Helduen danborrada non eta nola bukatu, hor dago koska

Uztarria.eus 2011ko ots. 17a, 19:02

Danborradako hainbat talde elkartuta, plazan, aurtengo San Sebastian bezperan.

Taldeak oro har gustura gelditu dira aurtengo esperientziarekin, baina bukaera ez zitzaion inori gustatu

2012koari begira ez dute oraindik ezer zehaztu; irailetik aurrera hasiko da lanean berriro danborradako batzordea

2011koaren balantzea egin eta 2012korako zer eta nola egin pentsatzen hasteko bilera egin zuten joan den otsailaren 2an helduen danborradako batzordeko kideek. Taldeetako ordezkariak eta Udalekoak elkartzen dira batzorde horretan.

Berrikuntza aipagarriak izan zituen joan den urtarrilaren 19ko danborradak: lau talde berriren parte-hartzea (Loiolabide Zahar, Loiolatxo, Oilagorra eta Zulozabal), ordubete beranduago hastea (22:15ean izan beharrean, 23:15ean), eta ibilbidea aldatzea, plazan bandera igotzearekin bukatu beharrean, hortik hasiz. Otsailaren 2ko bileran hitz egindakoaren arabera, taldeak oro har gustura gelditu dira aurtengo esperientziarekin, baina bukaera ez zitzaion inori gustatu.

Iritzi horrekin bat egin dute guztiek, Basazabal elkarteko Juanjo Lapeirak eta Festetako batzordeburu Jabier Altunak adierazitakoaren arabera. "Gauzak ondo joan ziren orokorrean, baina bukaera txepel samarra" izan zela esan du Altunak. "Erdikalean bakoitza berera" joan zela eta bukaera ez zela gustatu uste du Lapeirak ere. "Hurrengo urterako nola egin pentsatzekotan" gelditu dira, Basazabaleko ordezkariak dioenez, eta irailetik aurrera lanean hastekotan.

Datorren urteko sansebastianetako erabakiak berari ez zaizkiola tokatuko gogoratu ondoren -"ni ez naiz egongo Udalean", esan du-, Altunaren iritziz "berriro amaiera gauerdian plazan egitera bueltatu" beharko litzateke. "Hori izan zen lehen ere Udalaren proposamena: irteera aurreratzea eta ibilbidea lehen bezala mantentzea". Danborrada 22:15ak baino goizago hasteak ez du, ordea, taldeen artean harrera onik. Eta betiko ordutegian abiatuta lanak baino zerbait gehiago izango lituzkete taldeek gauerdia baino lehen plazan elkartu ahal izateko; azken aldian horrela egin zutenean baino, 2010ean baino, bost talde gehiago aterako dira seguruenez 2012an, Oñazkoek tokia izango dutelako. Lapeirak ere "lehengora itzultzea zaila" ikusten du, eta gehiengoaren iritzia ere hortik dihoala uste du.

Helduen danborrada non eta nola bukatu. Hor dago, beraz, koska. Danborradako batzordekideek badituzte hilabeteak iritzi eta proposamenak mamitu eta udazkenetik aurrera mahai gainean jartzeko.

Hurrengo deialdia, 2014an

San Sebastian bezperako danbor festari forma nola eman aztertu beharko, danborradak hazten segitzeko itxura guztia baitauka.

Aurten azken unean atera ez eta datorren urterako taldea osatu beharko duten Oñazkoez gain, beste talderen batek ere adierazi du parte hartzeko asmoa. Hala ere, eta Jabier Altunak gogoratu duenez, helduen danborrada zuzentzen duen araudia betez gero zain egon beharko lukete, 2014a arte ez baita berriro irekiko talde berrien eskaerak ofizialki egiteko epea. "Berez, 2014an izena ematen dutenek izango lukete 2015eko danborradan parte hartzeko aukera", baieztatu du Festetako batzordeburuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide