Juan Madariaga: "Azpeitia ezustekoa izan da, historia erakargarria du"

Juan Madariaga (Madril, 1949) historialariak 700. urteurreneko liburu bildumako hirugarren liburua idatzi zuen, Azpeitia: gizarte, kultura eta pentsamoldeak izenekoa. Adituak 1640. urtetik 1840. urtera bitartean gai horiekiko herriko egoera eraman du paperera. Madariagak irekiko du hitzaldi zikloa, gaur.

Zer jaso duzu liburu honetan?
Liburu mardula da, arlo asko jorratzen ditudalako. Kultura, gizartea eta pentsamoldearen baitan, hainbat azpigai jaso dut: pertsona izenen garrantzia, berrikuntza eta tradizioa, sinesmenak, gutunak, kontrol ideologikoa, heriotza, ikonografia, alfabetazizaioa, liburutegiak, edota hizkuntza bera.
XVII. mendetik XIX.mendera, nolakoa zen herriko kultura, gizartea eta pentsamoldea?
Euskal Herriko beste herrien antzekoa zen, ez zuen aparteko berezitasunik. Mende horietan, ekonomikoki garrantzia handia zuen herriak, burdingintzan, batez ere. Hori hala, hainbat alderditan aberastasuna sortu zen, liburutegiei dagokionez, esaterako. Beste herriekin alderatuz gero, Azpeitian liburu bilduma ederrak zeuden garai hartan.
Zentzu horretan, nolakoa izan zen azpeitiarra?
Garaian garaiko pertsona izan da azpeitiarra. Hau da, erlijioari edota ohoreari dagokionez, garai bakoitzeko pentsaerarekin bat datorrenak izan dira. Parametro arrunten baitan, beste euskal herritarren antzekoa zen.
Bi mende horietatik abiatuta, nolako bilakaera izan du herriak?
Arlo guztietan bilakaera nabarmenak izan ditu herriak. Izenei dagokionez, Loiolako Inazio herriko santuak eraginda, herrian Inazio izena biztanleriaren zati handi batek zuen XVIII. mendean. Identitate zeinu hori mendez mende igaro zen, gaur egun murriztuta badago ere. Horrez gain, moraltasunaren, elkartasunaren edota liburutegien inguruan bilakaera bat antzematen da. Azken horri dagokionean, XVI. eta XVII. mende hasieran liburuak espezializatuak eta onak ziren. Ordutik, jaitsiera bat antzeman daiteke. Ekonomiari dagokionez, gorabeherak antzeman daitezke.
Eta pentsamoldeari dagokionez, nola aldatu da?
XVII. mendean, gertakari guztien aurrean antzeko jarrera izaten zuten; jarrera gehienak erlijioari lotuta zeuden. Zentzu horretan, XIX. mende amaierara arte ez da aldaketa handirik sumatzen.
Atzera begirada honek nola eragin dezake etorkizunean?
Historia ezagutzea eta nondik gatozen jakitea oso garrantzitsua da. Orduan zeuden sinesmenak edota egunerokotasuna ezagutzea gaurko bizimodua ulertzeko ezinbestekoa da. Noizean behin, gure gizarteko pentsaera beste gizartekoekin alderatzen dugu. Arraroa egiten zaigu besteen bizimoduak ulertzea, baina horretara iristeko gure historia jakitea ezinbestekoa da.
Gaur egungo Azpeitiko egoera nolakoa da, gizarteari, kulturari eta pentsamoldeari dagokionez?
Azpeitiko pentsamoldea edota kultura ikaragarri aldatu da. Euskal Herriko beste herrietan bezala, ez du zerikusirik lehen izan zenarekin. Baina Azpeitian, seguruenik, aldaketak sakonagoak izan dira. Tradizioarekin eta erlijioarekin lotuta egon da herria, eta gaur egun hori guztia eraldatu egin da.
Liburua idazteaz gain, 700. urteurreneko liburuen koordinatzailea ere bazara. Nolako esperientzia izaten ari da zuretzat?
Oso interesgarria. Historialariontzat opari bat izan ohi da horrelako enkarguak jasotzea, forma ordenatu batean egitasmo bat aurrera ateratzea ahalbidetzen baitu. Baina Azpeitia ezustekoa izan da niretzat. Horrelako beste proiektu batzuk ere egin ditut, eskarmentu handia dut horretan. Herri bakoitzak du bere nortasun eta garrantzia propioa, baina Azpeitiari dagokionez, ez nuen espero dokumentu hain interesgarriekin topo egingo nuenik. Gainera, pertzeptzio hori proiektu honetan dabiltzan beste kideek ere izan dute. Dokumentu ugari aurkitu ditugu, eta uste genuena baino historia erakargarriagoa eta zirraragarriagoa du Azpeitiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide