Gabriel Pop: "Bizitzak behartzen zaitu erabakiak hartzera"

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 6a, 14:10

Gabriel Pop. (XABIER OTAMENDI)

Errumaniakoa da izatez, eta lau urte pasa darama Azpeitian bizitzen

Ordutik udan baino ez da itzultzen etxera, eta orduan baino ez da egoten bere bikotekidearekin

Errumaniera, hungariera, gaztelania eta ingelesa dakizki Gabriel Pop Gabi-k (1986, Baiut, Errumania). Errumaniakoa da izatez, eta lau urte pasa darama Azpeitian bizitzen. Ordutik udan baino ez da itzultzen etxera, eta orduan baino ez da egoten bere bikotekidearekin. Elkarrizketa amaitutakoan gogoratu da noizean behin poesia idazten ere aritzen dela esateaz.

Errumaniako zein tokitakoa zara?

Baiut izena du herriak, Maramules lurraldean dago; Errumania iparraldean. Hiru herri txiki ziren lehen, eta bat eginda daude orain. Duela gutxi arte, behintzat, 3.500 biztanle zituen, gutxi gora behera. Hango herriak ez dira hemengoak bezalakoak. Ia etxe guztiak baserri modukoak izaten dira, eta kaleak hemengoen aldean zabalak. Mendi artean dago, 650 bat metroko altueran.

Altuera horretan hotz egingo du.

Nire herrian hogei gradu zero azpitik egiten dituela esandakoan hemengo jendea beldurtu egiten da, baina ez da hainbesterako ere. Hemengo klima ez da gogorragoa, baina hezetasun handia dago. Han, berriz, ez dago batere; hotz lehorra da. Duela hiru edo lau urte, termometroak zero azpitik 58 gradura iritsi ziren Errumaniako lurralde batean.

Hona etorri aurretik zer egiten zenuen?

Errumanian, batxilerra amaitu nuenean, medikuntza eta ingeniaritza informatikoa ikasten hasi nintzen, biak batera. Lau bat hilabete egindakoan, ordea, arazo batzuk medio utzi egin behar izan nuen lanean hasteko.

Noiz iritsi zinen Euskal Herrira?

Duela lau urte pasa iritsi nintzen Azpeitira. Lau urte dira Larrañagan [ zerrategian ] lanean hasi nintzela. Azpeitian basoan hasi nintzen, anaiak han egiten baitzuen lan, baina gutxi iraun nuen; hilabete bat edo. Gero zerrategian hasi nintzen. 2005 inguruan iritsi nintzenean, Ibarran negutegi batzuetan hasi nintzen lanean. 06:00etan hasita, 23:00ak arte egon behar izaten nuen lanean. Eguerdian ordubete ematen zidaten bazkaltzeko. Janaria erosteko baino ez zitzaidan iristen ordaintzen zidanarekin. Lotarako pisu bat uzten zidan, eta amaieran alokairua ordaindu behar niola ere esan zidan. Ez neukala dirurik erantzun nion, ordaintzen zidanarekin ezinezkoa zela. Utzi egin nuen.

Nolatan iritsi zinen Azpeitira?

Anaia iritsi zen ni baino lehenago. Andaluzian (Espainia) ibili zen aurretik, baina gero goraka [ iparraldera ] joan zen lanerako deitzen ziotelako, azkenean Euskal Herrira iritsi zen arte. Azpeititik basoan lan egiteko deitu zioten, eta, gustatu egin zitzaionez, gelditzea erabaki zuen. Arazoak izan nituenean, anaiari deitu nion, eta etorri eta lanean hastea nuela onena esan zidan. Orduan lan asko zegoen, gainera. Orain ez dago hainbeste.

Askotan esaten da zeuk hartzen dituzula zeure erabakiak, eta batzutan hala izaten da, baina askotan bizitzak behartzen zaitu erabaki horiek hartzera.

Horregatik al zaude hemen?

Bai. Baina ez naiz kexatzen, benetan. Gustura nago hemen. Hankarik ez baduzu sartzen, jendeak ongi hartzen zaitu. Askotan entzuten da euskaldunak gaiztoak direla eta abar. Hori ez da horrela. Bidaiatzea asko gustatzen zait. Europan asko ibilia naiz, eta ikasi dut pertsona gaiztoak leku guztietan daudela. Hemen bezalaxe. Onak eta txarrak daude. Baina gauza onak ateratzen jakin behar da.

Jendeak begi txarrez begiatzen al dizuete kanpotarrei?

Kanpotar asko dago hemen. Europako Batasunak kanpotarrei laguntzak ematera derrigortzen ditu instituzioak. Etxe bat eta laguntza ekonomikoa ematen diete. Baina kontua da hemen bertako jende asko dagoela non bizi ez daukana. Ezagutzen ditut, adibidez, hiru seme alabako familia batean, guraso batek bakarrik lan egiten duten kasuak. Hipoteka ordaindu beharra daukate, eta ia ez dira hilaren amaierara iristen. Gero ikusten dute kanpotar bati —ez dut esan nahi herrialde jakin batekoak direnik— hainbeste laguntza ematen dizkiotela, eta haserretu egiten dira. Badaude lanik egin gabe bizi diren atzerritarrak; hori ez zait justua iruditzen. Ez dakit zenbateko laguntzak jasotzen dituzten. Nik inoiz ez dut horrelako laguntzarik eskatu, neure lana egin dut, neure zergak ordaindu...

Antzematen da jendeak gaizki begiratzen duela, baina jende gutxik. Azpeitia, Azkoitia, Zestoa eta inguruko herri hauek oso euskaldunak dira, Euskal Herriaren bihotza dira. Kanpotik iritsi garen atzerritarrok gustura gaude, baina, adibidez, norbaitek euskaraz zerbait galdetzen didanean eta nik gaztelaniaz erantzun, errezeloz begiratzen didate.

Errumaniarra zarela esandakoan jendeak gaizki hartzen al zaitu?

Nik ez dut nahi guztiak zaku berean sartzea. Pertsonak eta pertsonak daude. Gu lau anai-arreba gara; hiru mutilak lanean ari gara. Badaude beste errumaniar batzuk —normalean ijioak—, eskean ibiltzen direnak. Hori beste gauza bat da. Amorrua ematen dit haiek hor ikusteak.

Herrian geratzeko asmoa al duzu?

Momentuz, bai. Gustatzen zait herrialde hau, Euskal Herria. Ez daukat denborarik euskaraz ikasteko. Lanekoek ere euskaraz egiten dute, baina haiei entzunda bakarrik ezin dut ikasi. Ezagutzen ditut Azpeitian bizi eta haur txikiak dituzten errumaniarrak. Ume horiek euskaraz egiten dute euren artean; bertako baten moduan egiten dute. Nik errumanieraz hitz egiten diedanean, kosta egiten zaie erantzutea.

Herrian ongi integratu al zara?

Bai, ez dut arazo handirik izan. Nik ez dut inorekin ibiltzeko arazorik izaten, irekia naiz.

Zein da egoera egun Errumanian?

Hirugarren munduko herrialdea da. Herrialde aberatsa da berez, baina Errumaniako onena kanpora ateratzen da. Medikuak, ingeniariak... Denak kanpora ateratzen dituzte. Errumanian txarrena gelditzen da. Gobernukoak zabor hutsa dira. Beraz, normala da herria horrela joatea. Hilabeteko soldata arrunta 250 eurokoa da. Oinarrizko produktuak, gainera, hemen baino garestiagoak dira. Gasolina, olioa, azukre eta abarrak garestiagoak dira, eta jendeak alde egiten du. Ez dira etortzen hemengoak izorratzera. Bizimodua aurrera atera nahi dutelako egiten dute.

Askotan joaten al zara hara?

Urtean behin joaten naiz. Gogorra da. Imagina ezazu, 25 urte dauzkat, bizitza guztia han pasatu dut. Orain zu hartu eta beste herrialde batera eramango bazintut, hona itzultzeko amorratzen egongo zinateke. Niri hemen ez zait ezer falta, baina jaio eta bizi nintzen tokira itzultzeko gogo ikaragarria izaten dut.

Antzekoak al gara euskaldunak eta Errumaniarrak?

Antzekoak gara, neurri batean. Guztiok ere oso burugogorrak gara. Euskaldunek harrizko burua daukatela dirudi. Errumanian ere halakoxeak gara.

Errumanian jendeak Euskal Herria ezagutzen al du?

Espainia ezagutzen dute, baina ez daukate Euskal Herriko edo Kataluniako errealitatearen berririk. Aizkolarien eta harri-jasotzaileen berri badaukate, baina gehiago ez.

Eta euskaldunek ezagutzen al dute Errumaniako errealitatea?

Euskaldunek ez dute Errumania ezagutzen, batere ez. Hitz egiten egon izan naiz, eta jendeak ez du ezagutzen. Gustatuko litzaidake hemengo jendea hara joatea, pare bat egunerako baino ez balitz ere, hura hobeto ezagutzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide