ELAk ehun urte beteko ditu ekainaren 11n. Ezin liteke ulertu ibilbide luze eta oparo hau milaka eta milaka lagunen lanagatik izan ez balitz. Asko agerian, erantzukizun karguetan. Beste asko, gehien-gehienak, itzalean, ELAren proiektuari uneoro behar zuen bultzada emanaz.
Sindikatu honen historia egiten lagundu duen horietakoa da Valentin Bengoa Etxeberria (Aretxabaleta, 1923). Gaur egun borondate oneko ikusletzat du bere burua. Bizitza aurrera doanean eta norberari protagonista izatea egokitzen ez zaionean, egin behar duen gauzarik garrantzitsuena oztopo bat ez bihurtzea da. Horregatik beti diot ikusle onberaren larruan nagoela; ez dut gogoko gauzak kanpotik ikusi eta soilik kritikatu egiten duten horiek.
Ikusle posizio horretatik, ELAren iraganaz, orainaldiaz eta etorkizunaz mintzo da, ohikoa duen apaltasunetik. Oso gaztetan, mutil koxkorra zela izan zuen Bengoak lehen hartu-emana ELArekin, aitaren bidez. Ez berak nahi zuelako, baina bai aitaren bitartez izan nuen lehen kontaktua ELArekin. Garai hartan, orain bezala, ez nekien zein kargu zeukan. Nekien bakarra zen hilero-hilero herriko afiliatuen erreziboak egiten nituela, bere aginduz. Aitak, gainera, beste enkargu bat izaten zuen niretzako. Etxe aurrean zegoen fabrikan, berak lan egiten zuen tokian, STVk Solidaridad de Trabajadores Vascos paretan jartzen zituen ohar guztien berri emateko. Bertan agertzen ziren bilerak, albisteak eta abar.
ELArekin izan zuen hurrengo kontaktua handik eta urte batzuetara izan zen, 50. hamarkada aurrera zihoala. Beste maila bateko esperientzia izan zen. Garai hartan argi genuen abertzaleak ginela. Hori ez zen planteatu ere egiten, jaiotzak berarekin dakarren zerbait bezala hartzen zen. Baina langile klasearen barruan lan egitea erabaki pertsonala izan zen. Azpeitira heldu nintzenean, Jesuita, gazteek sarri galdera bat egiten zuten. Guk, gazteok, zer egin behar dugu?
. ELAren ingurura hurbiltzen hasi ginen gazte horiek argi genuen langile munduan egon behar ginela.
Eskola sozialak deitzen zirenak oso modan zeuden, eta era horretako eskola soziala antolatu genuen Azpeitian. Porrot puntu bat ere zuen guretzat, asko izaten zirelako hasten zirenak, baina gutxik ikastaroa bukatzen zutenak. Dena den, bertatik ELAn benetan sartu nahi zuen talde bat atera zen. Orduan, hurrengo urratsari ekin genion: gure gustukoak eta gogokoak izango ziren langile-munduaren inguruko planteamentuak aztertzea. Bilaketa horretan, Donostian zegoen ELAren taldearekin topo egin genuen, eta asteburuetan Azpeitira etortzen hasi ziren, ikastaroak ematera. Hura izan zen nire bigarren kontaktua ELArekin, kontaktu erabakigarria.
Aldaketa handiko garaia
Aldaketa handiko garaia zela nabarmentzen du Valentin Bengoak. Frankismo bete-betean geunden arren, gerraosteko urteekin alderatuta leunduta zegoen. Guztiz isolatuta egotetik, arlo ekonomikoan ere itxita egotetik, 60. hamarkadan irekiera bat eman zen, urte luzetako autarkia egoera horretatik atereaz. Mugimendu berriak sortzen hasi ziren, ez bakarrik sindikalak, politikoak edo klandestinoak ere: euskal kulturan, ikastolak... Hau, batez ere, gerra ezagutu ez zuten gazte belaunaldi berrien esku etorri zen. Gerraren ondorioak oso gogorrak izan ziren Euskal Herrian, eta hurrengo hamarkadak izugarri baldintzatu zituen. Jende hura, gerra egin zutenak, apalduta zeuden, isilduta. Hamarkada oso tristeak izan ziren, eta horregatik oso garrantzitsua izan zen gerra ezagutu ez zuten gazte berrien etorrera, lehengo kontuak ezagutu gabeak zirelako eta argi zutelako zer edo zer egin behar zela.
Nire ustez oso garrantzitsua izan zen garai hartan egin genuen hausnarketa bat. Asmatu genuen, erratu gintezkeen bezalaxe. Egoera aztertzeko orduan, Azpeitiko gure taldean, honako galdera hauek egiten genituen. Franco bota liteke ala ez?
. Guk pentsatzen genuen ezetz, ez zegoela nahikoa indar botatzeko. Francok iraungo du ala ez?
. Eta guk pentsatzen genuen baietz. Garai hartan pentsatzen genuen Franco ohean hilko zela, estatu-buru bezala. Beraz, ondorioa argia zen: Francok eta bere erregimenak beste hamabost-hogei inguru iraungo zuen.
Epe luzerako egitasmoa
Egoera horren aurrean, epe luzerako proiektu bat planteatzearen beharra izan zutela nabarmentzen du Bengoak. Oso garrantzitsua zen jendea ez erretzea, arriskutsuak ziren ekintzetan ez itotzea. Gure ingurukoa jendea gaztea zen, eta ondo prestatu beharra zegoen, ELAren sigla historiko horiei jarraipena eman ahal izateko. Konturatu ginen ELA historiko horrekiko ideologikoki puskatu beharra zegoela, baina siglei eta proiektuari jarraipena emanaz. ELA berri bat nahi genuen, baina sigla berririk ez.
Helburu hori lortu asmoz taldeak prestatzeari ekin genion. Hurrengo erronka agerikoa zen: langile-mugimenduaren sustraietara joko zuen egitasmo bat gauzatu beharra zegoen, ideien mundua ardatz hartuta eta ikuspegi ideologiko batetik. Eta, horrek marxismoak eman zigun. Sozialismoaren azterketa egiteari ekin genion, eta marxismoa azterketa egiteko metodo bat izan zen guretzako. Guretzat marxismoa langile-mundua aztertzeko metodo bat zen, ez dogma bat, filosofia aldeko dogma; materialismo dialektikoa eta horrelako dogmekin kritikoak ginen. Eta leninismoa ere ez genuen ikusten. Hegoaldean, ez zegoen marxismoa ikasteko biderik, eta Frantziatik bidaltzen zizkiguten liburuak. Gehienbat frantsesez zeuden, eta lan handia egin genuen horiek itzultzen.
Franco hil eta gero, garai berri bati ekin zitzaion. Oso sinpleak ginen, ez ginen batere konplikatuak, nik uste inuzenteak bezala bizi ginelako. Idazten genituenak sinisten genituen. 1976. urtean egin zen III. Kongresuko ponentzietan dago idatzita pentsatzen eta nahi genuena. Testuinguru berri hartan, klabea izan zen azterketa bat honakoa izan zen: Ze estrategia moldatu behar dugu hemendik aurrera?
. Batzuek iraultza-aurreko fase batean aurkitzen ginela uste zuten, baina guk ez genituen horretarako baldintza objektiboak ikusten. Ikusten genuen ez zegoela indar-korrelazio nahikoa horretarako. Banka, kapitala, industria, oligarkia, eliza... horiek guztiak Francorekin zeuden, eta uste genuen ez zigutela lagunduko. Pesimistak ginen, argi genuen horiek ez zutela utziko iraultza bat gauzatzen. Ez genuen itxaropen handirik ondoren etorriko zen sisteman, gertatu zen bezala pentsatzen genuen ez zela benetako demokrazia bat helduko, tutoretzako-demokrazia bat baizik. Batzuentzako hori esatea kontserbadorea izatea zen, baina asmatu genuela uste dut.
Behin legalizazioa lortuta, hurrengo helburua Konfederazio bat egitea izan zela dio Bengoak. Frankismotik atera ginenean, etxera begirako lehen gauza organizazioa egitea izan zen. Azken finean, estruktura bat: federazioak, eskualdeak... Erabaki ugari hartu behar izan ziren, baina beti printzipio bat jarraituz: langile-munduarekin bat egitea. Prozesu horretan gaur-gaurkoz ere funtsezkoak diren oinarrizko bi ardatz hartu ziren: afiliazioa eta finantziazioa.
Bidelagun ugari
ELAn egindako ibilbidean pertsona asko izan ditu bidelagun Bengoak. Guztiei bere esker ona eman nahi die. ELAren barruan inportanteenak pertsonak izan dira. Pertsonak eta organizazioa. Orain ELAren barruan erretiroa hartzen ari diren horiek ditut gogoan. Horiek ez zekiten hurrengo hilabetean lanik izango zuten. Dena utzi zuten ELAren proiektuari ekiteko. Lagun horiek amets batekin hasi ziren, gero amets hori proiektu bihurtu zuten, eta, azkenik proiektu hori errealitate. ELAn ondoan izan ditudan guztiez gogoratzen naiz, banan-banan. Horiek izan dira ELA Europa mailako sindikalgintzan erreferente bat izatea lortu dutenak.
Ehun urte izan arren, proiektu gaztea da ELArena, etorkizun oparoa duena. Belaunaldi berriak izango dira proiektu hau aurrera atera beharko dutenak. Ni horiei zuzentzea ez dakit egokia den, ez naizelako oraingo belaunaldikoa, lehengokoa baizik, baina tira. Lehendabizi eskerrak eman beharrean nago belaunaldi berriari, ni hemen onartzeagatik. Egungoa bezalako egoera batean hainbat gauza egin behar dira, eta lehenengoa da konturatzea aldaketa izugarria dela, esaten dutena baino askoz handiagoa: kultura, internazionalismoa, ekologia, ekonomia, kapitalismoaren aldetik....
Egungoa beste kapitalismo bat da, gaiztoagoa, krudelagoa, bihotz-gabekoa. Kapitalismoaren barruan beste batzuek agintzen dute orain: finantza-kapitalismoaz ari naiz. Kapitalismoaren azken muga bat lortu dute: dirua egitea, izugarrizko irabaziak lortzea langilerik eta produkziorik gabe. Orain artekoa kapitalismo-produktiboa izan da batez ere. Egun finantza-kapitalismoan gaude. Azken honek paperak produzitzen ditu: hipotekak, finantza-proiektuak... Ez ditu, gauza bat esate aldera, kotxeak produzitzen. Dirua egiteko ez dute langileen beharrik. Teknologia berriek aukera ematen diote kapitalismoari goizetik gauera mundu zabaleko burtsa eta merkatu guztietan etengabe jokatu ahal izateko.
Bizi izango ditugun aldaketak izugarriak izango direla uste du Bengoak. Ez dakit nolakoak izango diren, baina bai oso handiak izango direla. Hau sektore guztietan izango da, kapitalaren mundutik hasi, produkzioarenetik jarraitu eta gizarte osoa hartu arte. Dena doa aldatzera. Lehen, Euskal Herriko enpresa gehienak, handienak barne, hemengoak sentitzen ziren, hemen sustraituta ikusten zuten euren burua. Herri honekiko lotura eta erantzukizun bat zutela sentitzen zuten. Enpresa ertainetan eta txikietan, lotura are eta handiagoa zen. Enpresako-arduraduna herrian bizi zen. Zenbait kasutan, beheko pisuan enpresako langile bat izan zezaketen bizilagun. Are eta gehiago, tabernan elkar ikusten zuten. Orain, zenbait enpresetan, handietan nabariago, langileek ez dakite zein den ere enpresaren jabea. Indiako enpresaren bat izan liteke, baliteke hurrengo astean gero enpresa hori brasildar bati saldu izana....
Horrek ondorio larri bat dakar, nagusien errespontsabilitate eza. Horientzat Euskal Herriko enpresa bat hilean behin heltzen zaion paper bat da. Noizean behin, papera hartu, irakurri eta esaten du: 'Ez dakit zenbat langile, honako produkzioa, halako irabaziak, emaitza hauek... Tira, honek ez dizkit ematen nahi nituen emaitzak... eta kito'.
Etorkizuna
Etorkizunari begira langile-munduarekin bat eginda egotea beste biderik ez dagoela uste du Bengoak. Hori da gure mundua, eta hortik ateratzen den sindikalista alferrik da, galdu du. Etorkizunari begira uste dut oso garrantzitsua dela egoeraren azterketa serio eta errealistak egitea, betiere langile-munduaren ikuspuntutik. Eta, azkenik jendea eta organizazio bat eduki azterketa horiek eskatzen duten hori bultzatzeko. Langile eta herrikoiak izaten jarraitu behar dugu.
Eta, mende bateko lan horretan, non ikusten du bere burua Bengoak? Nik apenas egin dut ezer, asko jota lagundu, baina beste ezer ez.