Taxien prezioak 2012an KPI adina igotzea onartu dute Azpeitiko Udalean

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2011ko aza. 10a, 11:11

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako adierazpena ere onartu du Azpeitiko Udalak, aho batez

Bestalde, EAJko kideek oharra banatu zuten azarokoa ere ezohiko bilkura izan dela kritikatzeko

Urola Erdiko taxien zerbitzuaren prezioak Iraurgi Lantzenen erabakitzen dira, prezioak publikoak direlako. Hala, taxien prezioen gainean erabaki zuten herenegun Azpeitiko udalbatzarrean. 2012an taxien prezioa edo tasak KPI igotzea erabaki zuten aho batez alderdi guztiek, zehazki.

Taxilarien nahia edo eskaera beste bat izan dela ere azaldu du Eneko Etxeberria (Bildu) alkateak. "Taxilariek astegunetan prezioa KPI adina igotzea proposatu zuten, baina gauetan eta asteburuetan KPI baino gehiago igo nahi zuten prezioa. Beraz, KPI ez zaie onartuko KPI baino gehiago onartzea".

Horrez gainera, Urola Erdian garraio publikoa indartzeko joan den martxoan abian jarritako proiektuak arazoak dituela aurreratu zuten udalbatzarrean. Autobusen ordutegia zabaltzeko martxan jarritako lehiaketa egin zuten, baina nonbait ez du behar bezalako emaitzarik izan.

Martxoan, orduan Gipuzkoako Foru Aldundian agintzen zutenek, Donostiarako eta Zumarragarako autobus zerbitzu gehiago jarriko zituztela esan zuten. Foru Aldundia zen zerbitzua martxan jartzekoa, eta aurtengo azken hiruhilerako zerbitzu berriak indarrean egotea espero zuten. Baina, zerbitzua eskaintzeko lehiaketara EuskoTren bakarrik aurkeztu zen. Horren harira, hainbat helegite aurkeztu da, baita onartu ere.

Azaroaren 25ean, bilkura

Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela-eta, adierazpen instituzionala onartu zuen Udalbatzak, aho batez, batzar amaieran. Hau dio testuak, besteak beste: "Emakumeenganako indarkeria, zoritxarrez, gure gizarteko errealitateetako bat da. Ez dira kasu isolatuak; Azpeitian ere gertatzen dira horrelakoak".

Emakumeenganako indarkeriaren aurka Beldur barik jarrera lelo hartuta jardungo dute aurten. Horrez gain, azaroaren 25erako Azpeitiko Bilgune Feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egingo du Udalak.

Azpeitiko Hirigintza Planaz

Udalbatzarra bukatzeko, Aitor Arangurenek, Hamaikabateko zinegotziak, Azpeitiko Hirigintza Planari buruz egindako galderari erantzun zion alkateak. Hau da, Arau Subsidiarioak zertan diren galdetu zion alkateari: "Bost hilabete dira agintaldia hasi zela, eta oraindik ez dakigu zertan diren Arau Subsidiarioak. Udalarentzako tresna nagusia dira horiek".

Corrugados Azpeitia enpresaren gaur egungo egoerak eragin nabarmena duela erantzun zion alkateak. "Ez dakigu Corrugados enpresan zer gertatuko den. Bertan bata edo bestea gertatu, zeresan handia eduki dezake Azpeitiko Hirigintza Planean. Plana hamar urtekoa da, eta, beraz, arduraz eta zuhurtziaz jokatzea eskatzen du. Nahiko genukeena da, lehenbailehen enpresa horren egoera argitzea". Horretan, EAJko Jesus LarraƱaga bat etorri zen alkatearekin.

Bukaeran, EAJren idatzia

Herenegungoa ezohiko Udal Osoko Bilkura izan arren, alkateak galderak eta erreguak egiteko aukera eman zuen plenoaren bukaeran. Baina, hala ere, EAJko ordezkariek oharra banatu zuten hedabideen artean, eta idatzian azarokoa ere ezohiko bilkura izan dela kritikatu dute, eta "zerrendako gaiak bakarrik lantzeko aukera eman duen pleno zurruna" izan dela azaldu zuten.

Honatx EAJko kideek banatutako oharra:

"Berriro ere azaroan ezohiko plenoa, extraordinarioa. Berriro ere aztergai zerrendako gaiak bakarrik lantzeko aukera ematen duen pleno zurrun bat. Gai horietatik kanpoko galderarik ezin egin, guk izan genezakeen punturik ezin atera mahaira, horretarako aukerarik ez dagoelako. Pleno itxia, zurruna, aurretik zehaztutakoa.

Guk nahi duguna, guk eskatzen duguna, da ohiko pleno gehiago izatea, ez ezohikoak. Ohiko plenoak irekiak baitira, dinamikoak, elkarrizketa eta ideia-jasaz oparoak, udal gobernu taldearen eta oposizioaren artean ekarpenak elkartrukatzeko aukera ematen duten espazioak. Denok geure ideiak azaldu eta eztabaidatzeko lekurik aproposenak. Irekiak eta akordiorako irtenbide ugari eskaintzen dutenak."

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide