Utopia gertuago daukate

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 2a, 21:06

Andoni Bastarrika eta Iñaki Salegi. (AITOR MANTEROLA)

Madrilen hasi zen M15 mugimendua, eta hedatzen ari da mundu osoan barrena; gizarte justua aldarrikatzen dute

Azpeitian ere badauzka jarraitzaileak: Andoni Bastarrika eta Iñaki Salegi, esaterako

Eduardo Galeano idazleak eta pentsalariak esaten du hau: "Utopia ortzemugan dago. Bi pauso ematen ditut gerturatzeko, baina bi pauso urrunago joaten da, eta ortzemuga hamar pauso aldentzen. Zertarako balio du, horretaz, utopiak? Horretarako, ibiltzeko balio du". Gaur egungo gizartearen egituraketa eta antolaketa aldatzeko gogoz milaka herritar daude, baina utopiatzat zeukaten eraldaketa hori orain gutxi arte. Duela egun batzuk, ordea, utopiatik gertuago daude. Pausoak eman dituzte harengana gerturatzeko, eta ez zaie urrundu. Ikusi egiten dute. M15 mugimenduaren sorrerak lotzen ditu aldaketarako gogoa eta utopia.

Maiatzaren 15ean piztu zen, Madrilen (Espainia). Herritar multzoa bildu zen Sol plazan, modu baketsuan aldarrikatzeko. Gizartea aldatzeko beharra somatzen dute, sistema neoliberala baztertzeko beharra daukate, gaur egungo injustizien eragile nagusitzat jotzen dute. Sol plazan segitzen dute, eta ez daukate mugitzeko asmorik. Mugimendua hedatzen ari da mundu osoan barrena, eta Urola Kostan ere badauzka jarraitzaileak.

Antolaketa aldatzea

Andoni Bastarrikak eta Iñaki Salegik egungo gizartearen antolaketa eta egituraketa aldatzeko utopia daukate buruan."«Bihotzean", esan du Bastarrika azpeitiarrak. Ez dira gustura bizi, eroso bizi diren arren. Lana daukate, seme-alabak ere bai, baina barrena ezin lasai izan. Injustiziaren harrak ez die bakean uzten. "Lotsagarria da gertatzen ari dena", hasi da Salegi zestoarra: "Itotzen ari gara denok. Ito egiten gaituzte banketxeek, esaterako. Krisia haiek sortu dute, eta haiek ari dira orain etekinak ateratzen. Eta bitartean, herritarrok gero eta larriago gaude. Onartezina da egoera hau guztia". Oso garbi dauka nola antolatuta daukaten "agintzen dutenek" sistema osoa: "Nazioarteko Diru Funtsa eta halako erakundeak dira erantzuleak, eta horren atzean pertsonak daude, sistema honen atzean inor ez dagoela iruditzen zaigun arren. Enpresa handiak, multinazionalak, monarkiak, gobernuak, denak daude sartuta. 10.000 pertsona izango dira munduko aberastasun guztiaren jabe, eta haiek hartzen dituzte denoi eragiten dizkiguten erabakiak". Salegiren ustez, "biolentzia hori da, pertsona horiek egiten digutena. Odolusten ari dira herritar xeheak".

Munduan halakoak gertatzen zirela jakina zen lehendik ere. Baina urruneko herrialdeetan pairatzen dutela dirudi: "Afrikan, Asian eta Hego Amerikan aspalditik dabiltza larri", segitu du Salegik: "Baina orain, mundu garatua esaten diogun gure lurraldera ere heldu da krisia, eta uste duguna baino larriago dabil jendea". Egoera horri aurre egin behar zaiola ziur da, ezin zaie utzi nahi dutena egiten. Islandian gertatua ekarri du gogora: "Banketxeek sekulako negozioak egin zituzten krisiaren aurretik, neurriz kanpoko inbertsioak. Baina krisia lehertu denean, zorra pilatu zaie, eta herritarrek ordain dezaten ahalegindu dira. Baina herriak ezetz esan die, ez dutela zorrik egin, eta egin dutenek ordaindu behar dutela". Europa iparraldeko herrialdean gertatuak itxaropena piztu dio Salegiri, eta "han egin badute, zergatik ez beste leku batzuetan?", galdetu du, esperantza kutsuarekin.

Salegik gertaera zehatzen berri ematen du, eta Bastarrikak gizakiaren esentziaren inguruko gogoetak egin ditu. Adi entzun ditu lagunaren azalpenak, eta arazo horien guztien konponbidea non aurkitu behar den oso garbi dauka: "Bihotzean dago konponbidea. Pertsonak bihotzaren bidez pentsatu behar du, eta ez buruarekin. Mundu osoko herritarren bihotzetara heldu behar da, aldaketa gauzatzeko. Bihotza ukitu behar zaie denei". Munduan, herritar guztiek ez dituztela eskubide berak adierazi du: "Sekulako aldeak daude, egon behar ez duten alor horretan". Gizakiaren berezkotasunean oinarritzen da: "Jaiotzen garen momentutik, pertsona guztiok eskubide berak dauzkagu, berdin-berdinak gara, nahiz eta gero, errealitatean, hori ez den betetzen".

M15 mugimenduak barrena harrapatu diola dio Bastarrikak; hain zuzen, bihotzez ari direlako, haren ustez: "Hor dago Bartzelonako Kataluniako plazan gertatua. Poliziak euren onetik atera zituzten, nola eta polizien euren bihotzetara helduz". Adibide zehatz horrekin azaldu du, telebistan-eta agertutakoarekin: "Ari zen polizia bat egurra ematen pertsona bati. Jo eta jo, porrarekin. Eta gazteak arrosa ateratzen zion, bere arma bakarra hori dela erakutsiz. Polizia bere onetik atera zuen, eta gazteak esaten zion ea berak ez al zuen seme-alabarik, ez al zuen pentsatzen seme-alaben etorkizunean".

Horra mugimendu honen beste mugarria: geroa, etorkizuna. Salegik garbi esan du: "Ezin diegu gehiago utzi injustizia honekin segitzen, geure seme-alaben geroa dagoelako jokoan. Nolako gizartea utzi nahi diegu? Oraingo ereduarekin gorriak pasatuko dituzte. Soldatak jaisten ari dira, langabezia gora doa, hipotekak ordaintzeari ezin zaio utzi, eta gainera, garestitzen ari dira. Ondorioz, geure seme-alabek ere pairatzen dute, ezin diegulako nahi bezalako hezkuntza eman". Adibide zehatza gehitu dio: "Hizkuntzaren bat ikasi nahi dutenek, ezin dute, dirua etxeko beharrei aurre egiteko gastatu behar dutelako". Bastarrikak hartu dio hitza: "Begira diezaiegun geure seme-alabei begietara, eta ea ausardiarik daukagun zer egiten ari garen kontatzeko".

Konponbide globala

"Mundu mailako arazoa da kapitalarena, eredu neoliberala bazter guztietan ari da txikizioak eragiten". Globalizazioaren ajeak direla dio Salegik. Baina konponbiderako giltza ere bada globaltasun hori, haren ustez: "Herrialde bat beste batzuen mende dago. Esaterako, zer gertatuko da Errusiak gasabidea ixten badio Alemaniari? Neguan hotzez akabatuko dira alemaniarrak. Ondorioz, eta adibide bat besterik ez da, Alemaniak zintzo jokatu behar du Errusiarekin, haserretu ez dadin". Horixe gertatzen ari dela dio Grezia, Portugal, Espainia eta krisia konpontzeko neurri neoliberalak hartu dituzten beste herrialde guztiekin ere: "Zorrez lepo daude herrialdeak. Nazioarteko Diru Funtseko kideak gobernu ordezkariengana joan, eta neurri neoliberalak hartzeko eskatzen diete, bestela estatua ekonomikoki ito egingo dutela mehatxu eginez. Eta gobernuek ez daukate beste aukerarik".

Arazo globalari konponbide globala eman behar zaiola dionean, honetaz ari da: "Mundu mailako sarea antolatu beharra dago, eta jendea mugitzen hasi. Gizartea esnatzen ari da. Herritar guztiok bat egin behar dugu. Suitzan halako herrialdek, pertsonak, enpresak edo auskalo nork sekulako dirutza duela, esan egin behar da zein den horren jabea, eta dirua kendu behar zaio. Esan behar zaio aizu, diru hau herriarena da, eta herriaren artean banatuko dugu". Salegiren ustez, krisia gainditzeko herrialdeen arteko laguntza ezinbestekoa da.

Bastarrikak eta Salegik herritar askok barrenean dituzten kezka berak dauzkate. Kanpora atera dituzte, barrutik kanpora zabaldu. M15 mugimenduak indarra eman die, urteetan gizentzen joan zaien egonezina kanporatzeko. "Utopian sinesten dugu", diote, eta duela hilbete ez bezala, utopiaren bila abiatu dira. Orduan ez bezala, ikusi egiten dute. Hor dagoela diote. "Ni lehen mundutik apartatu bezala egin nintzen, amore emanda bezala", aitortu du Bastarrikak. Orain, ordea, irribarreak marrazten dio aurpegia. Utopiaren irribarrea da.

"Ez genekien zer topatuko genuen Donostiako deialdian

"Arratsaldea zen, eta Interneten nenbilela, jakin nuen Madrilen Sol plazan zer gertatzen ari zen". Andoni Bastarrikaren kontakizuna da. "Hasierako harridura jakinmin bilakatu zitzaidan, eta arakatzen segitu nuen sarean". Horretan ari zela jakin zuen Espainiako hiriburuko ekintza zabaltzen ari zela beste leku batzuetara. Donostiara, esaterako. Ez zuen bi aldiz pentsatu, lagunei deitu eta Gipuzkoako hiribura abiatu ziren. Iñaki Salegi ere tartean zen, beste zenbait lagunekin batera.

"Ez genekien zer aurkituk genuen", dio Bastarrikak: "Agian, punk mugimenduko zazpi lagun ariko ziren zerbait harrika", hori ere pentsatu zuela aitortu du. Baina ezustea hartu zuten Bulevarden: "Adin askotariko jendea zegoen, gazteak, helduak, adinekoak... Eta poza eman zidan horrek". Manifestazioa egin zuten hirian barrena bertan bildutakoek; "isila", dio Bastarrikak. "Beno, isila hasieran zen, normala baita hori. Jendea ikusmiran zegoen, zer gertatuko, elkar zaintzen bezala, eta batzuk txaloka hastea nahikoa izan zen denok txaloka hasteko". Bulevarden bertan bukatu zen ibilbidea, eta ondoren gertatua ere barruraino heldu zitzaien.

Ondoren etorri zenaren berri eman du Salegik: "Aukera eman zitzaigun hitza hartzeko, han bildutakoei nork bere gogoeta egin ziezaien. Gu ez ginen animatu, baina beste zenbat pertsona bai". Horietakoren baten kontakizunak barrena ukitu zien: "70 bat urteko emakumea zen. Arazoak dauzka banketxearekin, etxeari dagokion hipoteka ordaintzeko. Etxea kenduko dioten beldur da", kontatu du Salegik. Bastarrikak beste kontakizun bat ekarri du solasaldira: "Gazte bat zen, eta gizartearen antolaketa injustuak eragiten dion gogoetaren berri eman zigun".

Helburu komuna

Donostian bildu ziren guztiak helburu batek elkartu zituela diote: "Zerbait egin behar da egoera larri hau aldatzeko". Adin askotako jendea ez ezik, pentsakera askotakoa ere bazela esan dute: "Nik hainbat gauzatan ez dut bat egiten PPko batekin, baina egoera honekin ados ez daudenak ere badaude, eta horiek ere lekua daukate M15 mugimenduan". Donostiako kontuekin segituz, kontatu du han bildutakoen helbide elektronikoak hartu zituztela, informazioa zabaltzeko.

Egun hartakoak segida izan zuen hurrengo egunetan, eta orduan hasi zen jendea bertan lotan gelditzen. Bastarrika, Salegi eta lagunek lehen egunean bakarrik egin zuten Donostiarako jira. Harrezkero, Internet bidez ari dira segitzen guztia. Horrekin lotuta, badu kexarik Salegik: "Uste nuen email bidez jakinaraziko zigutela asanbladatan erabakitzen zutena, baina ez da horrela". Bastarrika ez dago ados lagunak esandakoarekin: "Norberaren ardura da gauzak egitea, nork berea proposatu behar du". Batzordeetan-eta ondo antolatzen ari dela diote biek: "Dena ondo antolatuta dago. Jendea dago horretarako, eta kanpora begira, mugimendu definiziorik gabea ematen duen arren, ez da horrela". «Gauzak oso ondo ari dira egiten, eta sekulako indarra hartzen ari da".

"Orain arteko borroka ereduekiko ezberdina da". Bastarrikaren gogoeta: "Lehen, zuk jo eta ni jo izaten zen erantzuna. Horrek ez du balio, eta M15 mugimendua ederki ari da asmatzen". Bihotzarena ekarri du gogora: "Bihotza harrapatu behar zaio jendeari, eta hori da bidea. Horrek ematen dit itxaropena". Madrilekoa adi ari dira jarraitzen, beste hiriburuetakoak ere bai. Laster dira Donostiara berriz joatekoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide