Hainbat ekimen Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan

Uztarria.eus 2011ko aza. 22a, 17:11

Bilgune Feministakoak Plaza Txikian elkartu ziren Autodefentsa Txokorako deia egiteko.

Indarkeria matxistaren aurka film zikloa emango dute gaur eta bihar (asteartea eta asteazkena) Emakumeen Txokoan

Egunean bertan, azaroaren 25ean, kontzentrazioa izango da plazan, eta 26rako Autodefentsa Txokoa antolatu dute

Ostiralean, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da eta, egun horren bueltan, Azpeitian ere hainbat ekimen antolatu dituzte.

Aurrenekoa gaur bertan jarriko da abian. Hain zuzen ere, Indarkeria matxistaren aurka film zikloa emango dute gaur eta bihar (asteartea eta asteazkena) Emakumeen Txokoan. Udaleko Parekidetasun Sailak eta herriko Emakumeen Mahaiak Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean prestatu dute bi eguneko ziklotxoa. Emanaldiak 19:30ean hasiko dira bi egunetan, eta hau da programazioa:

Asteartea, hilak 22

  • Emakumeen gorputza (Italia)
  • Pantojismo (Herrialde Katalanak)
  • Zergatik dira garrantzitsuak emakumeak? Aldaketaren alde lanean (Mexiko)

Asteazkena, hilak 23

  • 20 urte (Kuba)
  • Martxan (Euskal Herria)

Autodefentsa Txokoan parte hartzeko deia

Bilgune Feministak eta Urola Kostako Koordinadora Feministak dei egin dute azaroaren 25eko egunaren inguruan mobilizatzera.

Egunean bertan, azaroaren 25ean, goizean zehar mobilizazioak egingo dituzte ikastetxeetan, eta 19:00etan kontzentrazioa izango da plazan. Larunbaterako, hilaren 26rako, berriz, Autodefentsa Txokoa antolatu dute Emakumeen Txokoan. Emakumeek bizi duten "diskriminaziozko egoera latzaren" aurrean, "ezinbestekoa dugu emakumeok elkartu, indarrak hartu, eta egoerari aurre egiteko bitartekoak jartzea. Eta zertarako nahi dugun elkartu? Menpeko izatetik emakume aske eta autonomoak izateko! Maila pertsonal zein kolektiboan erantzutea autodefentsa feministaren bidez lortuko baitugu", diote Azpeitiko Bilgune Feministakoek. Autodefentsa Txokoa larunbat goizeko 10:00etan hasiko da.

Ildo beretik, eta Instituzioen borondate ezaren aurrean, emakumeok autodefentsa! izenburuarekin, azaroaren 25aren inguruan idatzi hau plazaratu du Urola Kostako Koordinadora Feministak:

"2011an zazpi emakume erail izan ditugu Euskal Herrian: Yanela, Amaia, Jone, Rosario, Portugaleten eraildako emakumea, Deisy eta Sophie. 2009ko urritik Norak desagertua jarraitzen du eta Euskal Herrian tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen zerrenda etengabea da, bi egunetik behin tratu txarrengatik norbait atxilotua dela irakur dezakegu egunkarian. Gertaerei erreparatuz, aurtengoan ere garbi geratu da Urola Kosta ez dela eskualde isolatu bat, hemen ere gertaera lazgarriak pairatu ditugu.

Gertaera guzti hauen atzean indarkeria sexista dago. Sexu bat bestearekiko gailentzen baita, batak bestea menperatuz. Sistema honek martxan dituen botere harremanetan eta emakumeak gizonekiko dauden menpeko egoeran aurkitu behar dugu egungo indarkeria kasu ugariren arrazoia. Beraz, indarkeria gertaerak ez dira modu isolatuan eta pertsonalean ulertu behar. Arazo sozial eta estruktural baten aurrean baikaude.

Instituzioetatik martxan jarritako neurriak ez direla nahikoa adierazten digute datu eta gertaerek. Planteatzen diren neurriek ez dute indarkeriaren dimentsio guztia kontuan hartzen eta askotan soilik bikote harremanetan gertatzen diren erasoez arduratzen dira, jazarpenak, kaleko erasoak, irainak, erailketak... jendartearen eremu guztietan eta adierazpen askotan gertatzen direla ahazten dute. Beraz instituzioei, indarkeria sexistaren jatorriari erreparatuz, benetako neurriak jarri ditzaten eskatzen diegu, urgentziazko neurri nahiz prebentziorako neurri erreal eta produktiboak.

Agerikoa da instituzioek borondate politiko nahikoa erakusten ez duten bitartean, emakumeok zapalduta eta indarkeria sexista pairatzeko arriskuarekin jarraitzen dugula. Baina emakumeok autodefentsan sinesten dugu, gure burua defendatzeko dugun gaitasunean, eta ez dugu salbatzaileen zain egoteko asmorik.

Autodefentsa feministari ekin diogu, beldurrarekin amaitu eta jarrera aktiboz egoerari erantzuteko. Emakumeok elkartu, antolatu, eta espazio amankomunak sortu behar ditugu. Gure burua defendatu behar dugu.

Horregatik inoiz baino ozenago dei egin nahi diegu Urola Kostako emakumeei erasoei autodefentsaz eta elkartasun feministaz erantzuteko. Egunero kolpatzen gaituen jendarte patriarkalari hortzak erakutsi eta denon artean euskal jendarte berri baten oinarriak ezarri ditzagun".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide