Iñaki Altuna: "Gazteek lokaletan biltzeko joera dute gaur egun"

Urola Kostako Hitza 2011ko uzt. 13a, 17:07

Iñaki Altuna, Gazte Asanbladako kidea. (XABIER OTAMENDI)

Azpeitiko Gazte Asanbladako kidea da eta buru-belarri dabil gaztetxearen urteurrena prestatzen

Urteurrenaren eta gaztetxeak egiten duen lanaren inguruan hitz egin du

Iñaki Altuna (Azpeitia, 1993) Azpeitiko Gazte Asanbladako kidea da, eta buru-belarri dabil, beste askoren artean, gaztetxearen urteurrena prestatzen. Urteurrenaren eta gaztetxeak egiten duen lanaren inguruan hitz egin du.

Ze esanahi dauka urteurrenak gazetxearenzat?

Herrian oihartzun handiena izaten duen eguna da, nire ustez. Azkenean, baltsa jaitsierarekin hasita, egitarau ederra egoten da, egunez kalean izugarrizko anbientea egoten da. Azkenean, egun bat gehiago da berez, indar handia daukana, baina egun bat gehiago; urte guztian antolatzen baititugu ekimenak.

Baltsa jaitsiera al da jendeak gehien ezagutzen duen ekimena?

Agian bai. Gu aurrenengo aldiz baltsa jaitsieran atera ginenean gizon batek, adarra jotzeko, karnabalak pasatuta zeudela esan zigun. Ez zekien zer zen, baina hori da deigarriena.

Triki poteoa ere egiten da urteurrenean, adibidez. Baina beste egun batzuetan ere izaten da hori, beraz ez da hain deigarria. Baltsa jaitsiera da agian gehien harritzen duena, beraz, jende askori jaitsiera soilik gelditzen zaio buruan. Baina gainontzeko egitarauak ere arrakasta handia izaten du. Bazkaria, ur jolasak... Kontzertuetan ere giroa ederra izaten da. Azkenean, baltsena da ezohikoena.

Urteurrenean koadrilen arteko lehiaketa amaituko da, gainera. Nolatan sortu zen hori?

Bai, hala da. Gazteek lokaletan biltzeko joera hatu dute, urte gutxian ikusi da hori. Hasieran lokal bat zegoen, gero beste bat eta beste bat... Azkenean, ia ez dago lokal gabeko gazterik. Horrek gazteon banaketa moduko bat ekarri du. Finean, bakoitza geure lokalean egoten gara, eta bertako kideekin soilik. Alboko lokalekoekin harremana badaukagun arren, urrunagokoak ez ditugu ezagutzen.

Beraz, gazteen arteko harremana hobetzeko helburuarekin, koadrilen arteko lehiaketa antolatu genuen. Nire ustez, aurrenengo urtea izateko, dezenteko erantzun ona izan du. 22 koadrilak eman dute izena. Aurten, jokoak antolatzerako orduan kirolera jo dugu, baina hurrengo urtean seguruenez beste joku batzuk antolatuko dira. Nahiko kirol egoten da bestela ere, eta beste gauza batzuk lantzeko ere izan behar du lehia horrek.

Gazte diagnosia prestatzen ere aritu zarete urtean zehar.

Hilabete bakoitzean gai bat hartu, eta horri buruz gazteek daukagun iritziaren inguruan lanketa bat egin da. Gazte Mugimenduko talde guztiak bildu ginen aurrenengoan. Ekologismoa ere landu zen, feminismoa, hezkuntza...

Uztailaren 1ean egin zen horren aurkezpena. 70 bat gazte agertu ginen, eta lanketa horietan ateratako ondorioak aurkeztu ziren. Horrez gain, Titteren izenean egin den diagnosia ere aurkeztu zen. Bi diagnosiak entzun ondoren, talde txikitan bildu, eta gaiez eztabaidatu genuen.

Zerbait gehiago esateko?

Baltsa jaitsieran jendea arrautzak eta globoak botatzen ibiltzen da goitik. Errespetu apur bat izateko eskatuko nieke, bai parte-hartzaleekin, eta bai ibaiarekin. Baltsatan ateratzen garenok saiatzen gara zerbait askatuz gero jasotzen, baina goitik botatakoa han gelditzen da. Eta bestela ba, anima daitezela urteurrenean parte hartzera.

Gaztetxearen urteurreneko egitaraua

  • 11:00etan: Hamaiketakoa eta baltsen erakusketa plazan.
  • 12:00etan: Baltsa jaitsiera.

    Ondoren, triki poteoa kaleetan zehar.

  • 14:30ean: Bazkaria gaztetxean. Txartela: ikasle eta langabetuek, aurrez, 7 euro, eta egunean 10; langileek, berriz, aurrez 12 euro eta egunean 15.
  • 17:00etan: Kalejira eta ur jolasak.
  • 22:00etan: Kontzertuak: Fala non caduca (Asturias, Espainia) eta Emon.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide