Jabetze Eskolak bost ikastaro eskainiko ditu ekaina bitartean

Uztarria.eus 2012ko ots. 6a, 13:09

Izena emateko epea zabalik dago, eta hilaren 10era bitartean inskribatu ahal izango da

Besteak beste, hilekoaren, generoa eta umorearen eta komunikazioaren inguruko tailerrak antolatu dituzte

Azpeitiko emakumeentzako Jabetze Eskolak ikasturtearen lehen aldia bukatu eta hil honetan bertan bigarrenari ekingo dio. Hala, ekainera bitartean bost ikastaro antolatu dituzte: 'Eraginkortasunez komunikatzen ikasi: asertibitatea eta giza trebetasunak'; 'Generoa eta umorea: umorez gozatu'; 'Nomantxakolorea, hilekoa birpentsatzen tailerra'; 'Gure buruaren jabe. Praktika feministarekin autoestimua lantzen!'; eta, Autodefentsa tailerra.

Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago eta otsailaren 10era arte dago horretarako aukera. Izena, 11:00etatik 13:00etara udaletxeko Parekidetasun Sailaren bulegoan edota asteartetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara eta zapatuetan 10:00etatik 13:00etara Emakumeen Txokoan eman daiteke. Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek haurtzaindegi zerbitzua ere badute, baina erabiltzaileko aurretik jakinarazi behar da.

Otsailaren 13tik ekainaren 4ra, astelehenetan, Pepa Bojok 'Eraginkortasunez komunikatzen ikasi' izenburupean 28 orduko ikastaroa emango du. Bojo dagoeneko aski ezaguna da Azpeitian, hainbat ikastaro eman ditu-eta.

Otsailaren 18an, berriz, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:30era hilekoari buruzko tailerra emango dute Miren Guillok eta Mireia Delgadok.

Segidan, martxoaren 30ean, eta 31n autodefentsa tailerraren txanda da Jabetze Eskolako ikastaroen baitan. Isa Bernalek emango du tailerra, eta zazpi ordukoa izango da.

Virginia Imazekin generoa eta umorea landuko dituzte, hiru larunbatetan, apirilaren 21ean eta 28an eta maiatzaren 5ean, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Ekainera biarteko azken ikastaroa praktika feministarekin lotutakoa izango da. Edurne Epeldek eta Anita Revueltak gidatuko dute tailerra, eta maiatzaren 12an eta 26an izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide