Info7-k zuzeneko irratsaioa egingo du zapatuan, Sanagustinen

Uztarria.eus 2011ko aza. 3a, 12:11

Xabi Abasolo eta Nekane Zinkunegi Info7 proiektua eta zuzeneko irratsaioa aurkezteko egin zuten prentsaurrekoan.

Info7 irratia entzun daiteke dagoeneko Azpeitia eta inguruetan, 107,7 frekuentzian

Saioa 11:30ean hasiko da, eta hainbat herritarrek hitz egingo dute bertan

Info7 irratia entzun daiteke dagoeneko Azpeitia eta inguruetan, 107,7 frekuentzian, antena jarri dute-eta. Horren harira, zuzeneko irratsaioa egingo dute zapatuan, hilak 5, 11:30ean hasita Sanagustin Kulturgunean. Nekane Zinkunegi Info7-ko kideak adierazi duenez, "Eskualdean Info7 entzungai izateko garaia bazen dagoeneko, eskualdeko nahi duen orori irrati bidez Euskal Herriko gaurkotasuna irrati bidez eskuragarri jartzeaz gain, eskualdeari hitza emateko modu bat ere badelako". Irratsaioa Azpeitian egingo duten arren, Euskal Herri osoan entzun ahal izango da.

Saioa Azpeitian eta, zehazki, Sanagustin kulturgunean egingo denez, "horri garrantzia" eman nahi izan diotela esan dute Info7-koek. Hori dela-eta, herriko jendeak hartuko du parte bi orduko irratsaioan. Lehenengo, Sanagustingo kideak elkarrizketatuko dituzte, "Kultur Mahaiaren eta kulturgunearen nondik norakoez-eta hitz egiteko". Olatz Prat Sanagustin kulturguneaz mintzatuko da eta Enekoitz Esnaola Kultur Mahaiaz. Segidan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azkenengo final-laurdena igandean, Azpeitian jokatuko denez, Jokin Uranga bertsolaria eta Laxaro Azkune antolatzailea mikrofonora gerturatuko dira. Komunikabideetako kideak ere hartuko dute parte irratsaioan. Besteak beste, Uztarria Komunikazio Taldeko zein Urola Kostako Hitza-ko kideek. Kontu Lepo fanzinearen egileak ere hartuko dute hitza. Horrez gain, Josu Azpillagak teknologia berriez-eta hitz egingo du tarte batean.

Nekane Zinkunegik gaineratu duenez, "Ardo Eguna dela jakinda, kalean aurrera eta atzera ibiliko da jendea eta nahi duen oro gonbidatuta dago Sanagustin Kulturgunera sartu eta guri bisita egitera".

Info7 irrati egitasmoa

.2006. urtean jaio zen Info7 irrati egitasmo nazionala. Aztibegia Elkarteak bultzatutako ekimenez sortu zen Info7.

Internet bidezko irrati gisa sortu zen, eta gaur egun internet bidez mundu guztian entzun daiteke. Xabi Abasolo Info7-ko kideak esan duenez, "gure intentzioa hasieratik FM bidez dialean leku bat edukitzea izan da. Gaur egun, herritarren laguntza eta inizitiba tarteko, hegoaldeko lau hiriburutan eta eskualde nagusietan ematen dugu frekuentzia bidez".

.2.000 bazkide ditu Info7-k eta Abasoloren aburuz, "guzti hau ez litzateke posible gaur egun ditugun 2.000 bazkideei esker ez balitz, beraiek dira-eta irratiaren oinarria eta sostengua". Info7 irratikoek hiru erronka nagusi dituzte aurrera begira: oinarria eta bazkide kopurua handitzea, frekuentzia bidez Euskal Herri osora zabaltzen jarraitzea eta laister esleituko diren lizentzietako bat eskuratzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide