Enpresa soil batetik harago

Urola Kostako Hitza 2012ko urt. 19a, 16:01

Bileraz bilera dabiltza LABeko eta ELAko ordezkariak. Ezkerretik hasita, Platero (ELA), Altzibar (LAB), Labaka (LAB) eta Eizmendi (ELA). (ONINTZA LETE ARRIETA)

.100 langile kaleratuko dituzte Corrugados Azpeitiatik, eta lantegiaren geroa ez dago bermatuta

Azpeitiko Udala kezkatuta dago, Pasaiako Portuko jarduera jaitsita, eta Urolako trenaren proiektua, kolokan

"Agonia luzea da egoera hau". Hala adierazi dute Corrugados Azpeitia lantegiko LABeko eta ELAko ordezkari sindikalek. Otsailaren 11rako 434 langiletatik 100 kalean izango dira, eta gainontzekoei lanaldi murrizketak ezartzen hasiak dira ekainera bitartean. Baina erabaki hauek ez dira bat-bateko kontuak. Urtebete baino gehiago daramate langileek enpresaren norabidearekin kezkatuta, eta sindikatuek "informazio eta gardentasun falta" salatuz. Orain, "kezkatuta eta zalantzaz beteta" daude, neurri hauek hartuta ere "enpresaren etorkizuna ez dagoelako bermatuta".

Kezka hori, gainera, ez da enpresara eta enpresako langileetara mugatzen. Izan ere, Alfonso Gallardo Taldeko Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao lantegiak ez dira enpresa soil bat Azpeitian. Corrugadosen egoera herriaren ispilu ere bada egun, eta herrian ez ezik, bailaran eta bailaratik kanpo ere badu eragina. Besteak beste, Urolako trenaren proiektua eta Pasaiako Portuaren egoera aipa daitezke. Gai horietaz mintzatu dira Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta Corrugados Azpeitia lantegiko LABeko eta ELAko hiru ordezkari, eta bi sindikatu horietako eskualdeko metal arloko arduradun bana.

Garai batean lana erruz egiten zen lantegian. Azkenaldian, ordea, "gutxienekoa" ari da ekoizten, eta langileen artean ere "giro goibela" da nagusi, lanaldi murrizketen eta kaleratzeen aurrean. Okerrena, sindikatuetako ordezkarientzat, informaziorik ez izatea da. Kaleratze boluntarioak egiteko hilabeteko epea dago, urtarrilaren 11tik hasita, eta ondoren enpresak emango ditu gainerakoen izenak, ehun arte. Bitartean, "langile bakoitzak ahal bezala egiten dio aurre egoerari", diote. "Psikologikoki oso gogorra da hau", Patxi Altzibarrentzat. Metal arloko LABeko eskualdeko ordezkaria da, eta lan gatazkaren iraupena da gogorrena haren ustetan: "Hilabeteak daramatzagu gai honekin, eta ekainean berriz aztertuko dute egoera; kaleratze gehiago ez badago, lanaldi murrizketak egongo dira berriz ere, eta maiatzerako berriz negoziatzen hasi beharko dugu". Lantegiko LABeko ordezkari Ander Labakak langileen ikuspegia eman du: "Jendea oso gaizki dago. Orain urtebete baino gehiago filtratu zen kaleratuko zituztenenen zerrenda, hogei lagun baino gehiagokoa. Batzuk kaleratu zituzten, beste batzuk ez. Haiek urtebete pasa daramate kezkatuta eta beldurtuta". Bostak bat datoz; azken urtean enpresa langileekin "jolasten" aritu den sentsazioa dute.

Lan gutxi eta lan asko

Egunotan erdizka ari da lanean lantegia, eta langileen giroa ez da batere ona, sindikatuetako ordezkarien esanetan. "Garai batean ezin zen minutu bat galdu lanean. Orain, iritsi eta agian bi orduko produkzioa dago. Gero erratza pasatzeko esaten dizute, eta etxera", dio enpresako LABeko ordezkari Esteban Camposek.

Lan gutxi, baina, era berean, lan asko. Lana burutik kendu ezinik daude langileak eta sindikatuak. "Psikologikoki latza da, egunero gauza berarekin buelta eta buelta zabiltzalako, eta nekagarria da oso. Batzuk oso gaizki pasatzen dute. Gaixotasunak eta nerbio beheraldiak ere egoten dira. Bakoitzak ahal duen bezala eramaten du hau", Altzibarrek adirazi duenez.

Nahi eta ezin

Eurentzat gauza zailena zein den galdetuta, sindikalisten aurpegietan nahia eta ezina ageri da. Andoni Eizmendi, ELAko metal arloko eskualdeko arduraduna mintzatu da: "Gauza tristeak dira hauek. Nolabaiteko zurrunbiloan gaude krisi honen ondorioz. Beti kaleratzeak, espedienteak... eta halakoak daude, eta gero gehiago estutzen da dena. Ez gara ari hitz egiten hitzarmen egokia lortu dugula han, lan baldintzak hobetu direla hemen eta halako kontuetaz, ez gara langileen garaipenaz hitz egiten ari. Orain ahal dugun moduan ari gara geure burua defendatzen eta jendea mugiarazten. Baina alde guztietan beldurra da nagusi. Hori ari gara ikusten".

Camposentzat "tristeena" kaleratu askoren etorkizun iluna da. "Askok Corrugadosen egiten duten lana ez da kualifikatua, eta ez dute curriculumik. Bestela ere lana aurkitzea zaila bada, kasu hauetan are gehiago". Gainera, gogoratu dute langile asko 50 urteren bueltan dabilela, eta adin hori ere ez da ona beste lan bat topatzeko.

"Langileek mobilizatu, antolatu eta borroka egin behar dute. Hori egiten ez bada, eta langileak horretaz jabetzen ez badira, hemen gertatzen ari dena gertatzen da, tristeki", dio Eizmendik.

Aurreikusi gabea

Urte askoan lan asko egin dute Corrugadosen, ordea, eta sindikalisten esanetan langileen baldintzak ere ez dira okerrenak izan. "Ez dira soldata txarrak izan, inguruko beste lantegiekin alderatuta". Horregatik, eta enpresa langileak kontratatzerako orduan "selektiboa" izan denez, "lantegian giro berezia" egon da, barrura begirakoa. Hala, sindikalistek aitortu dute langileek ez dutela esku hartu sektoreko protestetan, eta langile gehienak ez direla inoiz mobilizatu. Agian horregatik, "normala" irizten diote orain herrian aparteko solidaritaterik ez sentitzea egoera latz honetan. Horri buruzko komentarioak entzun ere egin dituzte. Hala dio Platerok: "Lagun batek esan zidan behin, gu egunero ateratzen garela egunkarietan, baina gu baino lehenago kaleratu asko egon dela beste enpresa batzuetan, eta geu ez garela sentsibilizatu izan inorekin". Hori denek onartu badute ere, ez dituzte ahaztu nahi izan protestekin bat egin izan duten langileak: "Beti fin-fin portatu izan diren langileak ere badaude Corrugados Azpeitian, eta horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu", adierazi du Eizmendik, gainerako guztien oniritzi keinuez lagunduta.

Jende askoren etorkizunaren ardura bizkarrean hartuta, baina borrokan segitzeko prest aldendu dira bostak Azpeitiko kaleetan barna.

Udala, buru-belarri

Azpeitiko Udalean ez daude lasaiago eta geldiago Corrugadosen eta herriko egoera ekonomikoaren aurrean. "Udalak aspaldi abiatu zuen alderdi politiko guztiekin osatutako halako larrialdi kabinete bat", adierazi du Eneko Etxeberria alkateak.

Etxeberriak urduritasun handia nabaritzen du herrian. Beldur eta zalantza handia dagoela uste du. "Urduritasun eta zalantza horrek zerbitzu sektore osoari eragiten dio; merkatariei, dendariei, tabernariei… Urduritasunak eta beldurrek eta zalantzek kontsumoa gelditu, txikitu egiten dute". Horrekin lotuta, azaldu du Corrugadoseko arduradunei "behin eta berriz" eskatu zaiola udaletik "informazio gardena emateko beharra", herritarrak lasaitze aldera.

Krisi ekonomikoaren aurrean, udalak lanerako dituen bi ardatz nagusi aipatu dizkio Hitza-ri: ekonomia sektore estrategikoak zehaztea, eta etorkizuneko Azpeitia diseinatzea; eta krisia jasaten ari diren herritarrei erantzun egokia ematea gizarte zerbitzuen bitartez.

Etxeberriak onartu du azken urteetan krisiaren eraginez "kaleratze asko" egon direla herrian. "Sektore asko ukitu ditu, egurrarena, esaterako, eta enpresa txiki asko. Langile asko kaleratu dituzte". Hori argi izanik ere, Corrugadosen kasuan indar berezia egin dutela nabarmendu du: "Gure ustez Corrugadosen ez gara lanpostu batzuri buruz hitz egiten ari soilik; Corrugados gehiago da. Corrugadosen egoera herri baten ekonomia zalantzan edo zintzilik jartzen duen egoera da guretzat. Corrugadosen dimentsioa ikaragarria da".

"Oraindik amaitu ez den prozesu luzea" dela uste du, eta publikoki irakurketarik egin ez arren, "administratiboki esku-hartze sakonak" egiten ari direla gaineratu du.

Udalak hainbat azterketa ekonomiko eskatuak dituela jakinarazi du Etxeberriak, bat Corrugadosi begira, eta bestea herriko sektore estrategikoen inguruan. Orain arte garrantzia handia izan duten bi, egurrarena eta Corrugadosen lantzen den hodi korrugatua, krisian dira. Eraikuntza sektorearekin erabat lotuta daude biak, eta, gainera, orain arte behintzat Espainia izan dute merkatu nagusia. Eta merkatu hori erabat geldirik dago egun.

Horregatik, udalak galdera bat darabil buruan: "Horrelako arlo ekonomiko batzuk, sektore estrategiko batzuk, dudan baldin baditugu, zer arlo ekonomiko, zer sektore estrategiko berri erakarri behar ditugu herrira? Azterketaren funtzioa hori argitzea da", azaldu du.

Ekonomiaz gain, gizarte arloa ere ez du ahaztu nahi Etxeberriak: "Gizarte zerbitzuak martxan jartzen ari gara, eta langabezia sortzen ari den egoeraren diagnosia egiten ari gara. Zoritxarrez, argazkia ez da egonkorra, bideo bat da, egunetik egunera okertzen ari den egoera bat islatzen duena. Baina argi dugu gizarte zerbitzuek erantzun egin behar diotela hor sortzen den giza alderdiari".

Eragina, Pasaiaraino

Azpeititik harago zabaltzen da Corrugadosen eragina, ordea. Urolako trena berrezartzeko proiektua mahai gainean egotetik kolokan egotera igaro da, eta Pasaiako Portuko merkantzia tona kopurua ere nabarmen jaitsi da Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao lantegietako ekoizpen jaitsieraren eraginez, batik bat; iazko datuekin alderatuta %18, hainbat komunikabidetan azaldu denez. Hala, aurreikusitako 4,5 milioi tonako mugimenduaren ordez, 3,2 milioi tonakoarekin amaitu dute 2011 urtea.

Trenari dagokionez, Etxeberriak ez du erantzun nahi Corrugadosen egoerak trenaren proiektua baldintzatuko duen ala ez, eta "bideragarritasuna aurkitu beharko zaion arren", uste du apustu garbia izan behar duela, "bailara osoarena eta alderdi politiko guztiena". Egungo garraio publikoa "indartzen jarraitzearekin batera", bailara Donostiarekin, Bilborekin eta beste hainbat herrirekin lotzeko modu egokiena dela uste du. "30.000 lagun gara eskualdean, Altzan bezala. Hortaz, zergatik jarriko diete altzarrei trena edo metroa Donostiara, eta guri ez? Eskubide berak ditugu". Erabakimena Eusko Jaurlaritzarena dela gogoratu du, eta "presio politikoa egiten jarraitu" beharko dutela gaineratu du.

Oraingoz, martxan da hasiera batean Azpeitia eta Zumaia lotuko lituzken trenaren inguruko bideragarritasun azterketa, krisiak krisi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide