Xabier Garin: "Garaian garaiko eta bertako produktuak kontsumitzea sustatu behar da"

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 8a, 17:11

Xabier Garin Uztaro Kooperatibako kidea, barazkiz betetako otarre batekin. (AMAIA VENTAS)

Azpeitikoa duela bi urtetik da Uztaro kooperatibako kide

Gaur, asteartea, hitzaldia emango dute Getarian eta igandean, hilak 13,ate irekien saioa egingo dute Beizaman

Xabier Garin (Azpeitia, 1976) duela bi urtetik da Uztaro kooperatibako kide. Haren esanetan, asko aldatu da elikagaiak kontsumitzeko zuen modua; egun badaki "zer jaten" duen, baita nondik datorren ere. Garaian garaiko elikagaiak jatearen garrantzia nabarmendu du, baita bertako produktuak kontsumitzearena ere. Gaur Baratzatik sukaldera hitzaldia eskainiko dute kooperatibako kideek Getarian (Alondegian, 19:00etan), haren funtzionamenduaren nondik norakoak herritarrei azaltze aldera. Bestalde, igandean ate irekien saioa antolatu dute Beizamako baratzean, herritarrek bertatik bertara ezagutu dezaten haren funtzionamendua. Herriko plazan elkartuko dira, 10:30ean.

Zer da Uztaro?

Agroekologian eta autogestioan oinarritutako kooperatiba da Uztaro. Elikaduraren inguruan sortzen diren kezkei erantzuna emateko sortu zen, duela bost urte edo gehiago. Askotan ez dakigu kontsumitzen ditugun produktuak nolakoak diren, nondik datozen... Uztaroko kideok prozesua goitik behera ezagutzen dugu; jaten ditugun barazkiak geuk landatutakoak dira, badakigu nondik datozen, nork eta nola landatu diren, nola zaindu diren, non... Horrez gain, prozesuan bertan parte hartzeko aukera ematen du. Beizaman baratza kolektiboa dugu. Asko kaleko jendea gara, baratzarekin zerikusi handirik ez dugunak. Uztarok inguru hori ezagutzeko aukera eskaintzen digu, eta baratzako lanak egiteko. Prozesu guztia ezagutzen dugu.

Nolakoa da zuen funtzionamendua?

Lantalde bat dugu, hiru lagunez osatuta. Lantalde hori baratzako eguneroko lanaz arduratzen da; planifikazioaz, ereiteaz, mantentzeaz... Horrez gain, hainbat herritan kontsumo taldeak ditugu. Herri bakoitza, txandaka, astero uzta jasotzeaz arduratzen da. Hala, igandero taldetxo bat Beizamara joaten da. Ereindakoa jaso eta herri guztien artean banatzen du. Ildo horretatik, kideok astero jasotzen dugu gure baratzako produktuen otartxo bat.

Funtzionamendua batzar bidez zehazten da. Hilero egiten ditugu bilkurak, herri guztietako ordezkariekin eta lantaldekoekin. Bertan, hainbat gai jorratzen dugu, eta nola antolatu eta bidean sortzen diren arazoei nola aurre egin erabakitzen dugu, besteak beste. Urte osoko plangintza egiten dugu, eta saiatzen gara astero zer jasoa izaten.

Bestalde, tarteka auzolanak antolatzen ditugu. Noizbehinka pisu handiko lanak izaten dira; patata sartzea, belarra garbitzea, simaurra botatzea, biltegia konpontzea, besteak beste. Halako lan bereziak egokitzen direnean eta lan gogor hori lantaldearen esku soilik ez uztearren, deialdia egiten da ahal duenak parte hartu eta lagun dezan.

Elikadurak gero eta garrantzia handiagoa du garaiotan, jende askok hartzen al du parte Uztaron?

Egun bost herritan ditugu kontsumo taldeak: Azkoitian, Lasarten, Villabonan, Zarautzen eta Zestoan. Gutxi gorabehera, 40-45 otar banatzen ditugu herriz herri, baina kide gehiagok hartzen dute parte kooperatiban, otar bakoitza lagun gehiagoren artean banatzen baita. Hala, otar bakoitzeko kuota ordaintzen dute kideek hilero. Horrek ez du esan nahi kooperatibaren jarduna ekintza komertzial gisa planteatzen dugunik; ez dugu barazki batzuren kontura negoziorik egiten. Gure proiektua baratza kolektibo bat izatea da, eta hura mantentzeko eta gastuak eta inbertsioak ordaintzeko kuota bat ordaintzen da. Ez da diru truke bat, sortzen den guztia banatzen da, ez da soberakinik sortzen. Zenbat garen kontuan hartzen dugu, eta horren arabera ekoizten dugu; ez da salmentarik egiten.

Zergatik erabaki zenuen bertan parte hartzea? Nolatan izan zenuen Uztaroren berri?

Hitzaldi baten bitartez jakin nuen Uztaro kooperatibaren berri. Betidanik izan dut produktu ekologikoak kontsumitzeko joera, eta elikagai osasuntsuen inguruko gaia asko interesatzen zait. Orokorrean, ezjakintasunez erosten dugula deritzot; askotan ez dugu ezagutzen erosten ditugun produktuen jatorria, ezta zer-nola landu edo zaindu dituzten... Elikagaien kalitatea eta jatorria ezagutzeko animatu nintzen Uztaron parte hartzera, beraz.

Horrez gain, lurrarekin zuzeneko hartu-emana izateko interesa piztu zitzaidan. Kaleumea izanik, landa mundua baztertuta neukan, eta hitzaldia entzun ostean ikasteko gogoa sartu zitzaidan. Egia esan, oso pozik nago Uztaroko kide naizelako; izan ere, jende asko ezagutzeko aukera izan dut, eta taldean oso giro ona dugu. Tarteka baratzera joaten gara lanera, gustuko lana egitera, eta gustuko jendearekin. Konpromisoa eskatzen duen proiektua da. Izan ere, Beizamara joan behar izaten da, eta ez da oso eskura geratzen; baina merezi du. Jasotzen ditugun barazkiak kalitatezkoak dira, eta antzematen da.

Alde horretatik, zure elikadura aldatu egin al da?

Bai. Dendara joaten zarenean, nahi duzuna edo gustuko duzuna erosten duzu. Guk, ordea, guztion artean erabakitzen dugu zer landatu, eta, hori dela eta, askotan produktu berriak sukaldatzen eta jaten ikasten dugu. Zure ohiko menua jaso duzunaren arabera antolatzen duzu, eta gustua lantzen duzu, bide batez. Jaten ikasten duzu.

Garaian garaikoa jaten duzue,elikagaien jatorria ezagutzen duzue... Jendea elikadura osasuntsuaren inguruan kontzientziatuta dagoela uste al duzu?

Bai, dudarik gabe. Gipuzkoan egunetik egunera kontsumo talde gehiago sortzen ari dira. Horiek ez dute gure kooperatibaren funtzionamendu eta filosofia bera, baina badute parekotasunik. Nik uste beharrezkoa dela garaian garaiko eta bertako produktuak kontsumitzea, garai batean egiten zen moduan. Batez ere, inguruko baserrietako eta ekoizle txikien produktuak erosi eta bultzatu behar direla uste dut. Aurrera ateratzen lagundu behar zaie, atzerriko produktuak alde batera utziz.

Ohiko jarduerez gain, beste hainbat ekimenetan hartzen duzue parte, ezta?

Gure produktuak ezagutzera emateko helburuarekin hartzen dugu zenbait ekimenetan parte, baita kide berriak lortzeko ere. Gure asmoa ez da geuk ekoitzitako barazkiak saltzea, kooperatibaren berri eman eta gure funtzionamendua herritarrei azaltzea baizik. Ildo horretatik, Zarauzko Azoka Ekologikoan parte hartu izan dugu, besteak beste.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide