroa dago eta kopak plastikozkoak dira. Europako txapeldunorde gelditu eta hain gutxirekin etortzen zaizkigu!. Egoera guztiei ateratzen omen zien punta azkoitiarrak.

Maratoi erdiaren arima

Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiak asko zor dio Diego Garciari. "Proiektu osoaren zuzendaria" izan da Fizentzat.

Agustin Jimenezen, Xeye Atletismo Taldeko kide eta probako antolatzaileetako baten esanetan, printzipioz ez dute ezer berezirik egingo probari begira, "baina atleta batzuk beren kasara ari omen dira zerbait prestatzen". Hori bai, antolatzaileek Martin Fiz eta Abel Anton omenduko dituzte aurten, "biak atleta handiak izan direlako, Diegorekin batera". Urteroko ohitura da atletaren bati aipamen berezia egitea proba egunean. Hala ere, Garciaren hutsunea asko nabari da, Jimenezen esanetan: "Diego bizi zenean, atleta on asko ekartzen zuen lasterketara. Berak ere mesedeak egiten zituen beste toki batzuetan, eta gauza bera egiten zuten besteek. Orain nabarmentzen da falta hori".

Fizek gustuko du lasterketa: "Euskal Herriko egutegian dagoen hitzordu bat da, eta atleta euskaldunok gustuko dugun proba da". Aurten ere han izango da: "Kilometro batzuk egingo ditut, baina topera ez, gozatzera joango naiz". Urteurren borobila izan arren, edizio guztiak bereziak dira Fizentzat: "Guztiek gogorarazten digute Diego".

Diego Garciarekin ibilitako atleta asko izaten da Azkoitian egun horietan, Josefa Corralesek azaldu duenez: "Hemen izaten dira Alberto Juzdado, Alejandro Gomez, Martin Fiz eta beste hainbat, beren familiekin. Politena zera da, semearen lagunek lehen ziren bezalakoak izaten jarraitzen dutela orain. Hori da handiena. Asko maite dugu elkar". Corrales eta bere familiaren etxean gelditzen dira lotan gehienak, gainera, eta jatorduak ere elkarrekin egiten dituzte. Benetako anfitrioi bihurtzen dira egun horietan, eta batzuetan ardura eta gastu handiak suposatu arren, gustura egiten dute. Lasterketaren hurrengo egunean Diego Garciaren omenezko meza izaten da, eta hura entzun arte gelditzen dira asko. Urteroko zita izaten da hori, gehiagotan ere elkar ikusten duten arren.

2001eko martxoaren 31

"Gertatu behar zuena gertatu zen, eta gertatu zen Diegok milaka kilometro egin izan zituen tokian", esan du Fizek haren heriotza uneari buruz. Nola ahaztu orain dela hamar urteko martxoaren 31 hura?

Guztiek gogo-gogoan dute eguna eta Garcia hil zela jakin zuteneko unea bera. Ezer ez da izan berdina ordutik bere familiarentzat. Ezta Gomezentzat ere: "Nire besoetan hil zen, eta lehen gure laguntasuna handia bazen, gertaera horrek gure familien arteko harremana estutu egin zuen". Diego Garciak bakarrik ez hiltzeko "zortea" izan zuela uste du, eta berak ere horrela hil nahiko lukeela azaldu du. Alejandro Gomezen bikotea haurdun zegoen laguna hil zenean, eta Diego jarri zioten izena semeari.

Fizi ere dena aldatu zion lagun minaren heriotzak: "Diegoren heriotza izan zen nik maratoia uzteko azken bultzada. Bizitzan jaso dudan kolpe handiena izan da". Hil aurreko gauean deitu zion Garciak Fizi: "Txuleta jatera etortzeko eta etortzeko jardun zidan, eta maratoi erdiaren egunean joango nintzela agindu nion, orduan hitz egingo genuela. Hil zen egunean, Alejandro Gomezek deitu zidan. Edozer emango nukeen dei hura jaso ez izatearren".

Hurrengo eguneko maratoi erdian parte hartu zuen Fizek, lesionatuta egon arren: "Indarrak bildu nituen lasterketaren zati bat behintzat egiteko, Diegoren omenez". Ordutik, bi unetan izaten du oso gogoan Fizek Garcia; haren omenezko estatuaren ondotik pasatuz entrenatzen duenean, eta udan Mallorcara (Herrialde Katalanak) joaten denean, han igaro baitituzte uda asko elkarrekin: "Diegoren estatua ikustean bihotz hura berriz martxan jartzea nahiko nuke, berriz denok elkarrekin egoteko. Baina badakit hori ezinezkoa dela".

Hil zen egunaren "oroitzapen gogor samarra" du Egañak, berriz. Egun hartan bertan, arratsaldean Garciarekin egotekoa zen, maratoi erdian korrika atera behar zuelako. Sebastian Lizasoren bidez jakin zuen hil egin zela: "Nire kaskarrean hamabost egun lehenago maratoi bat egina nintzen Bartzelonan, eta Garciak deitu egin zidan han zer egin nuen jakiteko. Hark barre egiten zuen nire kontura, nik bertsotan bere kontura egiten nuen bezala. Azkenean, Bartzelonakoa konpartitu gabe joan zen".

Urteak joan, urteak etorri, Azkoitiko atletak irribarrea sortzen du ezagutu zutenen oroimenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide