Punta-puntako errekortariak izango dira etziko Zezen Beltz Sarian

Urola Kostako Hitza 2011ko uzt. 15a, 14:07

Zezen Beltzeko Mikel Odriozola, Sota, Manuel Unanue zinegotzia eta Zezen Beltzeko Mikel Arrieta, atzoko aurkezpenean

2011ko errekortari finalerdia 18:30ean hasiko da; aurrenekoz, Azpeitiko txapeldunarentzat saria izango da

Sarrerak salgai daude dagoeneko, zenbakidunak eta zenbakigabeak izango dira

2011ko Errekortari Zezen Beltz Saria jokatuko dute Azpeitiko zezen-plazan etzi. 18:30ean hasiko da ikuskizuna. Zezen Beltz elkarteak, Azpeitiko Udalak eta Taurovision enpresak antolatu dute ekitaldia, eta adin guztietako jendeari zuzendutako ikuskizuna izango da. Zezenak ez dituzte zauritzen, eta, bide horretatik, «ikuskizun entretenigarria eta emozioz betea» izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

Errekortari 2011 txapelketako lehen finalerdia Tolosan (Gipuzkoa) jokatu zuten ekainaren 26an, eta Azpeitikoa bigarren finalerdia izango da. Finala Tafallan (Nafarroa) jokatuko dute, abuztuaren 17an.

Izen handiko errekortariak

Azpeitiko jaialdian 18 errekortari ariko dira euren jauzi eta errekorteak egiten. Espainiako Estatuko errekortari onenek hartuko dute parte, izan ere Errekortari 2011 txapelketa gisako «sariketa garrantzitsuena» dela adierazi du Taurovisioneko Felipe Sotak. «Aipatzekoa da Euskal Herrian eta Nafarroan abian den txapelketa eredua ezarri nahian dabiltzala beste enpresa batzuk». Egutegia argitaratu orduko errekortariak eurak «etengabe deika» aritzen direla adierazi zuen Sotak: «Desiatzen egoten dira txapelketa honetan parte hartzeko, eta bereziki Azpeitiko zezen-plazan aritzeko, jendearen harrera beroa eta giroa aparta baita haientzat».

Besteak beste, David Ramirez El Peque, 2009ko Errekortariko txapelduna lehiatuko da Azpeitiko finalerdian. Iaz lehen zezenak harrapatu egin zuen, eta «nolabait Azpeitiarekin zorretan sentitzen» dela eta «etortzeko irrikaz» dagoela jakinarazi zuen Sotak. Horrez gain, korteetan bost txapel irabazitako Sergio Delgado eta jauzietako bost aldiz txapeldun izandako Julian Gomez Carpio ere izango dira bertan.

Zezenei dagokionez, Nafarroako Macua ganadutegiko animaliak izango dituzte aurrean errekortariek.

Azpeitiko txapelduna

Orain arte 16 errekortari aritu izan dira txapelketan. Aurten 18 izango dira, ordea, eta taldeak beste modu batera antolatuko dituzte. Lau errekortariko lau talde egin beharren, lauko eta bosteko bina talde egingo dituzte. Lehen zortzi sailkatuek zuzenean lortuko dute abuztuaren 17ko Tafallako finalerako txartela, eta Tolosako lehen zortzi sailkatuekin batera ariko dira bertan.

Aurten, lehen aldiz, ordea, Azpeitiko txapeldun bat ere izango da. Lau talde horietako lehen sailkatuen artean Azpeitiko finala jokatuko dute saioaren amaieran, eta horko irabazleak Azpeitiko Zezen Beltz Saria eskuratuko du. Gainera, errekorte onena egiten duenari saria emango dio, gainera, Zezenbeltz elkarteak.

Tafallan irabazten duenak, txapela janzteaz gainera, 6005 euroko diru-saria jasoko du. Penintsulako saririk garrantzitsuena da. «Errekorte lehiaketen erreferente nagusia», adierazi zuten antolatzaileek.

Sarrerak salgai daude dagoeneko. Zenbakidun eta zenbaki gabeko sarrerak erosi ahal izango dira aurten ere. Zenbakidunak Betharrametako aretoan salgai izango dira gaur, 18:00etatik 20:00etara, eta bihar, 12:00etatik 14:00etara.

Zenbaki gabeko sarrerei dagokienez, hainbat tabernetan jarri dituzte salgai. Azpeitian Pastorkuan, Juantxo Txikin, Ametsan, Iraurgi SBn, Harzubian, Eguzkitzan, Etxe Zurin, Jim Clarken eta Diegon, eta Azkoitian Elurra kafetegian.

Igandean bertan zezen-plazako leihatilan ere egongo dira sarrerak, 17:30etik aurrera. Dena den, Zezen Beltz elkarteak txartelak aurretik hartzea gomendatu du, jendea sarrerak agortuta sartu ezinik gelditu izan baita aurreko urtetan.

Zenbakidun sarreren prezioak honakoak dira: Barrera itzala eta itzala-eguzkia, 25 euro; Barrera eguzkia, kontrabarrera eguzkia eta kontrabarrera eguzkia-itzala, 22 euro; Kontrabarrera eguzkia, tendido 1. ilera itzala eta itzala-eguzkia 20 euro; eta tendido 1. ilara eguzkia, 18 euro.

Numeratu gabekoak, berriz, harmaila orokorreko eserlekuak izango dira. 4 urte bitarteko haurrek doan izango dute sarrera, 5-14 urte bitartekoek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta 15 urtetik gorakoek 15 euro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide