Urola Erdian energiaren inpaktu ekonomikoa aztertzeko boluntarioak behar dituzte

Uztarria.eus 2012ko urt. 25a, 19:01

Sindikatu Zaharrean egin duten aurkezpenean parte hartu dutenak: ezkerretik eskubira, Leire Etxaniz, Iraitz Solabarrieta, Orkatz Goenaga eta Begoña Beobide. (NEREA URANGA)

Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan 400 bat familia eta 300 bat enpresa behar dituzte, inkestak egiteko

Hiru udalak, Ingurugiro Etxea Fundazioa eta Loiola Berrikuntzarekin, energiaren arloan eskualderako plangintza egiteko proiektua jarri dute abian eta azterketa horren baitan ari dira egiten

Azterketa baten berri eman eta azterketa hori aurrera eraman ahal izateko deialdia egiteko prentsaurrekoa eman dute gaur, asteazkena, Azpeitiko Udaleko zinegotzi Leire Etxanizek, Ingurugiro Etxea Fundazioko Orkatz Goenagak eta Loiola Berrikuntzako Begoña Beobidek. Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalak, aipatutako bi erakundeekin batera, energiaren arloan eskualderako plangintza egiteko proiektua jarri dute abian, Energia adimentsua izenekoa. "Gizarteak ulertu behar du energia kontsumitzaile izatetik energia kudeatzaile izatera pasatu behar duela, eta enpresek energia erabiltzetik sortu eta kudeatzera igaro behar dutela", nabarmendu du Begoña Beobidek.

Proiektu horren barruan, energiak ekonomian duen eragina aztertzeari ekin diote eta, azterketa hori egin ahal izateko, Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan 400 bat familia eta 300 bat enpresa behar dituzte, inkestak egiteko.

"Epe luzerako plangintza baten bidez eskualdea energia subiranotasunerantz bidea egiten hastea" da proiektuaren helburu orokorra, Leire Etxanizek azaldu duenez. Helburu zehatzagoen artean daude, berriz, energia arloan eskualdeko ekonomia suspertzeko garapen teknologikoa eta berrikuntza sustatzea; eta energiaren inguruan etorkizunera begira dauden aurreikuspen negatiboen eragina gutxitzea, bai enpresen eta bai familien ekonomietan.

"Hau lortzeko prozesua martxan da jada, eta lehenik eskualdearen egoera zehatza ezagutzea da garrantzitsuena", Etxanizen hitzetan. Egoera zehatz hori ezagutzeko, berriz, bailarako familien eta enpresen laguntza behar dute proiektua abian jarri duten erakundeek. Aurkezpena egin ondoren, Urola Erdiko familiengana eta enpresengana joko du Ingurugiro Etxea Fundazioak "laguntza eske", datu bilketa egiteko asmoz. Orkatz Goenagaren esanetan, Behar dituzten 400 familiei dagokienez, eta Orkatz Goenagaren esanetan, "familia hauek egin behar dutena 30 minutu inguruan inkesta bat betetzea besterik ez da. Inkesta hau betetzeko Ingurugiro Etxea Fundazioaren laguntza izango dute, eta modu errazean betetzeko behar adina laguntza eskainiko da". Familiei energia kontsumoaz, energiaren arloko ohiturez, etxebizitzetan dituzten instalakuntzez eta azpiegiturez galde egingo zaie, "betiere familien intimitatea errespetatuz. Ikerketaren asmoa Urola Erdiko familien erretratu energetikoa egitea da, beraz, deialdian edozein azpiegitura eta edozein motako etxebizitza zein energia instalazio dutenek parte hartzea komeni da, tipologia guztiak diagnostikatzeko". Inkesta betetzearen truke, Ingurugiro Etxeak aholkularitza zerbitzua eskainiko die familiei, bakoitzaren etxean eraginkortasun energetikoa areagotu eta aurrezten laguntzeko gomendio eta aholku pertsonalizatuak eskainiz.

Enpresentzat -lehen, bigarren eta hirugarren sektoretakoak- egokitutako inkesta ere prestatu dute. Hori ere ordu erdi batean osatzeko modukoa, azaldu dutenez, energiarekiko duten menpekotasun ekonomikoa eta horrek ekoizpen kostuetan, enpleguan eta lehiakortasunean duen eragina aztertzeko. Inkesta betetzeko boluntario agertzen diren enpresei, familiei bezala, esker ona azaltzeko hainbat zerbitzu eskainiko zaizkie. Eta ahalik eta denbora gutxien kendu eta erraztasunak emateko, Ingurugiro Etxea Fundazioaren eskutik bete ahal izango dituzte inkestak.

Inkestak betetzeko moduak

  • e-postaz harremanetan jarri eta igorriko dira inkestak: ingurugiroetxeafundazioa@azpeitia.net
  • Paperean, Ingurugiro Etxea Fundazioko bulegoan, Ingurugiro Etxea Museoan eta udaletxeetan eskuragarri egongo dira.

Zalantzak argitu eta informazio gehiago nahi dutenek fundazioaren telefonora ere dei dezakete: 943 151713.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide