Ez dira urte asko istorioa kontatu zidatela, baina geroztik ez da ezabatu nire memoriatik, bihotz-muineraino barneratzen den horietako istorio bat delako, barnean geratzen zaizuna erantzun baten zain, zure laztanen zain.
Familia normal bateko amona normal bat zen, bere bizitza osoan espainolez hitz egin zuena. Senarrarekin, seme-alabekin, bilobekin, bisitan etortzen ziren osaba-izebekin, lehengusu jendearekin, inork ez zuen espainolez baino hitz egiten entzun.
Zahartu egin zen, eta 80 urtetik aurrera zihoala burua galtzen hasi zen, lehen hain modu graziosoan "falta de riego" esaten zitzaionaren ondorioz eta poderioz, azkenean ohetik altxa ezinda geratu arte. Eta horrela zegoela, egun batean gertatu zen miraria: euskaraz hitz egiten hasi zen. Horrelaxe, inori abisatu gabe, etxekoen espainolezko erreguei jaramonik egin gabe, esplikaziorik gabe eta damurik gabe.
Etxean inork ez zekien hitzik euskaraz, eta herriko euskaldun bati abisatu behar izan zioten, amonaren hitzak itzuli zitzan. Horrela eman zituen asteak, edo hilabeteak, ez dakigu, tutik ulertzen ez zioten etxekoei euskaraz hitz egiten, hauek itzultzaile baten bidez jakiten zutelarik amonaren berri, hil zen arte. Imajinatzen dut amona umetako gauzak kontatzen, eta familia bere inguruan itzultzaileari galdezka, "¿Qué ha dicho? ¿Qué ha dicho?".
Amona gaixoa! Zer ikara, samin, izu eta mehatxu jasan ote zituen umetatik zekien hizkuntza hura bere garunean baztertzeko, ezabatzeko eta ahaztu ahal izateko! Zaila da benetan: nahi gabe atera egiten zaizkizu hitz solteak, bertso zaharren bat, kantu baten lerroa, txiste bat, esaera bat. Haurtzaroko hitzak dira mingainera azkarren iristen direnak. Bada, ezer ez zen atera amonaren ahotik euskaraz bizitza osoan, bere buruan "borrar" teklari eman balio bezala.
Baina errepresio linguistikorik biolentoenaren trabak erori zirenean, arriskuaren mehatxua bere kontzientean desagertu zenean, inkontzientean altxor bat bezala gordea zeukan euskara ederrean hasi zen hizketan amona, konturatu gabe ere Nafarroako konkista bortitzaren azken lekukoa (eta biktima) bihurtu zela 500 urte geroago.
Amona hildako garaitsu hartan Espainiako erregeak esan zuen, kongresu batean, espainola modu baketsu eta boluntarioan hedatu zela, bai Espainian, bai mundu osoan, eta denek txalo jo zioten, dokumentalki hori gezurra dela badakigunean. Eta Carlos Fuentes idazle mexikarrak esan zuen Cartagena de Indiaseko kongresuan: "Posiblemente el inglés sea más práctico que el castellano; el alemán, más profundo; el francés, más elegante; el italiano, más gracioso; y el ruso, más angustioso. Pero yo creo profundamente que es la lengua española la que con mayor elocuencia y belleza nos da el repertorio más amplio del alma humana, de la personalidad individual y de su proyección social".
Zur eta lur geratzen naiz ni: alegia, munduan diren 5.000 hizkuntzetatik Jainkoak espainola aukeratu zuen gizakion arimaren barne-muinak agertzeko? Esan balu "el alma humana de los españoles", tira. Tira. Zer naturaltasunarekin (prepotentzia ez esatearren) mintzo diren estatuak euren gauzei buruz; gu, aldiz, guztiarekin akonplejatuta bizi gara.
Herri baten hastapenari dagokion atala oso garrantzitsua da historiografia guztietan. Gure narratiba nagusia Nafarroaren konkista da. Eta hor ezin dugu diagnostikoa huts egin: ordutik datoz gaurko gaitz guztiak, gure narratiba historikoa suntsiketa baten kontaketa delako. Eta garrantzitsua da, ez berriro erreinu bihurtu nahi dugulako, ezta ere iragan hura loriotsua izan zela uste dugulako; baizik eta orduan ezarri, aktibatu eta abiatu zirelako gaurko egoera ekarri duten ildoak: lurralde zatiketa, hizkuntza inperialistaren inposaketa, eta amnesia sozial orokorra, desmemoria, ezjakintasunaren minbizia.
Esango duzue gure amona Gerra Zibileko fusilamenduek izutu zutela, baina frankismoaren errepresioa duela 500 urteko konkistatzaile haien berbera da, eta gaurko sistema parlamentarioaren erre-presioa (presio errepikatua) ere bai. Inperioak normaltzat hartzen baitu (espainolez hitz egitea) biolentziaz inposatua izan zena, eta arrarotzat definitzen du normala zena, euskara hitz egitea, alegia. Okerrena da guk hori irentsi egin dugula sabeleko zuloraino.
Oso sinplea izan baitzen euskararen aurkako mekanismoa: aurrerantzean, eskailera sozialean gora egiteko ez zuen balioko; konkistatzaileek euren hizkuntza zekarten, eta hark soilik balioko zuen harreman sozial, ekonomiko eta politikoetarako. Gaztelaren meritua? Hau lortzeko adina biolentzia edukitzea eta erabiltzeko erreparorik ez izatea.
Mekanismo honek bizirik dirau gaur egun ere. Piramide sozialean zenbat eta gorago begia, orduan eta urriagoa euskararen presentzia. Izua desagertu da; mezuak jarraitzen du. Jakin nahi nuke zer esan zieten Retegitarrek eta Galartzatarrek beren seme pilotariei, euskal hiztun jator eta peto-petoak diren familiotan, euskararik ez ikasteko ezta telebistako kameren aurrean hitz batzuk bederen esateko ere.
Amona gaixoa! Ahaztu behar izan zuen bere amaren ahotik jasotako hizkuntza goxoa, baina ez zuten lortu haren arima askearen eremuan sartzerik. Burua galdu zuenean, eta harekin inperioaren arau guztiak, izan zen naturalena bere bizitza osoan. Haren arimaren barne-muina euskaraz mintzo zen.
Euskararen egunak ez luke festa eta ospakizun eguna izan behar, bere eboluzioa zapuztu zaion hizkuntzak, eta horren ondorioz etorkizuna oraindik argitu ez duenak ez baitauka ezer ospatzeko. Euskararen egunak euskara ahotik kendu zieten guztien errekonozimendu eta omenaldi eguna behar luke, kendu zigutena berriro ezarriko digun estrategia eraginkor baten abiapuntua. Hori gutxienez. Hortik beherakoa barre egitea da, eta barre egiten digutenei txalo jotzea.