Igandean, Sanagustin kulturgunean Baginaren bakarrizketak antzezlana ikusteko aukera izango da 19:00etatik aurrera. Aitziber Garmendiak irrifar artean hartu du lapikue.net Sanagustin garai batean eliza izan zela jakinaraztean: "Emakumeen sexualitateez eta tabuez eliza zahar batean arituko gara orduan!", adierazi dio.
Igandean etorriko zarete Azpeitira Baginaren bakarrizketak antzeztera, baina, dagoeneko, Euskal Herriko hainbat oholtza bisitatu dituzue. Zer moduzko harrera izan duzue?
Egia esan, harrera oso ona izan dugu. Ez genuen horrelakorik espero. Joan garen lekuetan oso ondo hartu gaituzte, eta publikoa erabat entregatuta sumatu dugu. Barre egin behar dutenean barre algarak egiten dute, eta bestelako sentimenduak agertzean ere ondo asumitzen dituzte sentimentu horiek ikusleek.
'Baginaren bakarrizketak' munduko herrialde ezberdin askotan, hizkuntza ezberdin askotan egin da. Zuek lehen aldiz euskaraz egin duzue. Erronka handia izango da ba?
Nik iaz ikusi nuen lehen aldiz obra, Donostian, gazteleraz. Ordurako banekien euskaraz egitekoak zirela. Niretzat erronka handia izan da, baina nahiz eta erantzukizun handia izan, ilusioa ere handia izan da. Pozgarria baita zure hizkuntzan horrelako zerbait defendatzea.
Zuk lehen ere emakumeen gaiak jorratzen dituen antzezlanak egin dituzu. Gustuko duzun gaia al da?
Norbaitek pentsatuko du tesiren bat dudala emakumeen sexualitatearen inguruan! Baina egia esan, horrelaxe gertatu delako izan da. 13 urterekin egin nuen lehen aldiz emakumeen sexualitatearekin zerikusi zuen paper bat talde amateur batean Hitz egin dezagun sexuaz antzezlanean, hain zuzen ere. Gero, profesional mailan Emakumeak izarapean egitea suertatu zitzaidan, eta orain, berriz, hau.
Niri nahiko paper politak edo xamurrak egitea tokatu izan zait; hau da, ez zait muturreko egoerarik antzeztea tokatu eta nahiko erraz egin izan ditut. Eta ederra da emakumeen sexualitateaz taburik gabe hitz egitea.
Antzezlana ikustera joaten denari, zer sentsazio sortzen zaizkio?
Oinarrian, mundu osoko 200 emakumeri egindako elkarrizketen fruitua da antzezlana, eta kontatzen diren egoera errealak onak eta txarrak dira. Beraz, barreak sortzen diren bezala, negarra edo barruko mina ere transmititzen saiatzen gara.
Askotan emakumeen gaiak tratatzen diren ikuskizunak emakumeei zuzenduta daudela ondorioztatzen da. Hala al da?
Ezta pentsatu ere. Egia da, askotan, horrelako ikuskizunak emakumeei zuzenduak direla pentsatzen dela, baina ez da horrela. Nire ustez, gizonentzako ere oso interesgarria izango da, zenbait kontutan, emakumeen ikuspegia jakitea. Beraz, guztiak gonbidatzen ditut igandean Baginaren bakarrizketak ikustera.