Joxe Etxeberria: "Erlez estalita gelditu, eta ordu laurdenez ez nuen hitz egin"

Urola Kostako Hitza 2011ko api. 7a, 20:04

Joxe Etxeberria. (OLATZ PRAT)

Joan den igandean Zegamako Erlezain Egunean omendu zuten Azpeitian bizi den abaltzisketarra

Hamar urterekin hasi zen Abaltzisketako baserrian, bere aitak erakutsita, erleekin lanean; ordutik bizitzako pasioa du erlezaintza

Joxe Etxeberriak (Abaltzisketa, 1928) bizi osoa darama erle artean. Azafran baserrian aita zenarekin sortu zitzaion zaletasuna, eta Azpeitira bizitzera etorri zenean eutsi egin zion. Ofizio inoiz izan ez duen arren, denbora asko eskaini dio Azpeitiko bizilagunak erlezaintzari. Bizi osoko dedikazioa aitortzeko, joan den igandean Zegamako Erlezain Egunean omendu zuten.

Gustura hartu al zenuen Zegaman egin zizuten omenaldia?

Oso gustura hartu nuen, bai. Aspalditik ari ziren deika, joan nedin. Semeak eraman ninduen, eta egun polita pasatu genuen. Otordua ere ederra egin genuen.

Noiz hasi zinen erleekin lanean?

Mutil koskorra nintzela hasi nintzen erleekin. Aita zena horretan airtzen zen, eta harekin hasi nintzen, 10 urte nituela, Abaltzisketan. Harrezkero beti jardun izan dut, han lehenik eta duela 42 urtetik hemen, Azpeitian. Aita asko ibiltzen zen erleekin, asko gustatzen zitzaion. Pentsa, garai hartan kanpotik ekarri zituen erle-ontzi batzuk, mila duro ordainduta, duela 70 urte pasa. Hona bizitzera etorri nintzenean hemen jarri nituen kaxak, eta Errioxan ere baditut batzuk.

Erlezaintza ez duzu, ordea, lanbide izan, ezta?

Ez, ez. Nik beti Diputazioan egin izan dut lan. Hau denborapasa bezala daukat. Gustatu egiten zait, baina honetatik bizitzerik ez dago.

Erleekin jarduteak izango du bere arriskua, ezta? Izan al duzu momentu txarrik?

Bai, noski, izan ditut. Gogoan dut bat. Igandea zen eta haize handia egiten zuen. Abaltzisketako baratza batean geneuzkan erleak, eta haizeak bota zuen erle-ontzia goitik behera. Amari esan nion hura jasotzen laguntzeko. Hasi ginen gora, baina euriagatik irrist egin eta kaxa erori egin zen berriro. Hura ondo jarri eta amari berriz esan nion laguntzeko, baina hark ezetz. Orduan, neu aldapan gora hasi eta braust! berriz erori nintzen. Erlez estalita, beltz-beltz gelditu nintzen. Ganaduarentzat erabiltzen genuen arraskara luze sartu nintzen, baina alferrik. Ordu laurden egon nintzen hitzik gabe. Arnasik hartzen ez nuela egon nintzen. Beste behin, Malkortxo inguruan nituenean, erlekume batek eskuturreko zainean heldu zidan, eta han ere zorabiatu egin nintzen. Erreumarentzat ona omen da, baina ez dakit ona izango den. Haiek egiten dutena ez da hain ona izaten gero!

Seme-alabek eusten al diote aitaren zaletasunari?

Semeari gustatzen zaio, baina alergia du hark. Gaizki pasatu zuen behin. Goizean goiz basora joan ginen. Han nituen kaxak, Errioxara eraman nahi nituenak. Hego haizea zegoen, eta erleek lanean jardun zuten gauean. Pila bat erle zegoen inguruan, eta hura ez zegoen hala eramaterik. Beste kaxa batean barruan zeudela esan zidan semeak, eta hura ixteko esan nion. Baina, ixten hasi zenean, dena belztu zen, erlez estalita. Kotxera, kotxera! oihukatzen zidan. Han behean geneukan, eta salto batean sartu zen kotxean. Baina leihoa irekita utzi genuen, eta erleak barrura sartuta zeuden. Ni kea botatzen ari nintzen, eta hari oihuka, baina ez zidan erantzuten. Bertara joan eta seko zorabiatuta zegoela ikusi nuen. Anbulatoriora ekarri behar izan nuen presaka, eta handik Zumarragara. Arratsaldeko bostak aldera arte ez zen bere onera etorri.

Arriskuak arrisku, ordea, onak dira erleak.

Bai, noski. Egiten dutenagatik, batez ere. Eztia oso ona da. Errioxakoa hobea ateratzen zaigu. Katarroentzako-eta egokiagoa da. Han ezkaia eta erromeroa ditugu, eta haiekin egiten dute.

Zenbat erle egon daitezke kaxa bakoitzean?

Erleak onak badira, 20.000tik gora egon daitezke. Lau kilo inguru pisatzen dute horiek denek. Denen artean egiten dute lan, batez ere eguzkia dagoenean. Euriarekin ez dira ateratzen.

Nola lortzen da hainbeste erle biltzea?

Haiek ugaritzen joaten dira. Kaxak jarritakoan etorri egiten dira, pixkanaka. Emeak arrautzak jartzen ditu, eta egunero ateratzen da erlekumea. Lanean gogor diharduten erleek gutxi irauten dute, hil egiten baitira. Baina etengabe jaiotzen dira berriak. Orain, ordea, askoz gutxiago daude. Lehen 20 kaxatik gora edukitzen nituen. Materialari dagokionez, Zaldibian saltzen da gaur egun guztia: kaxak, argizarizko panalak, makinak, arropa...

Zenbat ezti ateratzen duzue urtean?

Ba orain gutxiago. Lehen 200 kilotik gora ateratzen genuen, eta aurten 70 atera dugu. Azpeitian ere eztirik atera ez dudala denbora asko da. Errioxan jan asko daukate; hemen, berriz, ez daukate janik. Errioxan neguan, abendutik, lore asko egoten da eta jada lanean hasten dira. Hemen martxoan hasten dira; orain, garai honetan. Bitartean, hantxe egoten dira gordeta, duten janarekin eta denak pilan, eztia dagoen lekuan. Eguzkia bada ateratzen dira, baina bestela ez. Azkarrak dira erleak. Batzuek esaten didate, Hango zuhaitzean eztia dago, baina neuk ez dut ikusten nondik ekartzen duten. Hauek, ijitoek bezala, dagoen lekutik hartzen dute. Egindakoa ikusten dut, nondik hartzen duten ez, ordea.

Ameriketatik datorren liztorraren beldur zarete, ezta?

Bai, duela hilabete-edo sartzen hasi zen, eta oso liztor handia da, erleak baino handiagoa. Eta hura sartzen bada hemengoa akabo, denak jango ditu. Batere erlerik gabe gelditzeko arriskua dugu. Gaitzen eta liztor hau bezalako erasoen aurrean, erleak bizirauteko laguntza asko behar du. Urtean bitan, adibidez, pozoina jartzen da kaxan, gaitzetatik garbitu dadin.

Nola ikusten duzu erlezaintzaren etorkizuna?

Ba gaizki. Alde batetik, erle gutxi dagoelako eta, bestetik, erlezain gazte gutxi dagoelako. Nere moduko edadetuak dira ia denak. Gustatu egin behar zaizu, eta hortik ezer ateratzeko asmorik gabe, lan egin. Eztia da ateratzen dena, ezti naturala. Neuri egitea gustatzen zaidan arren, jatea ez zait gustatzen. Baina jendea zain izaten dugu eztia erosteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide