'Hi ere hikaz', Azpeitiko hitanoaz aritzeko tailerra

Uztarria.eus 2011ko urr. 14a, 21:10

Koldo Aldalurrek emango du eta urriaren 19an hasiko da

"Ideia da talde bat osatzea eta, ahal bada, leku eta adin ezberdinetako jendearekin osatzea", azaldu du Aldalurrek

Hitanoa gero eta gutxiago eta sarritan aldrebestuta erabiltzen dugula ez da gezurra. Euskal Herriko toki gehienekin alderatuta, Azpeitian hitanoak indar handia du oraindik, baina belaunaldi gutxiren buruan higadura nabarmena jasan du.

Kontu horri buelta bat baino gehiago eman dizkio Koldo Aldalurrek eta "zerbait egin beharra" dagoela sentituta, tailerra martxan jartzea erabaki du, Udalaren ikastaro eskaintzaren barruan. Hi ere hikaz leloarekin, urriaren 19an hasi eta abenduaren 14a arte luzatuko da doakoa izango den ekimena. Tarte horretan asteazkenero, 18:00etatik 20:00etara, izango dira saioak, Sindikatu Zaharrean. Parte hartu nahi dutenek 655723886 telefonora deituta eman dezakete izena.

Altxorra esku artean

Kanpotik etorri behar, etxekoaz konturatzeko. Hiromi Yoshida lagunak esandakoak ohartarazi zuen bere garaian Aldalur, hitanoaren garrantziaz eta haren gainbeheraz: "Hiromik esan zidan egun baten: Zuek konturatu al zarete hitanoa dela aditzarekin jeneroa markatzen duen hizkuntza bakarra edo bakarretakoa? Ikaragarrizko altxorra duzuela hor, eta ni etortzen hasi nintzenetik erabat trakesten eta okertzen ari dela? Zuek konturatu al zarete horretaz?".

Ideia horrekin bueltaka hasi, eta pausoa ematea erabaki du azpeitiar kazetariak. "Ideia da talde bat osatzea eta, ahal bada, leku eta adin ezberdinetako jendearekin osatzea", azaldu du Aldalurrek, Azpeitian eta inguruetan hitanoaren erabileran forma eta molde ezberdinak daudela kontuan hartuta eta, nola ez, belaunaldien artean ere hitanoa erabiltzerakoan alde handia dagoelako.

Zuzenketa positiboa

Zaharrenetatik gazteenetara, eta auzotik auzora ere bai, hika ezberdin egiten da Azpeitian bertan. Desberdintasun horietaz jabetzea, konturatzea, eta zergatik eta nondik datozen hausnartzea nahi du Aldalurrek. Guztia, "zuzenketa positiboa" erabiliz; inolaz ere ez "ze gaizki egiten duzue esateko" eta "irakaslearen figurarik gabe". "Azpeitiarrez, urrestildarrez, nuarbetarrez..." nola esaten dugu hau eta bestea? Haiek nola esaten dute, eta nola esaten dugu guk? "Hika egin, egiten dugu, baina zalantza asko izaten ditugu, guztiok; askotan, esaldiei buelta ematen diegu, aditza ez erabiltzeko", dio Adalurrek.

"Hizkuntzetan, normalean, aldaketak ez dira inoiz ematen belaunaldi batek igartzeko moduan. Gure kasuan, ordea, eta hitanoaren kasuan, gertatu zaigu belaunaldi bakar batean konturatu garela, hemen zerbait goitik behera dihoala. Zera, Ainhoa, emaidak boligrafoa...", nabarmendu du. Gainbehera horretan faktore batek baino gehiagok izango zuten eragina. Aldalurrek "gurasoen lagakeria" aipatzen du, seme-alaben hizkera zuzentzerakoan, eta "Azpeitian dagoen satisfazio ikaragarria eta kontzientzia falta" ere bai. "Herri honek eta bailara honek euskaraz hitz egiteko aukera eman digute... nahi gabe. Hemen normala da euskalduna izatea eta ez gara konturatzen, euskara lorategi bat bezala dela, zaindu egin behar dela, ura bota behar zaiola... geuk ere landu egin behar dugula".

Emaitzak eta beste ekimenak

Tailerrean landutakoak eta emaitzak, izatekotan, zabaltzea ere gustatuko litzaioke grora Koldo Aldalurri: herriko ikastetxeetan, komunikabideetan...

Hain zuzen ere, tailerraren asmoa martxan jarri ondoren jakin du berak Udal Euskara Patronatua eta Mintzola ere ari direla lantzen hitanoaren gaia, kasu horretan herriko ikastetxeei begira eta horien lankidetzarekin —hil honetan dute aurkeztekoa proiektua—. Horrelako lanak Patronatuak egin beharko lituzkela iritzi dio Aldalurrek, eta "zerbaitetan ari zirela ez nekielako" eutsi ziola berak. Eta aurrera egiteko gogoz jarraitzen du, "daukaguna pixka bat aztertzeko eta jendeak kontzientzia hartzeko, ikaragarrizko altxorra daukagula herri honetan, besteei pasatzeko".

Horrenbestez, urte askotan ezer gutxi edo ezer ez egin ondoren, hitanoaren gainean osagarriak izan daitezkeen bi ekimen izango dituzte azpeitiarrek aukeran.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide