Eneko Etxeberria alkate berriak auzolanera deitu ditu herritarrak

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2011ko eka. 11a, 15:06

Goraino betetako udalbatzar aretoan, txalo artean hartu du Etxeberriak Julian Eizmendiren eskutik alkatetzaren lekukoa

Fabore bat eskatuz amaitu du mintzaldia Etxeberriak: "Segi dezagula elkarrekin amets egiten"

Bildu koalizioko Eneko Etxeberria izendatu dute alkate gaur eguerdian Azpeitian egin den Udalbatza osaketako ekitaldian. 17 zinegotziek kargu hartu ondoren, bozketa egin dute eta alderdi bakoitzak bere hautagaia babestu du; 11 boto jaso ditu Bilduko alkategaiak, bost EAJkoak (Jesus Larrañagak) eta bat Hamaikabatekoak (Aitor Arangurenek). Hau da, maiatzaren 22ko udal hauteskundeetako emaitzen arabera izan da bozketa.

Etxeberriak txalo artean jaso du Julian Eizmendi azken alkatearen eskutik alkatetzaren lekukoa, eta datozen lau urtetan erabiliko duen aulkitik auzolanera eta amets egitera deitu die herritarrei.

"Azpeitia ez da amets bat" esanez hasi du mintzaldia Etxeberriak. "Azpeitia gizaldiz gizaldi, harriz harri, hitzez hitz eta jendez jende osatu den herria da, izerdi askorekin jasotako herria", esan du; herriari gaur egun duen itxura batez ere "jendeak eta jendearen ametsek" eman diote, "jendea eta beraien ametsak dira gure herriaren bihotza".

Herritarrak auzolanera deitu ditu alkate berriak. "Auzolanak bakoitza noraino iristen den eta bestea non hasten den erakusten digu eta elkarrekin jardutearen mekanika erakusten digu, banaka egin ezin duguna denok elkarrekin egin dezakegula erakusten digu".

Udala, "herritarren etxea, azpeitiarron etxea" dela esan du Etxeberriak, "denok osatzen dugu Azpeitia, inor ez dago soberan". Aldaketa sozial eta politiko bat gauzatzeko asmoa agertu du, "eta ez diogu iruzurrik egingo gure herriari". Atzean inor ez dutela utziko adierazi du, "izan gizon edo emakume, izan zahar edo gazte, izan zuri edo beltz, izan euskaldun edo erdaldun; jendarte ekilibratu eta integratu baten alde joko dugu burubelarri. Gure esku badago, ezin dugu inor amesgaizto batean abandonatu".

Gatazka politikoa gainditzea eta "behin betiko indarkeria eta eskubide urraketa guztiak desgertaraztea udal honen lehentasunak" izango direla azpimarratu du Etxeberriak eta horretarako "pausoak eman behar" direla.

Udalaren leloa, "adostasun borondatea eta iritzi trukaketa" izan dadin nahi du Etxeberriak, "bai udal ordezkarien artean eta bai herritarren artean". "Herriko etxe honetako leiho bat zabaldu nahi diogu itxaropenari eta udaletxeko ate guztiak herriari, denon artean Azpeitia justuago, ezkertiarrago eta libreago bat egin behar dugu".

Azken legealdian udaleko taldeek egindako lana baloratu du, eta eskerrak eman dizkie legealdian alkate izandako Iñaki Errazkini eta Julian Eizmendiri.

Fabore bat eskatuz amaitu du mintzaldia Eneko Etxeberria alkate berriak: "Segi dezagula elkarrekin amets egiten".

Zinegotzien hitzak

EAJko alkategai Jesus Larrañagak zorionak eman dizkie Bilduko kideei eta eskerrak, halaber, bozetan EAJ babestu zutenak. Agintari berriei eskatu die "ETAri behingoz" indarkeria bertan behera uzteko eskatzeko.

Hamaikabateko Aitor Arangurenek Etxeberriari esan dio "ea denok elkarrekin amets horiek betetzen ditugun".

Bilduko zinegotzi Juana Jauregik herriko preso politikoak, iheslariak eta deportatuak izan ditu gogoan, eta une hau "pausoak eman eta konpromisoa erakusteko une egokia" izan daitekeela adierazi du, "gaixo dauden presoak eta Parot doktrina aplikatu zaien" presoen egoerari irteera bat emateko.

Udaletxeko aretoa dena jendez beteta izan da, eta udaletxeko eskaileretan ere bazen jendea.

Azpeitiko alkateak 1897tik

Uztarriaren hauteskundeetako atala

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide