Gipuzkoako zabortegiak gainezka egitera zihoazela eta, 2008an, azpeitiar, beasaindar eta zarauztarrei elkartasun keinu bat eskatu zitzaien. Euren herrietan dauden zabortegiak handitzea erabaki zen. Sakrifizio hori, ez zen eskatzen arazoa konpondu bitarteko neurri gisa, ez. Zaborra, zabor toxiko bihurtuko duen errauste planta eraiki bitarteko neurri gisa baizik. Zabortegia auzoko desatsegina izatea eragiten duen arrazoi nagusiena, bertan usteltzen egoten diren milaka tona hondakin organikoak dira. Hondakin organikoa kalitatezko konposta egiteko primerako lehengaia da. Sortzen dugun hondakin organiko guztia biltzeko eta konpostatzeko sistemak ezagunak dira. Beraz, ez dago herri hauetako bizilagunek jasaten dituzten kirats eta kutsadura jasan behar izateko inolako arrazoi teknikorik.
Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plan Orokorrak (2002-2016) eta honen berrikuspenak (2009-2016) 2009. urterako hilean 2.161 tona organiko tratatu beharko zirela aurreikusten zuten. Horretarako, Lapatxen dagoen konpostatze plantaz gain, 2009. urterako beste bi konposatze planta egitea zen agiri ofizialetan agertzen den asmoa. Asmoa esan behar, ez baita gauzatzeko borondaterik egon. Usurbilgo Udala, 2009an atez ateko bilketa egiten hasi zenean, Usurbilen bertan beste konpostatze planta bat egiten saiatu zen. Alferrik ordea. Orduko GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako arduradunek epaitegietara jo zuten asmo horren aurka, eta EAEko Auzitegi Nagusiak proiektua gerarazi zuen konpostatzeko eskumena Partzuergoarena dela esanez.
Kudeaketa eta erabaki tamalgarri hauen ondorioz, 2011. urtera honela iritsi gara. Hilean 500 tona hondakin organiko biltzen ditugu gaika, baina soilik 208 tona konpostatzeko ahalmena daukaten azpiegiturak dauzkagu. Badirudi Gipuzkoak behar dituen konpostatze plantak eraiki bitartean, bertan konpostatu ezin den hondakin organikoa Itsasura eramateko izapideak egiten ari direla arduradun berriak. Horren aurka, errausketaren defendatzaileek, eta bereiziki Gipuzkoako PSEko ingurumen arduradun Denis Itxasok, kanpaina gogorrari ekin diote, hondakin horiek Lapurdira konpostatzera eramatea eragotzi nahian.
Zer da PSEren ustez gaika bildutako hondakin organikoarekin egin beharko litzatekeena? Azpeitia, Beasain eta Zarautzeko zabortegietara bota bertan ustel dadin? Agian, haientzat, arazoa gaika hondakin organiko «gehiegi» biltzea da? Horregatik jarri zuen Denis Itxasok, Donostiako hondakinen gaia zeraman zinegotzia zenean, Hernaniko atez ateko bilketaren aurkako salaketa epaitegian?
Bada garaia hondakinen gaiarekin arduraz jokatzeko. Injustizia onartezina da zabortegiak edukitzera behartu ditugun herri hauetako biztanleei egunero ehunka tona hondakin organiko usteltzera bidaltzen segitzea. Beharrezkoa da lehenbailehen kirtenkeria bidegabe hau amaiaraztea. Hondakin organiko guztia gaika biltzea posible da bilketa sistema egokiak jartzen badira. Konpostatze planta berriak behar ditu Gipuzkoak lehenbailehen.
Erabakia atzeratzen den egun bakoitza, injustizia bat da zabortegien kutsadura pairatzen ari diren herritar hauenganako.
Gipuzkoa Zero Zaborreko kideok elkartasuna adierazi nahi diegu, arduragabekeria hau lehenbailehen buka dadin ahaleginean segitzeko konpromisoarekin batera.