Batuaren grazia

Xabier Euzkitze (Noticias de Gipuzkoa) 2012ko ots. 13a, 18:38

Manuel Arregi zestoarrak iritzi artikulu mamitsua argitaratu berri du sustatu.com atarian, herri euskaldunak eta euskara. Gaur egun askotan entzuten dugun esaldi topikoa: "azken urte hauetan asko aurreratu da euskararen normalizazio-bidean, baina oraindik asko dago egiteko". Inork ez du horretan zalantzarik, baina gauza hori bat ote dator herri euskaldunetan gertatzen denarekin? Iruditzen zait, bereziki Urola bailaran, ez ote gauden "lasaitasun-egoeran" bertan-goxo. Sarrera iradokitzaile horren ondotik, zenbait puntu aipatu ditu. Esate baterako, "olagarroei kaña!", hainbat herritako jaietan ikusi dugun kartela, gaztelaniatik abiatu ezean ulertu ezin den esalmodea.

Euskara estandarraren aurkako moda ere aipatu du Arregik: Badirudi, azken urte hauetan, bailara honetan, badagoela euskara estandarraren kontra jotzeko halako "moda" bat. Mundu globalizatu honetan, euskarak ez du, nonbait, lekurik. Gure kartel, aldizkari, webgune, eta abarri ez diegu "herri (nazio)-ikuspegirik" eman nahi, ez dugu, nonbait, Euskal Herri osora hedatzerik nahi. Bat nator. Erlo telebistan, Azpeitiko zinegotzi batek emaniko prentsaurrekoa fortunatu zait berrikitan. Testua batuan idatzia zuen, baina Azpeitiko euskaran irakurtzen saiatu zen. Emaitza ez zen batere txukuna, biak nahasi eta lardastea besterik ez baitzuen lortzen. EITBko euskal kateetako umore saioetan ere joera horren aldeko apustua egin zuten. Euskara batuan grazia aparta leukaketen umorista bikainak gipuzkera itxi eta presakakoan aritzen dira etengabe. Salbuespen bakan batzuk badira: bizkaiera itxi eta presakakoan aritzen direnak. Ez nuen izan Txillardegi zenari joera horretaz galdetzeko paradarik, baina pentsatzen dut zer begitanduko zitzaion. Niri tristura eragiten dit, moztasuna eta estrategia erabat okerra adierazten duela iruditzen baitzait. Euskara batua, graziaz erabiltzeko gai ez direnen ahotan bakarrik da lotua eta artifiziala. Eta, eurek besterik uste izan arren, askok saiatzea aski lukete batuan ere natural eta grazioso izateko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide