Preso eta iheslari guztien etxeratzea eskatu dute 400 preso ohi inguruk

Uztarria.eus 2011ko abe. 12a, 11:12

400 inguru euskal preso ohik komunikabideen aurrean agerraldia egin zuten atzo, igandea.

Komunikabideen aurrean agerraldia egin zuten atzo, igandea, Izarraitz frontoian

Urtarrilaren 7an Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia ere luzatu zuten

.400 inguru euskal preso ohik komunikabideen aurrean agerraldia egin zuten atzo, igandea, Azpeitiko Izarraitz frontoian. Euskal Herrian abian den aro politiko berriaren barruan, preso eta iheslari guztien etxeratzea ezinbestekoa da Izarraitzen elkartutakoentzat. "Gatazkaren oinarriak gainditzeko bidea eta gatazkaren ondorioak konpontzekoa batera egin beharrekoak dira halabeharrez", esan zuten. Urtarrilaren 7an Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia ere luzatu zuten.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) konponbiderako prozesua bultzatzen jarraituko duela jakinarazi ondoren egin zuten atzoko agerraldia preso ohiek.

BegoƱa Uzkudunek euskaraz eta Jose Antonio Torre Altonagak gaztelaniaz irakurri zuten testua hau da, osorik:

"Hamarkada luzeen joan-etorrian, ez da belaunaldi bat egon gure herrian espetxearen eta deserriaren errealitatea sufritu ez duena. Adibidez, azken 50 urteotan ia 10.000 izan gara arrazoi politikoengatik espetxea ezagutu dugunak. Zenbatu ezinak dira, torturari eta kartzelari ihesean deserriratu direnak.

Gaur 616 lagunek osatzen dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK).

Hauengana guztiengana, espetxeetan hil diren kideengana eta errepidean gelditu diren senideengana doakigu gaurkoan gure gogoa eta oroimena, gure esker ona eta maitasuna. Biba zuek.

Agerraldi honetan batu garen herritarrak askatasunarekiko eta justiziarekiko konpromisoak eraman gintuen espetxera. Konpromiso honi lotu genitzaizkion, mota eta maila ezberdinetan borroka eginez. Behin espetxean, irmo mantendu ginen bertara eraman gintuzten baloreetan.

Gaur, hemen, Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideen aldeko konpromisoan berresten gara.

Erregimen frankista amaitzeak aukera berriak ireki zituen gure herrian. 1977an euskal herritar ugarik atzean utzi zuten espetxearen zama. Indultuen bidez kaleratu ziren asko, beste herrialdeetara beharturik eraman zituzten zenbait. Baina hilabete gutxiren buruan espetxeak euskal herritarrez betetzen hasi ziren berriz, frankismoaren ondorengo erreformak Euskal Herriaren ez zizkiolako ekarri gatazka politikoa konpontzeko soluziobide demokratikoak. Gatazkaren oinarriek bere horretan zirauten, hala frankismoan nola erreformako urteetan. Bada, gatazkaren ondorioek ere bere horretan jarraitu zuten.

Ordutik 33 urte igaro direnean, gatazkaren konponbide demokratikoa aldarrikatzen jarraitzen du euskal herritarren gehiengoak. Eskaera horri lotzen gatzaizkio gu ere, espetxearen, torturaren eta ihesaren ankerkeria gure larrutan bizi izan dugun, eta gaur hemen batu garen ehunka herritarrok.

Euskal Herrian aldaketa politikoa gauzatzen ari gara. Herri honen eskubideen aldeko lanean konpromisorik handiena erakutsi duten herritarren lanak, ardurak eta erabaki berriek gatazka politikoaren konponbide justu baterako aukerak zabaldu dituzte. Euskal Herrian prozesu demokratiko baterako oinarriak ezarri dira, eta horren adierazle dira gauzatu diren aliantza politikoak, nazioarteko komunitatea jokatzen ari den papera, konponbide politikoaren alde burutu diren mobilizazio ugari eta jendetsuak, hauteskundeetako emaitzak edota ETA erakundearen erabakiak. Argiki, herri honetan ematen ari den aldaketaren erakusle dira aipatu ditugunak.

Gatazkaren konponbiderako aldebakarreko pausoak eta erabakiak hartu dira, baina gatazkaren oinarriek eta ondorioek bere horretan jarraitzen dute. Honen adibide garbia da frantziar nahiz espainiar estatuek indarrean mantentzen duten espetxe politika ankerra:

  • Euskal preso politikoei ezarritako muturreko egoerak gainditu gabe daude oraindik. Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politiko hainbaten etxeratzea lortu da azken hilabeteotan, baina oraindik badira giltzapean bahiturik mantentzen dituztenak, Txus Martin bera adibidez.
  • Bizi osorako espetxe zigorraren aplikazioak 74 euskal preso politiko zigortu ditu espainiar nahiz frantziar espetxeetan. Aurrez ezarritako zigorra bete ondoren kondena luzatu diete batzuei, baldintzapeko askatasuna behin eta berriz ukatu diete beste batzuei. Xantaiaren jomuga dira presoak, damua edo bizi osorako espetxea da estatuek egin nahi dieten eskaintza bakarra.
  • Sakabanaketa politikak ehunaka, milaka kilometrotara urrunduak ditu euskal preso politikoak. Sakabanaketa politikak istripuak eragiten jarraitzen du, eta zigor fisiko, ekonomiko eta psikologiko gehitua da senidentzat nahiz presoentzat.
  • Euskal Herrian abian den prozesu politikoan parte hartzea galarazten zaie euskal preso politikoei. Urrundua egoteak, espetxe barruko miaketak eta preso politikoak espetxe barruan ere banaturik izateak zaildu egiten du presoen parte-hartzea eta ekarpena Euskal Herriko bizitza politikoan.

Egoera honen aurrean, EPPK mantentzen ari den heldutasuna azpimarratzekoa da benetan. Konponbide politikoaren aldeko jarrera irmoa izan du beti kolektiboak, eta egun, prozesu demokratikoari eskaini dion babesarekin eta Gernikako Akordioari eman dion sinadurarekin jarrera horretan mantentzen dela erakutsi digu. Kolektiboaren parte-hartzea eta ekarpena oso garrantzitsua izaten ari da, eta horrela izango da aurrerantzean ere. Zentzu honetan bat egiten dugu atzo EPPKk egindako gogoeta eta eskaerekin.

Euskal Herriak gatazkaren, errepresioaren eta sufrikarioaren aroa gainditu behar du. Aro hau gainditzeak berarekin ekarri behar du preso eta iheslari guztien etxeratzea. Gatazkaren oinarriak gainditzeko bidea eta gatazkaren ondorioak konpontzekoa batera egin beharrekoak dira halabeharrez. Preso eta iheslari guztien etxeratzea ekarri behar du egiten ari garen prozesuak, betiere presoak eta iheslariak egon izanaren arrazoiak gaindituta. Hori da guk amnistiaz ulertzen duguna.

Zentzu honetan, atzetik datozen belaunaldi berriei presorik eta iheslaririk gabe herri bat uzteko ardura dugu. Gure mendekua gure seme-alaben irribarrea izango da. Horrela bota zuen gose grebalari irlandarrak, eta horri lotzen gatzaizkio gu ere.

Bidea neketsua izango da, baina baita pozgarria ere. Presoak eta iheslariak banan bana ekarriko ditugu, ziurtasun osoa dugu horretan. Horretarako, baina, beharrezkoa izango da ahalik eta herritar gehien batzea helburu honen aldeko lanean. Bakoitza bere txokotik, bere konpromisotik, bere ekarpenetik.

Euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea ekarriko duen herri mobilizazio iraunkorra eta eraginkorra osatzen ari gara. Pauso politak eman ditugu zentzu honetan. Gero eta gehiago dira helburu honen aldeko jarrera publikoki erakusten ari direnak.

Urtarrilaren 7a egun seinalatua da Euskal Herrian. Ehunaka eragilek eta milaka norbanakok bat egin dute jada mobilizazio kolosal honetara dei egiten duen manifestuarekin. Guk ere, eragile eta herritar hauekin guztiekin batera gonbidapena luzatu nahi diegu euskal herritarrei egun horretan Bilbon burutuko den mobilizazioam parte hartzeko.

Urtarrilaren 7ak iraganaren eta geroaren marra ezarriko du. Euskal preso eta iheslarien etxeratzea hurbilago egongo da egun horretatik aurrera.

Milesker guztioi eta laster arte".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide