Alex Txikon: "Aizkoran ikusi nauten herritarrek mendizale bezala ezagutuko naute"

Urola Kostako Hitza 2011ko abe. 14a, 17:12

Alex Txikon, goimendietan. (ALEX TXIKON)

Gasherbrum I, neguko espedizioa izango du hizpide mendizale lemoarrak gaur, asteazkena, 19:00etan hasita, Mendi Astearen barruan

Karakorum mendilerroa egon daiteken lekurik gogorrenetakoa da negu gorrian. Alex Txikon (Lemoa, 1981) mendigoizaleak erronka horri heldu nahi izan zion urte hasieran: estreinakoz Gasherbrum I (8.080 metro) tontorrera igotzea neguan, bide berri batetik. Ahalegina bertan behera utzi behar izan zuen, zoritxarrez. Orduko 90 kilometroko haize boladek galarazi egin zuten balentria. Orain, bidaia hori gainbegiratu nahian, Gasherbrum I.a, neguko espedizioa hitzaldia eskainiko du mendizale bizkaitarrak Azpeitiko Mendi Astearen barruan. Ekitaldia gaur izango da, 19:00etatik aurrera, Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan.

Nola egongo da egituratuta eskainiko duzun ekitaldia?

Hitzaldiarekin batera, nik neuk filmatutako bi film eskainiko ditut: bata, Makalu mendebaldeko gailurrekoa da eta, bestea, Gasherbrum I-eko negukoa. Bi espedizio horiek izango ditut hizpide, baina baita Himalaia eta azken urtean egindako nahiz egiten jarraituko dugun guztia ere.

Neguan Gasherbrum I.a igotzea izan da urteko zure erronka nagusia. Aipatutako filman bizitako une latz horiek ikusteko aukera izango al du ikusleak?

Bai, zalantzarik gabe. Ikusleak gure egoera zailak ikusi ahal izango ditu, bai Gasherbrumekoak, bai Makalukoak. Izan ere, Makalun taldekide bat galdu genuen. Mendiko irudi ederrez gozatzeko aukera izango dute, baina neguko irudiak nahiko gogorrak dira. Mendizaleon jarduera gehiegi ezagutzen ez dutenek zoratuta gaudela pentsatuko dute. Sufrimendua eta gogortasuna agerian geratzen da filmetan. Azpeitiko eta inguruko mendizaleen gustukoa izango dela uste dut.

Azpeitian ezaguna zara, baina aizkolari bezala.Orain, mendizale gisa ezagutuko zaituzte, ezta?

Hori da, bai. Azpeitira aizkora apustuak egitera gerturatu izan naiz orain arte, eta pozten naiz berriro ere itzultzea; izan ere, lagun asko dut herri horretan. Nahiz eta Bizkaitik Azpeitiko zezen-plazara aizkoran egitera etorri, oso maitatua sentitu izan naiz beti. Kasu honetan, ordea, mendiko kontuekin itzuliko naiz. Kontraste polita izango da, gainera. Aizkoran ikusiko ninduen jende askok mendizale gisa ikusiko nau orain.

Ezusteko polita izango da, beraz.

Ekitaldi polita izango da, filmak ikusgarriak direlako. Ni ez naiz lehen mailako mendizalea, baina aurten nire bakarkako ibilbideari ekin diot, eta uste dut urte oparoa izan dela: Gasherbrum I.a neguan; Pakistaneko abentura; ondoren, udan, Gasherbrum I.a, Gasherbrum II.a eta K2.

Udako espedizio horien irudirik ez al duzu aurkeztuko Azpeitian?

Ez. Udako espedizioari buruzko filma Durangon aurkeztu berri dugu, eta Gasteizko mendi jaialdian estreinatuko dugu hilaren 18an, datorren igandean. Film honek kalitatezko ekoizpena du, eta lan handia du atzean. Jakin badakit Euskal Herriko hainbat kultur etxetan eman nahi izango dutela, baina oraindik ez gara hori bideratzen jarrita.

Gasherbrum I.a igotzea ez zenuten lortu, baina jada bigarren ahalegina prestatzen ari zarete. Zein egoeretan zaudete orain?

Hilabete barru Pakistan aldera irtengo gara berriro ere. Seiko koadrila bat goaz: besteak beste, Carlos Suarez, Gerfried Goeschl eta pakistandar bat, baina ez zamalari gisa. Bigarren ahalegin honetan tontorrera iristea posible izango dela iruditzen zait. Abantaila dugu, iaz egindako espedizioa oso ona izan zelako, nahiz eta gailurrik ez egin. Hala eta guztiz ere, abantaila hori desabantaila ere bihur daiteke. Badakigu noiz abiatuko garen, baina ez noiz itzuliko garen. Lurralde hartan negua benetan latza da, beste mundu bat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide