Bakardadearen Kapera ezagun egitea hitzardun dute Iraurgi Lantzenek eta Aldundiak

Uztarria.eus 2011ko api. 13a, 12:04

Azpeitiko erretore Kepa Susperregi, kultura eta euskara foru diputatu Maria Jesus Aranburu, Iraurgi Lantzeneko presidente Julian Eizmendi, eta EHU-UPVko Artean Historian katedradun Pedro Etxebarria, atzo. (Irene Elorza)

Errenazimentu garaiko kaperari buruzko ikus-entzunezkoa osatu dute

Bisita gidatuak egingo dituzte

Kultura eta euskara foru diputatu Maria Jesus Aranburuk eta Iraurgi Lantzeneko presidente Julian Eizmendik Bakardadearen Kapera ezagutzera emateko hitzarmena sinatu zuten atzo. Kaperaren balio historiko-artistikoaren eta ondare interesaren jakitun, bi erakundeek beharrezotzat jo dute gizarteari haren berri ematea.

Helburu horrekin, Errenazimentu garaiko multzo arkitektonikoari buruz ikus-entzunezkoa osatu dute, eta aurrerantzean salgai izango da Loiolako Turismo Bulegoan, Iraurgi Lantzenen egoitzan eta Azkoitiko eta Azpeitiko udaletxeetan, sei eurotan. Bestalde, Aste Santuan eta udan kaperan bisita gidatuak egingo dituztela aurreratu dute. Gutxienez bi ordu iraungo dute bisitok, urteko programazio turistikoaren barruko egun eta orduetan.

"XVI. mendean eraiki zen kapera, eta XXI. mendean kate horri jarraituz denok geureganatu behar dugu", adierazi zuen Maria Jesus Aranburuk Soreasuko San Sebastian parrokian dagoen Badardadeko Kaperan egindako ekitaldian. "Ondarea mantendu egin behar dugu, ezagutzera emanez eta zabalduz, borondate horrekin sinatu dugu hitzarmena", gaineratu zuen foru diputatuak.

Inbertsioa gizarteratu

Azpeitiko Udalak 2022. urtean diru-laguntza eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari Badardadearen Kapera egokitzeko lanak egin ahal izateko, horrela, kapera egunero erabili ahal zedin. Kapera egoera txarrean zegoenez, kupula, apaindurak eta erretaulak hartuko zituen jarduketa orokorra egitea proposatu zen.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak finantziatu zituen lanak, aparteko kasu moduan, kaperaren berezitasuna zela-eta, "elementu paregabea" zelako. Ez Gipuzkoan ezta Euskal Herri guztian ez dago Errenazimentu garaiko elementurik, arkitekturak, pinturak eta eskulturak bat eginda hain kalitate handiko emaitza duenik. Artelan enpresak egin zituen zaharberritze lanak eta guztira, 560.000 euro inbertitu du Foru Aldundiak Azpeitiko kaperan.

"2007-2011 legealdian Foru Aldundiak 16 milioi euroko inbertsioa egin du ondarea berreskuratzeko. Ondo egindako inbertsio hori gizartera iristea izan da gure betiko nahia", esan zuen Aranburuk. Gizarteratzea dute helburu hasieran egindako dokumentazio lanak, eta azken lau urteetan egindako birgaitze eta zaharberritze lanei buruzko DVD berria eta egitekoak diren bisita gidatuak.

Puzzle gisako altxorra

.2002 eta 2006 urte bitartean egindako birgaitze eta zaharberritze lanei esker, kaperak jatorrian zuen itxura berreskuratu du, baita horma-pinturaz osatutako dekorazioaren zati handi bat ere. EHUko Artearen Historian katedradun Pedro Etxebarriak zera azaldu zen atzo: "Bakardadearen Kapera altxorra da, Errenazimendu purua delako". Puzzle gisa definitu zuen kapera adituak: "Ondo deskubritzeko denbora asko beharko dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide