Imitazioaren sormena

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 13a, 20:10

Joxean Agirre idazle eta kazetaria. (ILARGI AGIRRE)

Joxean Agirrek Zwei Frauen liburua kaleratu berri du. Lau "imitazio" edo pasartek osatzen dute azpeitiarraren azken lana

Augustin Zubikarai bekari esker ondu du eleberria Zarauzko bizilagunak

Non bukatzen da imitazioa eta non hasten da sorkuntza? Non dago muga zure autore ereduarekin lanean ari zarenean? Joxean Agirrek sorkuntzari buruzko gogoeta modukoa egin du Zwei Frauen (Bi emakume) azken lanean. "Imitazioa antzua da, imitatzen duena ez da artista, imitatzailea baizik", dio Zarautzen bizi den idazle azpeitiarrak: "Idazten hasterakoan, egiten ari zaren hori zeurea dela konturatzen zara, baina sortzen ari zaren hori ez da ezerezaren gainean egiten. Jendeak uste du autorea zerura begira jarri eta orri zuri baten gainean idazten hasten dela, bat-batean. Ez da hala". Autore batek "beti" idazten du "aurrekoak idatzitako orrien gainean", Agirreren arabera: "Egun guztiek birziklatzen dute aurrekoek idatzitakoa. Besteek erabilitako materialaz baliatuz konpostajea egiten da". Inspirazioa "gauza askoren gainean" sortzen den zerbait dela nabarmendu du.

Agirrek betidanik mirestu du Max Frisch idazle suitzarra, eta hori dela-eta, hura imitatzen saiatu da. "Frisch duela 20 urte hil zen, nire ama zendu zen egun berean. Bi heriotz horiek umezurtz sentiarazi ninduten", dio. Ondorioz, harekin izandako "idilio modukoa" kontatu du bere azken laneko laugarren pasartean. "Duela 20-25 urte lilura izugarria izan nuen Frischekiko, ezin nuen burutik kendu. Egunero irakurri behar nizkion orri batzuk. Mendekotasun istorio hori islatu dut laugarren imitazioan", azaldu du: nobela bat idatzi eta lagun bati alemanierara itzultzeko eskatzen dio, hala, laugarren imitazioko narratzaileak. Gerora, Zurichera (Suitza) joaten da eta bere etxean uzten dio idatzia. "Halako trama asmatua da, baina baditu hainbat pintzelada erreal. Ni ere aspaldi batean Zurichera joan nintzen eta autorearen etxe inguruan ibili, zenbat miresten dudan adierazteko mezuren bat utzi ala ez zalantzatan", gogoratu du.

Fikzioa aipamenekin

Fikziozko lau narrazio biltzen dituela dioen arren, badute errealitatetik zerbait: "Ez da liburu konplexua. Filosofikoa dirudi, baina ez da hala. Fikzioa da, autoreak aipatzen ditudan arren. Saiakeran egin ohi da hori, baina imitazioen inguruko lana denez, etengabe aipatzen ditut idazleak".

Frischez gain, beste hainbat autore imitatu du Agirrek. Lehenengo pasartean Bertrand Moran ingeniari frantsesa hartu du oinarrian. François Truffauten L´homme qui aimait les femmes pelikulako protagonista da Moran. "Bizitza osoa emakumeen maitasuna bereganatzen eman zuen; hura zen bere benetako pasioa. Hil zenean, emakume pila bat joan zen haren hiletara; gizonezko bakar bat bera ere ez, ordea", dio. Lehenengo zatiko protagonistak, aldiz, ez du zorte bera izango eta ez du emakumerik konkistatzea lortuko: "Parodia modukoa da", azaldu du.

Bigarrengoan, Fedor Dosoievskyren bizitzako pasarte bat hartuta egin du pasartea idazle azpeitiarrak. Zati hori "pixka bat korapilatu" zitzaiola onartu du: "Ez zait gehiegi gustatu nola geratu zaidan". Hirugarrena, berriz, "oso bere estilokoa" dela dio: "Beka bat jasotze aldera, protagonistak bere ezbeharra kontatuz gutun bat bidaltzen dio epaimahaiari. Lanetik goiz irten eta neskalaguna bi gizonekin ohean aurkitzen duela kontatzen die bertan. Etxetik alde egin eta beste bat atontzen hasten da, orduan. Epaimahaikideek lagina ongi dagoela erantzuten diote, baina neskarekin gertatutakoak interes handiagoa pizten die. Hori luze kontatuz gero beka emango diotela esaten diote, eta hala egiten du. Oso pasarte polita da".

Begirada "gizajoa"

Literaturak ez ezik, emakumeak ere badu lekua Zwei Fraun-en. Frischen inguruko pasartean, kontalariak bi emakumerekin duen harremana aipatzen du: "Protagonista bi emakumerekin bizi da, bigamia moduko batean. Harentzat hori da formula perfektua. Bikote bizitzaganako izua edo klaustrofobia sentitzen du".

Horren aurrean, "begirada matxista" darabilela esan dute askok. "Horrek ez nau arduratzen, krisian dagoen gizonezko baten begirada baita", dio Agirrek. Haren arabera, gizonezkoen egoera aldatu egin da azken urteotan: "Emakumeek askatasunaren eta autonomiaren alde egin duten bidaia horretan baztertu egin dute gizonezkoa. Ondorioz, gure maskulinitatea zalantzan dago". Hala, gizontasun hori "krisian" dagoela dio, eta gizonezkoaren begirada "gizajo" batena dela nabarmendu du: "Gizajo hori ez da tentela; setiatuta dagoen gizona da, izkina batetik begiratzen duena. Eta egokitu zaion paper horretan bere buruari barre egiten dio, ironia puntua du. Joko asko ematen du".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide