Hiru urteko lanaren ostean, Azpeitiko ahozko ondarea jasota

Uztarria.eus 2011ko aza. 18a, 14:11

Ezkerretik eskubira, Haizea Odria eta Aintzane Agirrebeña Badiharduguko kideak, Patxi Saez Euskara Patronatuko kidea, Ainhoa Beristain Udaleko Euskara zinegotzia eta Mari Jose Iturria zinegotzia.

Gaur, ostirala, proiektua bukatutzat eman dute Badihardugu elkarteko kideek eta Udaleko ordezkariek

.75 herritarren lekukotasunak jaso dituzte hiru urteotan

Duela hiru urte hasi zen Badihardugu Euskara Elkartea Azpeitiko ahotsak jasotzen. Gaur, ostirala, proiektua bukatutzat eman dute Badihardugu elkarteko kideek eta Udaleko ordezkariek.

Azpeitiko ahozko ondarea, memoria historikoa eta herri hizkera jaso, landu eta zabaltzeko helburuarekin abiatu zuten Azpeitiko ahotsak proiektua, eta helburuak beteta, Azpeitiko Ahozko Ondarearen Artxiboa Euskal Herriko Ahotsak egitasmoan txertatu dute.

Elkarrizketak

Helburu horien karietara, 75 herritarren lekukotasunak jaso dituzte hiru urteotan, Badihardugu elkartekoek. 70 urte baino gehiago dituzten, euskara batuarekin eta gaztelerarekin harreman gutxi izan duten 60 azpeitiar emakume zein gizon elkarrizketatu dituzte.

Elkarrizketak egiteaz gain, herrian lehendik egindako hainbat proiektutako grabazioak jasotzeko ahalegina ere egin dutela adierazi du Haizea Odria Badihardugu elkarteko kideak: "2005 inguruan Udalak ateratako Azpeitiko euskara bekarako Eñaut Frantzesenak eta beste hainbatek egindako grabazioak bildu dira". Bestalde,Azpeitiko Hitanoa proiktua ere sortu da Azpeitiko Ahotsak proiektuaren harira, eta Azpeitiko hitanoa jasotzeko lau elkarrizketa egin dituzte.

Grabazioak

Materiala lantzeko metodologia honakoa izan dela adierazi dute Haizea Odriak: "Grabazio bakoitza minutuz minutu laburtzen da 2-4 minutuko pasarteak sortuz. Pasarte horietako bakoitzak ondorengo informazioa izaten du laburtze lan hori bukatutakoan: izenburua, pasartearen laburpena, iraupena, gai-kodea eta transkripzioa".

Gainera, "pasarte bakoitzari lehentasun-maila bat" ematen zaiola, eta "pasarteak horren arabera, interesgarrienak interneten erakusteko aukeratzen" direla esan dute.

Azpeitian, guztira, 38 grabazio landu dira guztira. Hori dela-eta, 816 pasarte daude kontsulatatzeko moduan Ahotsak.com webgunean. Horietatik, 114 daude transkribatuta, eta 201 pasarte bideoan ikusi daitezke.

Azpeitiko Udaleko Euskara zinegotzi Ainhoa Beristainek eta Badihardugu Euskara Elkarteko Haizea Odria eta Aintzane Agirrebeñak eskerrak eman dizkiete bai ahotsa eta bideoa grabatzen utzi duten herritarrei.

Euskara Patronatukoek, berriz, grabazio osoak DVDtan dituztela eta norbaitek zerbaitetarako beharko balitu patronatuan eskuragarri dituela azaldu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide