Burdinbidearen Euskal Museoaren estatutu berriak onartu dituzte

Urola Kostako Hitza 2012ko urt. 18a, 17:01

Azpeitiko Udalak museoa tokiz aldatzearen inguruan egindako proposamena onartu dute

Hori estatutuen laugarren artikuluan jasotzea ere lortu du udalak

Azpeitiko trenaren museoa kudeatzen duen fundazioaren estatutu berriak onartu dituzte. Joan den ostegunean, urtarrilaren 12an, egin zuten fundazioko partaideek batzarra, eta han onartu zituzten estatutu berriak.

Horiek onartuta, Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioan dirua jartzen dutenek hartuko dute parte. Era horretan, hainbat enpresak bertan parte hartzea sustatu nahi dute fundazioaren jabeek.

Azpeitiko Udalak estatutuen alde bozkatu zuen. Izan ere, alde bozkatzeko baldintza onartu egin zuten trenaren museoko fundazioko parte-hartzaileek. Hau da, Azpeitiko Udalak trenaren museoa herrian mantentzearen alde egin du. Horretarako, museoa tokiz aldatzea erabakitzeko fundazioko parte-hartzaileen adostasuna beharrezkoa izatea eskatu du. Eta hori estatutuen laugarren artikuluan jasotzea ere lortu du udalak. "Fundazioko kideek hori kontuan izatea onartu dute", azaldu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak fundazioaren bilera eta gero.

Azpeitiko Udalaren azken osoko bilkuraren akta (joan den urtarrilaren 3koa) eraman zuen alkateak trenaren museoaren fundazioko kideek ostegunean egin zuten batzarrera. Aktan estatutuen inguruan udal agintariek hartutako erabakiaren berri jasotzen da. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Trenek Juanjo Olaizola trenaren museoko zuzendaritzatik kentzea erabaki izanarekin udal ordezkariak ez datozela bat ere jasotzen du dokumentuak.

Azpeitiko Udala Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioko kideetako bat da. Baina parte-hartze txikia du udalak; %1. Beraz, udalaren aldeko botorik gabe ere estatutu aldaketa onartzeko aukera zuen fundazioak. Eusko Tren garraio baltzu publikoak du fundazioan pisu handiena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide