Kontraesanak

Kontraesanak. Jolasten jarrita, azpeitiarrok badugu bat (beste askoren artean): lehorrekoak gara, baina sarri bustitzen gaitu zeruak. Kontraesanaren joko horretan sartu dira Juan Azpillaga eta Jose Luis Otamendi ere Kulturaldian eskainiko duten Bustilehorreko poemak. Itsasoa eta jendea errezitaldiarekin.

Otamendi eta Azpillaga

Airelibreko poemak direla ulertu behar da, bustian eta lehorrean, datorrenari eusteko borondatea duten eta gordintasun hori islatu nahi duten poemak, gozorako nola takarrerako. Zentzu bikoiztasun hori da Bustilehorra”. Otamendiren hitz horiek laburbiltzen dute emanaldiaren funtsa. Robert J. Flahertyren Arango jendea (1934) filma oso lagungarri zaie bikoiztasuna azaltzeko, eta ia osorik emango dute Azpillagak esanda bezala: “Pelikulari zati batzuk kendu dizkiogu, testua zeukatenak, errepikakorrak zirenak edo etxe barruko irudiak zituztenak airelibreko esentzia hori irabazteko. Hura jartzen dugu eta bukatu arte. 50 bat minutuko iraupena du. Hark markatzen du tenpoa, noiz zer irakurri edo zer musika jarri”.

Eguneroko bizimodua aurrera ateratzeko Irlandako uharte txiki bateko famili batek zer borroka egin behar duen erakusten duen filma da. Otamendik dioenez, “aipatzen genuen bustilehortasun horrekin harira datorren pelikula da: itsasoa eta uhartea, espazio mugatua, famili baten gorabeherak, egun bati aurre egin beharra… Giro horretan ikusten dut nik nire zatia ere, poetika modu baten erakusgarri izan nahi duena; orain dela 14 bat urtetik hasi eta orain arte jardun izan dudan poesia moduaren eta izan ditudan kezken isla bat izan nahi duena”.

Izan ere, ikuskizuna, hiru elementuren osatze bat da: filma, hau da, irudiak; poemak, hau da, hitzak (Otamendiren esku); eta musika, alegia, soinua. Azken horrekin lanean Azpillaga aritu da, berak aukeratu baititu abestiak. “Ez  dira nik sortuak, manipulatutako kantak baizik. Poesia musika anbientalarekin lotzen duen eskema hautsi nahi nuen beste muturreraino joan gabe, eta hori makina aldetik jota lortu, musika elektronikoarekin. Bestaldetik, garbi nuen ere ukitu intimista lortu behar genuela, eta hori jazzarekin egin dut”. Elektronika eta jazza, beraz, beste kontraste bat gehiago.

Zer ikusi eta entzun bada ikuskizun honetan. Aukeran, gainera, kontzienteki egin ez badute ere: “Hiru elementu horiek eskaintzen dizkiogu jendeari eta bakoitzak aukera dezala nahi duena. Batek, globalki hartuko du dena; beste bati, musika ez zaio gustatuko eta irudiekin geratuko da. Aspertzen ari denak pelikula ikus dezake…” eta Azpillagaren aukera horiei Otamendik beste laugarren bat gaineratzen dio: “Kaleko atea ere beti hor dago. Inor ez dugu preso hartuko”.

Zer esan asko dute, ordea, emanaldi honetan, batez ere identitatearen inguruan: “Nor izan eta norena izan. Testuak hor mugitzen dira eta baita pelikula ere. Goizetik iluntzera bitartean nor izateko egin behar izaten ditugun gauzetaz hitz egiten da, eta nor izatea ez da hautu libre bat, ezta gutxiago ere. Identitatea zentzu zabalean ulertuta, afektuak, desafektuak, konpromisoak eta horrek sortzen dituen loturen inguruko gogoeta edo gonbidapena da, batere didaktikoa izateko asmorik gabe. Hortik aurrera ea jendeak disfrutatzen duen”, dio Otamendik. Eta Azpillagak bukatzeko hauxe eransten dio: “Esker onekoa ere bada aldi berean, baita pelikula ere. ‘Dios, tristea da, baina bai ederra ere’, esaten duzu". Horixe, beste kontraesan bat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide