Regla Araceli Hernandez: "Argi dut: integratu egin behar dugu, ez besteek lagundu zain egon"

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 17a, 19:11

Regla Araceli Hernandez, etxeko balkoian. (LEIRE VENTAS)

Maitasunez hitz egiten du aberriari buruz, baina Kubara "oporretara soilik" itzuliko dela dio, irmoki

Azpeitian du bizi proiektua, senarra eta semea, eta betetzeko amets ugari

"Hemen gelditzeko asmoarekin etorri nintzen, ez dirua egin eta itzultzeko. Nire bizi proiektua dut hemen". Duela hamar urte heldu zen Regla Hernandez Kubatik Azpeitira, eta argi du. "Hemen biziko naiz, hil arte. Ondoren, hezur erdiak hemen, eta beste erdiak Kubara". Joseba Aitor Alberdi senarra, eta Hodei, zortzi urteko semea, ditu bizi proiektu. Eta ahal duen guztietan, karabana hartu eta bazterrak ezagutzea. "Ez ahaztu Azpeitiko Autokarabana Elkartekoak garela jartzea, Bagoazekoak", gogorarazi du, elkarrizketa amaitu berritan.

Urteak daramatzazu Azpeitian; hamarkada bat, hain justu.

2001ean etorri nintzen, Joseba Aitor Alberdirekin ezkonduta. Han lanean zegoela ezagutu nuen, eta hemen postu bat atera zitzaionean etorri ginen, aldatzearren.

Zergatik erabaki zenuten Azpeitira etortzea?

Nire senarra Itziarkoa da, baina umetan etorri zen Azpeitira. Azpeitikoa izan da beti.

Gustuko al duzu herria?

Euskal Herrian oso ondo sentitzen naiz. Ongi tratatzen naute. Azpeitiari ez zaio ezer falta; asko gustatzen zait Sanjuandegi, bizi naizen auzoa. Nire semea iluntzeko zortziak arte plazan egon daiteke udan, ezer ez zaiola gertatuko jakinda. Kubara, oporretan; gero eta argiago daukat.

Heldu berritan Nerea Uranga kazetariak elkarrizketa egin zizun, Uztarriarako. "Hemen oso zaila egin zait lanpostu bat lortzea", zenion orduan.

Ingeniari industriala naiz, eta titulua homologatu behar nuen. Tramiteek iraun zuten bitartean, lanean jardun nuen, egurrarekin tailer batean, Azpeitiko erregistroan... Denbora baterako lanak ziren guztiak. Homologatu ahal izateko, beste zenbait ikasketa egin behar nituela esan zidaten, ni 1990. urtean graduatu bainintzen. Ikasten hastear nintzela, haurdun gelditu nintzen. Beraz, bai, oso zaila egin zait lanpostu bat lortzea. Corrugadosen jardun nuen lanean, baina osasunagatik utzi behar izan nuen; asmagatik. Egun adineko jendeari laguntzen diet euren etxeetan; hori da nire ogibidea. Ez nuen inoiz pentsatuko, ingeniaria izanda, baina familiari lagundu behar nion. Gustura nabil; apur bat etsita, baina gustura.

Etorri eta berehala euskara ikasten hasi zinen, AEKn. Zer moduz daramazu?

Kuban nengoenean hasi nintzen euskara ikasten. Hizkuntza zaila da, baina hemen asko erabiltzen da, Azpeitian bereziki. Eta nik argi neukan, ezin nuen hona etorri eta nire hizkera inposatzen hasi; zegoenera egokitu behar nuen, integratzen hasi. Hala, Bakarka-ren bitartez hasi nintzen euskara ikasten, Kuban. Gainera, euskaldun asko joaten zitzaigun bisitan, senarraren lagunak, eta oinarrizko adierazpenak ikasi nintuen. Urrian etorri nintzen, eta hil hartan bertan eman nuen izena euskaltegian. Kanpotik gatozenentzat oso plangintza egokia du. Laugarren mailara arteko ikasketak egin nituen. Gero, utzi egin dut, lanagatik eta. Baina argi dut: integratu egin behar dugu, ezin dugu egon beti besteen laguntzaren zain.

Heldu zinenean ez zineten hainbeste etorkin izango herrian...

Kubatarrak gutxi ziren, pare bat edo. Egun jatorri askotako bizilagunak gaude Azpeitian. Ondo moldatzen gara, baina ni ez nintzen etorkinekin ibiltzera etorri Azpeitira. Integratzeko asmoz etorri nintzen; nire senarraren koadrilan eta munduan barneratzera. Nire herrikideekin badut harremana, baina ez ditut haiekin igarotzen eguneko 24 orduak. Jende askorekin partekatzen dut denbora, Euskal Herriko Autokarabanismo Klubeko kidea bainaiz.

Konta ezazu gehiago zaletasun horren inguruan.

Kubatik datorkigu. Han ez geneukan autokarabanarik, baina sarri joaten ginen kanpinetara. Hona iristean, koinataren karabana erabiltzen hasi ginen, bazterrak ezagutzea gustatzen baitzaigu. Ondoren gurea erosi genuen. Poz handiak eman dizkigu autokarabanak, eta emango dizkigu. Semea jaio zenetik ibili izan da bertan, eta asko gustatzen zaio. Euskal Herriko Autorakarabanismo Klubeko kideak gara, baita Azpeitiko elkartekoak ere; Bagoazekoak. Gainera, Espainiako Autokarabanista Elkarteko kideak ere bagara, eta Espainiako txoko ugaritako jendearekin juntatzen gara han eta hemen. Abenturazaleak gara. Bardeetan izan gara, karting pista batean, elurretan... Nik elurra zapaldu nuen lehen aldian ez nuen normala ematen; nire herrialdean ez dago elurrik, izan ere. Asko gozatzen dut orain. 40 galtza pare janzten ditut, bata bestearen gainetik, hori bai; ez naiz hotzera ohitu.

Kubara oporretara soilik, beraz.

Bai, eta izan naiz. 2001ean heldu nintzen, eta 2005ean joan nintzen lehen aldiz bisitan. 2009an izan nintzen berriz, eta 2013an itzultzeko asmoa dut. Baina sentimentuek asko lotzen naute han. Familia dut han. Ondo daude, baina badakite bizitza hemen egin nahi dudala. Ametsak ditut betetzeko. Eta dirua behar da horretarako. Gainera, senar zoragarria dut, eta haren familiak, Alberdi-EgaƱa familiak, Carmenek eta Luisek, oso-oso ondo hartu naute. Babestu egin naute, eta nire kultura errespetatu.

Urte hauetan guztietan asko aldatu da Kuba.

Bai, izugarri. Ekonomia irekitzen ari da egun, Gobernua neurri aurrerakoiak martxan jartzen ari da, eta onuragarria izango da hori. Gaitz sakonago bat badago, jendearen pentsaera aldatu behar da, baina sistema bezala onura asko ditu kubatarrak. Nik, esaterako, zentimorik xahutu gabe ikasi nuen ingeniaritza, eta dentistak protesi bat jartzea bost bat euro kostatzen da. Estatuak garrantzia handia eman izan dio beti hezkuntzari eta osasunari. "Herri kultua herri jakintsua da", dio Fidelek [ Castro ]. Baina Kubaren kontrako blokeoa ere hor dago, Ameriketako Estatu Batuena, izugarria, eta egoera ekonomiko kaxkarra dugu.

Kubatarren pentsamoldea aldatu beharra aipatu duzu. Zeri egiten diozu erreferentzia?

Han eskubide bera du lan egiten duenak eta ez duenak. Estatuak elikagai kartilla bat ematen die herritar guztiei, eta gutxienekoa bermatzen du horrek. Lan egiten duenak eta egiten ez duenak mediku arreta jasotzeko eskubide bera du. Eta jendea errazera ohitzen da. Bestetik, irabazitako diruak ez du baliorik; peso kubatarrak ez du baliorik. Eta hori ere ez da akuilua. Hiru txanpon daude nire herrialdean: peso kubatarra, dolarra eta euroa. Eta lehen beharreko gauza asko ezin dira erosi pesoarekin. Desmotibatu egiten du horrek. Berdinzaletasun edo igualitarismoa da nagusi han, eta ez gara berdinak. Berdintasuna onuragarria da, berdinzaletasuna ez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide