Ia mende bateko negozioa basilika aurrean

Urola Kostako Hitza 2011ko uzt. 14a, 18:07

Loiolako basilika aurrean dauden oroigarri kioskoetako bat. (ONINTZA LETE ARRIETA)

San Inazioren eta beste santuen oroigarriek dute arrakasta gehien Loiolako basilika aurrean dauden bi kioskoetan

Zer saldu, hura ekartzen dute jabeek. Errosarioak, abanikoak, postalak... denetarik dute bertan

Bi kioskok begiratzen diote Azpeitian Loiolako San Inazioren basilikari. Denda berezi horien barruan santuaren hainbat eta hainbat oroigarri dute, baita beste hainbat objektu ere. Aurten modan dauden lastozko kapeletatik hasi, eta errosarioetara arte. Ia 100 urteko negozio familiarrak aurrera jarraitzen du, herritarren eta turisten joan-etorrien artean.

"San Inaziori buruzko erlijio artikuluak dira gehien saltzen direnak", bertako arduradunen iritzian. Errosarioek ere arrakasta handia dute, baina "santuak daude lehen postuan". Denetarik dute bi kioskoetan, tamaina guztietako oroigarriak eta prezioak ere poltsiko guztientzako pentsatuak. Taldeka etortzen dira asko basilika ikustera, erretiratuak bereziki, eta "batzuk zentimorik gabe egoten dira". Diruari asko begiratzen diotela uste dute, eta saltzeko moduko oroigarriak jartzen dituzte saltzaileek ere: "Guk saltzen dena ekartzen dugu". Krisia "ikaragarri" sumatu dute: "Jendea, etorri etortzen da, baina gero gastatu egin behar du, eta etortzen diren erretiratuek ez dituzte pentsio handiak izaten".

Sevillanak Loiolan

Bezero mota nagusia erretiratuena dela esatea ez da zuzena jabeentzat: "Era guztietako bezeroak ditugu. Gazteak eta adinekoak, bertakoak eta kanpokoak, baita oso urrunekoak ere". Horrenbeste objektu egonda, lapurreta egitea ez da zaila, baina eurena bezero mota "zintzoa" da, "erlijioagatik-edo". Bezeroen eskaerak asetzea da garrantzitsuena saltzailearentzat, eta Loiolan, ondo dakite zerk duen arrakasta. Hala, abanikoak eta sevillanen postalak dituzte lauburu eta bertako postalekin: "Abanikoek arrakasta izaten dute, baita sevillanen postalek ere".

Denek ez dute ulertzen zergatik dituzten abanikoak bezalako oroigarriak Loiolan, baina dendariek argi dute. Horrekin lotutako anekdotarik ere badute: "Behin, Ondarruko bi neska gazte zeuden denda kanpoan postalei begira. Gaztelaniaz batek besteari esan zion akatu egingo zukeela sevillanen postalak han jarri zituena. Haiengana joan eta arazoren bat al zuten galdetu nien, euskaraz. Perdon? esan zuten. Ez zekiten tutik euskaraz. Grazia egin zidan, euskaraz jakin ez baina saltzaile bat kritikatzen aritzeak. Ni han saltzeko nengoela esan nien, komertziala nintzela".

Euskaraz zekien japoniarra

Istorio asko dute kontatzeko kioskoetako jabeek. Gogoan dute behin japoniar talde bat etorri zenekoa. Haietako bat, mutil gaztea, oroigarri bat bestearen atzetik hartu, eta salmahaian uzten ari omen zen. "Oroigarri asko utzi zuen, eta ni lankideari gaizkiesaka ez, baina kritikatzen hasi nintzaion, salmahai guztia beteko zigulako oroigarriz, eta gero ezer erosiko al zuen. Halako batean etorri zen, eta euskaraz esan zigun oroigarri bakoitzetik bana nahi zuela". Dendariak zur eta lur gelditu ziren: "Ez dakit guk esandakoa ulertu zuen ala ez, baina lotsa ederra sentitu genuen".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide