2007ko irailetik aurtengo irailera langabezia %104 igo da Urola Kostan

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 17a, 10:11

Urola Kostako LABeko ordezkariak asteartean Azpeitian, Sindikatu Zaharrean, agerraldia hasi aurretik. (Nerea Uranga)

Gezurretan ari zarete kanpaina aurkeztu dute eskualdean LABekoek, eta "alternatiba" badagoela esan dute

Aurtengo irailean 3.776 langabe zeuden eskualdean

Gezurretan ari zarete kanpainaren berri ematearekin batera, Urola Kosta eskualdeko egoera azaltzeko datu batzuk eman ditu Urola Kostako LABek. Hiruzpalau urte dira krisia hasi zela, eta "horren aitzakian" arduradun politikoak hartzen ari diren neurriekin "gezurretan" ari direla salatu dute: "Krisia hasi zenetik, krisitik irten ahal izateko politikak ezartzen ari zirela esan digute, eta hori gezurra da". Urola Kosta eskualdean bertan, aurtengo irailean orain lau urteko irailean baino %103,66 gehiago da langabezia, sindikatukoek adierazi dutenez.

Urola Kostan enpresa ugari itxi da, eta "enplegu suntsiketa handia" gertatu da, LABen arabera. Krisia hasi zenetik langabezia urtez urte igotzen ari dela nabarmendu dute. Horren erakusgarri, urtez urte langabeziaren datuak nolakoak izan diren azaldu dute: 2007ko irailean, 1.854 langabetu zeuden eskualdean; 2008an, 2.047 langabe (aurreko urtean baino %10,4 gehiago); 2009an, 3.436 langabe (2007an baino %85,32 gehiago); 2010ean, 3.637 langabe (%96,17 gehiago); eta, 2011n, 3.776 langabe (%103,66 gehiago). Une honetan, Urola Kostako langabezia maila "altua" da. Gainera, benetako egoera hori baino larriagoa delakoan daude LABekoak: "Irailean, datuak jaso genituenean, turismo sektoreko hainbat langile oraindik baja eman gabe zeuden, eta arrantza sektoreko langileak ere ez zeuden langabezian izena emanda".

Enplegua Erregulatzeko Txostenei dagokionez, aurten Urola Kostan 63 txosten onartu dira. Eskualdearen etorkizuna nahiko ilun ikusten dute: "Aurreikuspenak ez dira oso onak, enplegu suntsiketa eta Enplegua Erregulatzeko Txostenekin jarraitzea baita joera. Une honetan, besteak beste, Corrugados Azpeitia enpresako gatazka hor dugu, non 140 langile kaleratzeko aukera aurkeztu duten".

Dena den, "lanean oso ondo eta irabaziak izaten" ari diren enpresak ere badaudela dio sindikatuak, "krisiaren eraginetik kanpo daudenak".

Eraso berriak etortzear

Eskualdetik egoera orokorrera itzuliz, "eraso berriak" etortzear direla ikusten dute LABekoek. "Beste atzeraldi ekonomiko baten aurrean gaudela esaten digute. Aurretik hartu dituzten neurriak ez dute krisitik ateratzeko balio izan, eta, gainera, eraso berriak prestatzen ari direla ikusten ari gara", dio LABek. "Herritarrei bizkarra emanda, arduradun politikoak krisialdia sortu duten bankari eta enpresari handiekin lerrokatu dira. Horregatik diogu errudunak direla".

Krisitik irteteko arduradun politikoek hartu dituzten neurriak ez direla egokiak dio sindikatuak. "Krisitik irteteko neurri hoiek hartzea beste modurik ez dagoela esaten digute, baina hori ere gezurra da", esan dute. Baina sindikatukoen ustez krisialditik ateratzeko beste modurik badago; "alternatiba badago".

Langileen aldeko eredua

Krisialditik ateratzeko, besteak beste, ezarri diren politikak aldatu behar dira LABen ustez: "Ezartzen diren politikak botere ekonomiko- finantzieroek erabakitzen eta zuzentzen dituzte. Hori ezin da onartu. Behingoz, politika horiek aldatzea da erabaki behar duguna".

Horrez gain, langile3k osatzen duten gehiengo sozialaren alde egingo duen eredu ekonomiko eta sozial bat eraiki behar da: "Erabaki behar dugunak herritarrok gara, langileok". Alternatiba hori Euskal Herrian erabaki behar dela ere aldarrikatu du sindikatuak: "Gure herrian ditugun indar eta gaitasun guztiak erabaki tzeko eskubidea eskuratzera eta errespetaraztera bideratu behar ditugu". Boterea berreskuratzeko burujabetza politikoa eta ekonomikoa "beharrezkoak" direla nabarmendu dute.

LABeko kideak alternatiba "ezinbestekoa" delakoan daude, eta hori garatzeko instituzioen papera "funtsezkoa" dela nabarmendu dute. Horregatik, igandean, hauteskunde orokorretan Amaiurren alde bozkatzera deitu dituzte herritarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide