Lapatx adostutako epean ixtea eskatu du Azpeitiko Udalbatzak, aho batez

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 5a, 20:10

Zabortegia kudeatzen duen Lapatx Zabortegia SAri zabortegia ixteko proiektua egiteko eskatu dio

Iñaki Errazkini babesa adierazi diote, mehatxuak direla eta, eta Trenbidearen Museoko langileei eta zuzendariari lana aitortu eta eskertu diete

Azpeitiko Udalak ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, urriak 4. Hainbat gai landu zituen Udalbatzak, baina alde desberdinen artean eztabaida gehien mozioen garaian izan zen. EAJko ordezkariek Lapatx zabortegia ixtearen inguruko mozioa aurkezteko asmoa zuten, baina aurretik hiru aldeak (Bildu, EAJ eta Hamaikabat) adostasun batera iritsi eta mozio bakarra aurkeztu zuten.

Bertan, besteak beste, Lapatx zabortegia adostutako epea ixteko eskatu zuten. Honela dio mozioak hitzez hitz: "Azpeitiko Udalak Lapatx zabortegia ixteko hartutako konpromisoak errespetatzea, adostutako epe horretan ixea, eta inola ere zabortegiaren eperik ez luzatzeko eskatzen die eragile guztiei". Zabortegia kudeatzen duen Lapatx Zabortegia SAri, berriz, data horretarako zabortegia ixteko proiektua egiteko eskatu diote.

Horrez gainera, "hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea eta birziklatzea sustatzeko neurriak hartzen jarraitzeko" dei egin diete Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateari, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Azpeitiko Udalak ere bide horretan "gogoz" aurrera egiteko konpromisoa hartu du. Udalak "Europako zuzentarauak eta lege berriak ezarritako hierarkia beteko" duela erabaki du Udalbatzak; horrez gainera, gainontzeko erakundeei ere hala egiteko eskatu dio: "Udalak, hiri hondakinen kudeaketan eskumenak dituzten beste erakundeei ere horrela egitea eskatzen die".

Azpeitiko Lapatx zabortegia 1988. urtean hasi zen funtzionatzen, eta gaur egun Azpeitiko zaborrez gainera, Aizarnazabal, Azkoitia, Zestoa, Beizama, Bidegoian, Errezil, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Mutriku, Deba, Ermua eta Donostialdeko zaborrak jasotzen ditu, besteak beste.

Heriotza mehatxuaren aurrean babesa Iñaki Errazkini

Iñaki Errazkini mehatxuak direla eta, eta Trenbidearen Museoko langileei eta zuzendariari babesa adieraziz adierazpen bana ere onartu zituzten urriko bilkuran

Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate ohiak gutun bidez jasotako heriotza mehatxuaren inguruan eztabaidatu zuten atzo Azpeitiko udalbatzarrean. Udaleko osoko bilkuran Eneko Etxeberria alkateak, Azpeitiko udaletxean Errazkin mehatxatuz gutun bat jaso zela eta orijinala Udaltzaingora eraman zutela azaldu zuen. Segidan, giza eskubideen urraketa guztiak salatuz eta Errazkini babesa emanez mozio bat onartzeko proposamena egin zuen alkateak.

Baina, EAJko ordezkariek eta Hamaikabateko zinegotziak hasieran zalantzak azaldu zituzten mozioa justu Bildukoek proposatu bezala onartzeko. Azkenean, hitz bat edo beste aldatuta aho batez onartu zuten. Mozioak dio: "Azpeitiko Udalak giza eskubideen urraketa guztiak salatu nahi ditu eta, une honetan, babesa adierazi nahi dio Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate ohiari jasotako heriotza mehatxuen aurrean".

Bestetik, eta Lapatx zabortegiaren gaineko mozioarekin gertatu bezala, EAJk Trenbidearen Museoaren zuzendariaren izendapena berraztertzea eskatzeko aurkeztutako mozioaren ordez, museoko langileei eta Juanjo Olaizola zuzendariari babesa emanez adierazpen bateratua onartu zuten -hori ere aho batez- Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek.

Tren museoko langileei eta Juanjo Olaizolari aitortza

Juanjo Olaizola Azpeitiko Euskal Burdinbidearen Museoko zuzendaria kargutik kentzeko erabakia hartu zuten Eusko Treneko arduradunek, berria hautatzeko lehiaketa ere egin zuten eta Maitane Ostolaza zumaiarra aukeratu zuten postu horretarako.

Baina, Olaizola kargutik kentzeko erabaki horrek aurkako erreakzioak sortu zituen, besteak beste, Azpeitiko Udalarena. Udalak pasa den agintaldian babesa adierazi zion Olaizolari. Atzo, EAJk Olaizolari babesa adierazteko beste mozio bat aurkeztu zuen udalbatzarrean, eta eztabaida luze baten ondoren honakoa onartu zuten, aho batez: "Burdinbidearen Euskal Museoko langile guztiei eta bereziki Juanjo Olaizolari beren lana aitortzea eta eskertzea nahi die Azpeitiko Udalak".

Eneko Etxeberria alkateak azaldu zuen udalbatzarrean Azpeitiko Udala museoko patronoa dela, baina %1a duela bakarrik patronatuan. Udalak museoko fundazioan bere posizioa azalduta duela eta gaur egun Olaizolak lehengo postua betetzen jarraitzen duela esan zuen alkateak. Etxeberriak eta Olaizolak Ernesto Gasco Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordearekin bilera egin zuten eta Olaizolak orainarte bezala lanean segitzea adostu zutela ere gaineratu zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide