Daniela Dominguez: "Hizkuntza aberatsa da, egunero-egunero hitz egiten dut euskaraz"

Urola Kostako Hitza 2011ko abe. 15a, 16:12

Daniela Dominguez. (XABIER OTAMENDI)

Hamar urtetik gora daramatza argentinarrak Azpeitian bizitzen

Bizitzera etorri aurretik bertan izan zela dio, baina aspertu egiten zela. Orain "oso gustura" dagoela aitortu du

Daniela Dominguezi (Buenos Aires, 1972) ez zaio gustatzen toki batekoa edo bestekoa dela esatea. Umetan Argentinan bizi izan zen arren, beste hainbat tokitan ere bizi izan da eta, azkenean, Azpeitian bihurtu dela "sedentario" kontatzen du barrez. Hamar urtetik gora darama herrian bizitzen. "Oso-oso gustura" dagoela dio. Euskaraz ikasi du, eta hala egiten die bere bi haurrei.

Nongoa zara jaiotzez?

Buenos Aireskoa naiz, baina nire aita militarra zen, eta Argentina osoan ibili ginen. Ushuaian, Mar de Platan... Nomada izan nintzela esan liteke.

Noiz iritsi zinen Euskal Herrira?

2001ean. Nire gurasoak banandu egin ziren hamar urte neuzkanean. Ama beste batekin ezkondu zen, eta hona etorri zen. Kozkortutakoan atzetik etorri nintzen.

Bakarrik etorri al zinen?

Ahizpa gazteagoa da, eta haiek aurretik etorri ziren. Lehenago, 1994an, Madrilera joan nintzen bizitzera. Han zazpi urte igaro ostean, eta hiriarekin pixka bat aspertuta -parranda eta tabernengatik-, apur bat lasaitzera amarengana etorri nintzen.

Zer moduz integratu zara hemen?

Ondo. Ezkonduta eta bi umerekin... Umeak hemengoak dira, eta lagun asko dauzkat bertakoak. Iritsitakoan ahizpa hemen zegoen, eta bere lagunekin ibiltzen hasi nintzen. Ni, gainera, lotsagabe samarra ere banaiz, eta taberna batera sartutakoan mutil koadrila bat ikusi, eta hantxe sartzen nintzen.

Jendea harritu egiten al zen hori ikustean?

Bai, dezente. Gu horrelakoak gara; ez gara hemengoak bezainbeste lotsatzen. Pixkanaka-pixkanaka, koadrila egin nuen, gero mutil laguna topatu nuen...

Euskararekin zer moduz moldatu zinen?

Hasieran flipatu egin nuen. Izan ere, ez nekien horrelako hizkuntzarik bazegoenik ere. "Hau zer da, alemaniera bezalakoa?", esaten nuen. Harritu egiten ninduen. Hasiera-hasieratik apustua egin nuen lagunekin, bi hilabetean ikasiko nuela esan nien. Jokatu nuen apustua, baina baita galdu ere [ kar kar ]. Euskaltegian eman nuen izena gero, eta zertxobait ikasi nuen, baina gutxi. Utzita egon nintzen, besteak beste, lanagatik. Gero, euskaltegian berriz hasi, eta ordurako belarria pixka bat eginda neukanez, errazagoa egin zitzaidan. Lagunekin, senarraren umeekin... Umeena izan zela hizkuntza kasteko pastelaren ginda, esan daiteke. Umeekin hasten zara, eta txikiak direnean bi hitz jakitea nahikoa da.

Euskaraz hitz egin nahi al zenien haurrei?

Bai, nahiz eta gaizki egin, euskaraz egiten diet.

Zerk harritu zintuen gehien Euskal Herrira iritsitakoan?

Hizkuntzak. Orain gustatzen zait, historia, nondik datorren... Polita da. Hizkuntza aberatsa da. Egunero-egunero euskaraz hitz egiten dut nagusiarekin, adibidez. Egunero hitz berriak agertzen dira. Jendeari dagokionean, jende arrunta da, herriko jendea. Ni Argentinan bizi nintzenean, alde handia zegoen hiriko eta herriko bizimoduaren artean, eta hemen ere hala da.

Hala ere aldeak egongo dira Argetinako herrien eta hemengoen artean, ezta? Edo hirien eta herrien artekoa handiagoa da?

Argentina handia da, eta joaten zaren tokiaren arabera, era guztietako jendea dago. Hirietan jende asko lapurtzera edo engainatzera joaten da. Denetik egongo da, baina horrelako asko dago Buenos Airesen, adibidez. Herri txikietara joaten bazara, berriz, normalagoa da. Alderantziz gertatzen da.

Madrilen bizi nintzenean horrela zen; zenbait auzotara jendea lapurretara joaten zen. Aurretik barre asko egiten duzu haiekin, baina kentzeko zer daukazun begira egoten dira beti.

Madril eta Azpeitiaren artean ba al dago alderik?

Izugarrizkoa. Gaztetan ere etorri nintzen hona, eta aspertu egiten nintzela esaten nion amari. Jakina, 25 urte neuzkan, eta berriz Madrilerako bidea hartu nuen. 30 urterekin itzuli nintzen Azpeitira. Lasaitasuna nahi nuen ordurako. Senarra ezagutu, eta lehen umea jaiota zegoela, Madrilera joan beharra izan genuen. Iritsitakoan, hango kea, zikina... Ez nuen han egon nahi. Ez naiz itzuli. Orain herrikoa naiz [ kar kar ].

Argentinara joaten al zara?

Ez. Umeekin eta senarrarekin joateo asmoa badut, haiek hura ezagutu dezaten, baina garestia da. Orain, gainera, lau gara, eta txartel bakarra garestia bazen...

Euskal Herriaz zer edozer ba al zenekien hona iritsi aurretik?

Ez nuen ezagutzen. Ez nekien bazenik ere. Badaude euskal etxeak eta, baina... Orain oroitzen dut, kale asko zeuden Irigoien edo Agirre izenekoak. Neuk ere lagun asko neuzkan jatorri euskaldunekoak; Gorronsoro edo antzekoak. La Vascongada esne marka bat ere bada. Niretzako haiek gureak ziren; ez nekien nondik etorritakoak ziren. Nire etxearen bueltan euskal etxe bat bazegoen, baina inoiz ez nintzen sartu.

Argentinarrek Euskal Herriaren errealitatea ezagutzen al dute?

Nire aita, adibidez, Argentinan bizi da, eta hiru aldiz etorri da hona. Hasieran asko harritu zen, baina gustura egon zen azkenerako. Hara joandakoan guztiei hemengo berri eman zien; ikurriƱa eta euskal presoen maindirea eraman zituen. Bere ingurukoek, beraz, badakite, baina gainontzekoek ez dakit. Gu hona etorri ginen, baina ez genekien nora gentozen.

Euskaldunek Argentinako errealitatea ezagutzen al dute?

Aitak ematen dit hango berri etortzen denean. Hura dena "ustelduta" dagoela esaten dit. Herriaren eta inguruaren arabera izaten da hori. Buenos Aires hala dago, baina iparraldera joaten bazara, egoera hobea da, eta hegoaldean ere bai. Gure inguruko lagunek badakite, geuk kontatuta. Beste jendeak, ez dakit.

Azpeitiarra zarela esaten al duzu?

Erdi azpeitiarra naizela esango nuke. Ez dut nire burua toki batekoa ikusten, ezta Argentinako herri jakin batekoa ere. Izan ere, esan bezala, txikitan nomadak ginen, beti toki ezberdinetan. Hemen bai, sedentario bihurtu naiz [ kar kar ]. Umea izan, eta ez naiz hemendik irten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide