Ilazki Goenaga: "Ez da ohi baino zetazeo gehiago azaldu; hemen bizi dira"

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 13a, 19:10

Azpeitiarra Ambar Itsas Faunaren Kontserbazio eta Ikerketarako Elkarteko Gipuzkoako Lehorreratze Sareko koordinatzailea da

Kantauri Itsasoan zetazeoak aztertzen ditu duela hamaika urtetik

Azkenaldian hainbat zetazeo agertu da Zarauzko hondartzan eta inguruetan; pasa den abuztuaren 26an, esaterako, Zarauzko hondartzan agertu zen kaxaloteak ikusmin handia sortu zuen; duela bi aste, berriz, balea bat agertu zen hondartzatik gertu. Eta, duela gutxi, surflari batzuk hainbat izurde ikusi zituzten. Hala ere, Ilazki Goenaga (Azpeitia, 1982) biologoak nabarmendu du halako animalien lehorreratzeak ohikoak izan ohi direla urtez urte inguruotan.

Zergatik azaldu da horrenbeste animalia azkenaldian?

Ez da ohi baino gehiago azaldu; zetazeo hauek hemen bizi dira, edo migrazio garaian jatera etortzen dira. Gertatzen da urte pila bat pasatu ditugula itsasoari kasurik egin gabe; orain, gure lana ari da bere fruitua ematen, eta gero eta jende gehiagok itsasora begiratzen du. Kontua ez da aspaldian gero eta gehiago agertzen direla, baizik eta guk gehiago begiratzen dugula itsasora.

Lehorreratze garrantzitsuak neguan gertatzen dira, eta orduan jende asko ez da egoten hondartzetan, eta oharkabean pasatzen dira ia gehienak. Surflariak edo garbitzaileak ohartzen dira, baina ez dute halako oihartzunik.

Beraz, ohikoak dira azken hilabeteetako kasuak.

Ez da arraroa. Urtero gerturatzen dira izurdeak; eragin asko izan ohi du jatekoaren presentziak. Izurdeen kasuan, urtero ikusten dira Getariako eta Zarauzko kostan. Kasualitatez, momentu horietan norbait kamerarekin bada, jende gehiago konturatuko da. Baleen kasuan, duela bi hilabete ikusten hasi ginen itsasoan; ekaina inguruan gerturatzen dira Kantauri Itsasora. Momentu horretan, balea kontzentrazio handia zegoen, eta animalia handiak direnez, Matxitxakotik (Bermeo) ikusten zituzten.

Zein izan daiteke balea bat lehorreratzearen arrazoia?

Gehienak hilda etortzen dira; ez da normala besterik gabe horrenbeste gerturatzea lurrera; etortzen badira, jateko erraztasunak aurkitzen dituztelako edo zerbaitek atentzioa eman diotelako da, Kantauri Itsasoan behintzat. Hondartzara gerturatzen direnean ahul daudelako eta itsasoak bultzatzen duelako izan ohi da. Itsaso barrenean hil ohi dira, eta neguan, korronte handia dagoenez, hondartzetara bultzatzen dituzte olatuek. Urtero izaten dugu halako kasuren bat. Zarauzko kaxalotea, esaterako, denbora asko jan gabe zegoen, eta ez zegoen osasuntsu.

Animalia bat lehorreratzen denean, zer protokolo jarraitzen duzue?

Ambar elkarteko lehenengo proiektuetako bat izan zen lehorreratze sarea antolatzea; animaliak hondartzan agertzen direnean, ohikoena izaten da zabortegira eramatea; baina horrek datuak galtzea suposatzen du guretzat. Elkartearen helburua da hilda agertzen diren lehorreratze gehienak dokumentatuta izatea. Guretzat ikerketa lagin bat da hori. Horretarako, protokolo jakin bat dugu; edozeinek halako animalia bat ikusten badu eta Ertzaintzari deitzen badio, hauek SOS Deiak zerbitzuarekin jarriko dira harremanetan, eta horiek gurekin.

Halako kasuak gure poltsikotik ordaintzen ditugu, beraz, askotan lehorreratze guztietara joateak zenbaterainoko interesa duen baloratu behar dugu. Elkarteko kiderik joaten ez bada, saiatzen gara norbaitek gutxienez argazki bat ateratzea animaliari, animaliak identifikatuta izateko. Ahal dugun guztietara joaten gara, eta animalia baldintza onean baldin badago, autopsia egiten diogu. Ez badiogu egiten, gutxienez koipe eta azal lagin bana jasotzen saiatzen gara.

Duela bi aste Zarauzko hondartzatik metro batzuetara agertu zen balea bat, hilda, itsasoan. Halako kasuetan, nork hartzen du bere gain?

Kasu horretan ere badago protokolo bat; itsasoan flotatzen badago Itsas Salbamenduen gain geratzen da animalia, nabigazioarentzako arriskua delako. Hondarretan azaltzen bada, leku horren gain geratzen da, normalean udalaren gain; ohikoa da udalak garbiketa enpresaren esku uztea. Azkenean, ia beti zabortegian amaitzen du animaliak.

Abuztua amaieran Zarautzen kaxalotea agertu zenean, esaterako, hasiera baten inork ez zuen nahi kargu hartu. Zarauzko Udalak esan zuen ez zuela baliabiderik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ez zuen nahi. Donostiako Aquariumak ere hasiera batean ez zuen interesik horretarako. Baina animalia hura oso baldintza onetan zegoen. Zoritxarrez, nahiko genukeen arren, ez dugu halako animalia bat gordetzeko baliabiderik guk. Azkenean, Aranzadi elkarteak interesa agertu zuen, eta beraiekin tratuan ari ginela Aquariumak esan zuen bera egingo zela kargu.

Zarauzko kaxaloteak ikusmin handia sortu zuen. Askok ukitu ere egin zuten animalia. Halako jarrerei zer deritzozue?

Hondartzara joan nintzenean, ehun bat lagun zeuden animaliaren ondoan, eta oraindik bizirik zegoen. Asko kaxalotea ukitzen ari ziren, eta bat edo bestek bere haurra animaliaren gainean jarri eta argazkia atera zuen... Niretzat errespetu falta bat da hori; une horretan animaliak izugarrizko estresa du, bertan kateatuta dagoelako. Bere mundua beste bat da, eta inguruan entzuten duen zarata guztia ez daki zer den. Beste animalia askok baino adimen garatuagoa dute animalia horiek. Orduan, bihotzeko bat eragin diezaioke egoera horrek guztiak, gizakioi bezala, ugaztunak direlako. Bestetik, kontutan hartu behar da animaliak 25 tona pisatzen zituela, eta norbait harrapatzen badu ezbehar bat gerta daiteke. Jendeak ez badu horren sentsibilizaziorik, autoritateek izan behar dute. Lehenengo momentutik polizia-lerro bat osatu behar dute. Guk ez dugu nahi inor bidaltzea leku horretatik, baina gauzak ondo egin behar dira.

Ez gaude ohituta naturari begiratzen; hezkuntzan eta gizartean, oro har, bizkarra ematen diogu naturari. Egun horren inguruan asko pentsatu dugu, eta atera dugun ondorioa da trofeo bat bilatzeko sentimendua dugula askotan. Zarauzko kasu hori ikusita, sentitu genuen jendeak kontzientzia hartu behar duela. Horregatik, datorren urtean sentsibilizazio eta instituzioentzako protokolo kanpaina bat egitekoak gara.

Batzuetan gaixorik iristen dira animaliak. Horrek eraginik izan al dezake bertan daudenengan?

Kontuan izan behar da ugaztunak direla, eta gaixotasun kutsakor bat izan dezaketela. Arnas aparatu oso garrantzitsua dute, eta bertako gaixotasunak kutsakorrak izan daitezke. Gainera, parasitoak ere izan ditzakete; Zarautzen agertu zenak bazituen, esaterako. Gutxieneko segurtasun neurriak hartzen ez baditugu, kutsatzeko arriskua dago. Halako kasurik gertatuz gero, gainera, errua animaliari botako genioke, seguruenik ere.

Zenbat zetazeo espezie daude Kantauri Itsasoan?

Hamahiru ohiko espezie inguru daude, baina informazio gehiago dugun heinean, aldatzen joaten dira ditugun teoriak. Bizkaiko Golkoak ezaugarri bereziak ditu, eta horrek kate trofiko aberatsa sorrarazten du; balea urdinak eta orkak ere ikusi izan dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide