Izaskun Egiguren: "Erreferentziazko gune batek onurak ekarriko dizkio parekidetasunari"

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 13a, 18:10

Izaskun Egiguren. (ONINTZA LETE ARRIETA)

Emakumeen Txokoko dinamizatzaileari elkarrizketa egin diote Urola Kostako Hitza-n

"Interesgarriena herrian lankidetza aurkitzea eta emakumeak gerturatzen joateko ekintzak antolatzea da", dio

Emakumeak protagonista nagusiak izango diren eskualdeko lehen egoitza publikoa zabaldu zuten Azpeitian irailaren 17an: Azpeitiko Emakumeen Txokoa. Bertako dinamizatzailea da Izaskun Egiguren (Azpeitia, 1971).

Egoitza irekita, zein da hurrengo pausoa? Zein dira helburuak?

Interesgarriena herrian lankidetza aurkitzea eta emakumeak gerturatzen joateko ekintzak antolatzea da. Nire iritziz, gero sortuko dira epe luzerako helburuak, herritarrak emakumeen beharrak identifikatzen joaten diren heinean.

Gune fisiko baten beharra, esaterako, lehendik argi ikusten zen, ezta?

Erreferentziazko gune bat edukitzearena argi ikusten zen. Onurak ekarriko dituela uste dut, bai parekidetasunari dagokionez, bai emakumeentzako eurentzako. Emakumeek edozein galdera edo proposamen dutenean nora jo izatea garrantzitsua da. Bestela, lor daitekeen ahalmena galdu egiten da; sakabanatuta gelditzen da.

Eskualdean aurrenak izan zarete. Beste herrietatik interesik agertu al dute?

Egia esan, bai. Prozesua nola izan zen, zein pauso eman ziren... jakin nahi dute. Zarauztik galdetu digute, baita Bizkaitik eta Iparraldetik ere. Harremanetan gaude haiekin.

Azpeitiarrek erakutsi al dute interesik?

Gerturatze prozesuari denbora eman behar zaiola uste dut; ireki berria da, eta ezagutu egin behar da. Gainera, ekintzak antolatu ahala jendea errazago gerturatuko dela uste dut; bidea pixkanaka egingo dugu.

Egoitzan emakumeek protagonismo berezia izan arren, Emakumeen Txokoa gizonei ere zabalduko zaie ekimen batzuetarako, ezta?

Bai. Hitzaldiak, kafe-tertuliak eta hainbat formatotako ekitaldiak antolatuko ditugu, eta horiek herritar orori irekiak izango dira, izan emakume nahiz gizonezko.

Emakumeen Mahaia duzue herrian, eta bertan Udaleko eta emakume elkarteetako ordezkariak eta norbanakoak biltzen dira. Gune horretan erabaki al da egoitza irekitzea?

Bai. Urteak dira Emakumeen Mahaia martxan dagoela. Partaidetza gune bat da, iraunkortasun finkoa du, eta hartutako erabakietako bat izan da. Ekimenei dagokionez ere, proposamenak gune horretatik jasotzen dira.

Emakumeen Txokoan martxan jarri dituzuen ikastaroak Jabetze Eskolak antolatu ditu. Egitasmo hori herri mailakoa baino zabalagoa da, ezta?

Hala da. Gipuzkoa mailan badago Jabetze Eskolen sarea, baita Bizkaian ere. Hainbat herritan jada helburu bateratuak jorratzeko asmoarekin ari dira lanean. Gipuzkoan lau herri direla uste dut, eta Azpeitia sare horren barruan dago; besteak Eibar, Hernani eta Arrasate dira. Sare horretan elkarlana egiten da, eta irizpide bateratuak lantzen dira, Jabetze Eskolen helburuak finkatzeko. Emakumearen presentzia publikoa indartzea da helburua; gizarte mailan ukatu zaion paper hori nolabait berreskuratzeko tresnak ematea. Horretarako erabiltzen dira ikastaroak.

Jabetze Eskolaren barruan Emakumeen Txokoan lau ikastaro jarri dituzue emakumeen eskura.

Aurrenekoa dagoeneko martxan dago. Heldutasunera iristearen plazera ikastaroa da, eta Pepa Bojok gidatuko du. Behin adin batera iritsitakoan, zahartze prozesua gizarte mailan badakigu nahiko kontzeptu ezkor gisara hartua dagoela, eta emakumeei horrek ere eragiten die. Gai hori jorratuko dute ikastaroan. 45 urtetik gorako emakumeek eman dute izena bertan, eta 11 laguneko taldea osatu da. Dena dela, oraindik izena emateko tartea zabalik dago.

Alaitz Olaizolak gidatuta, antzerki tailerra da beste ikastaroetako bat.

Bai. Urteak daramatza martxan tailer horrek. Azarotik maiatzera prestatzen dute antzezlana, eta ekainean parekidetasunaren inguruan egindako ekimenak biltzen dituen jaialdi batean erakusten dute. Horretaz gain, Antzerki Topaketetan aurkezten dute lana. Orain iazko taldea ari da Topaketetara begira lana prestatzen. Talde berria, hortaz, azaroan hasiko da lanean.

Hirugarrena laburmetraia ikastaroa da.

Bai, Lara Izagirrek emango du. Espazio hau ere beti ukatu zaio emakumeari, bai presentzia aldetik, bai gidaritza aldetik. Zineman, telebistan... emakumearen irudia zein izan den aztertuko dute, eta egile moduan laburmetraia nola lantzen den erakutsiko die Izagirrek; partaide bakoitza lan bat egiteko gai izango da ikastaro amaierarako.

Artearen tailer-laborategia jorratuko dute laugarren ikastaroan.

Artearen munduan espazio mugatu samarrak izan dira emakumeentzako, eta ikastaro hau emakumeen sormenari irtenbidea emateko modu bat izango da. Hainbat disziplina jorratuko dute bertan. Arte Ederretako irakasle Izaskun Alvarezek emango du ikastaroa. Izena emateko epeak zabalik daude lau ikastaroen kasuetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide