Olentzero, Mari Domingi eta Jaiotza, Gabon eguneko protagonista

Uztarria.eus 2011ko abe. 23a, 19:12

12:00etan Mari Domingi etorriko da plazara, azken orduko gutunak jasotzera; 13:00etan, berriz, haurrentzako gabonetako kantu txapelketa egingo dute Sanagustinen

17:30ean kalejira eta 18:00etan Olentzero eta Mari Domingiri harrera egingo zaie plazan bertan, eta Julian Barrenetxea eta Parrokiko abesbatzen Jaiotza 18:30ean abiatuko da San Martin egoitzatik

Abenduaren 24an goiz, arratsalde eta iluntze ez da girorik faltako Azpeitiko kaleetan. Gabon egunean betitik ohikoak diren kantari taldeekin batera, eguneko protagonista diren pertsonaien inguruko ekitaldiek osatuko dute aipatutako giroa.

12:00etan Mari Domingi etorriko da plazara, azken orduko gutunak jasotzera. Herriko ikastetxeek egingo diote harrera han, kantuz hartuta. Ikastetxeek elkarlanean hartu dute parte ekitaldi hori antolatzerakoan, eta hori nabarmendu nahi izan dute Udaletik. Gainera, datorren urteko Gabonei begira ikastetxeak bateratuko dituen batzorde bat sortzeko asmoa dagoela aurreratu dute, "festa adostu eta polit bat" antolatzeko. 13:00etan, berriz, haurrentzako gabonetako kantu txapelketa egingo dute Sanagustinen.

Eguerdian bakarrik etorriko bada, arratsaldean Olentzerorekin batera bueltatuko da herriko kaleetara Mari Domingi. 17:30ean kalejiran abiatuko da bikotea, idiek tiratutako gurdian, Arana kaletik; ttuntturroak eta musika eskolako soinujoleak izango dituzte alboan. Alde Zaharreko kaleetan ibili ondoren, 18:00etan plazara iritsi eta Azpeitiko haurren ongietorria jasoko dute Olentzerok eta Mari Domingik. Ez dira esku hutsik etorriko, hurbiltzen direnen artean gaztaina erreak banatzeko prest baizik.

Olentzero eta Mari Domingi etxez etxeko opari partiketari ekiteko joan bezain pronto, Gabon iluntzeko beste tradizio batek hartuko ditu kaleak. Julian Barrenetxea eta Parrokiko abesbatzen Jaiotza 18:30ean abiatuko da San Martin egoitzatik; handik Jose Artetxe kaleraino inguratuko dira, eta Arzubitik gora, Plaza Txikirainoko ibilbidea beteko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide