Felipe Murillo: "Abaron egiten duguna erakutsi dugu txapelketan eta gustura gaude"

Gipuzkoako Euskal Kantu txapelketan hartu du parte Abaro taldeak eta finalera iristea lortu dute. Txapelketa amaitu da eta Felipe Murillo taldeko abeslariak, beste gauza batzuen artean, nola joan zaien azaldu dio lapikue.net Azpeitiko kultur webari.

Aurtengo Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketa amaitu da. Joan den asteburuan izan da finala eta bertan azpeitiarrak izan dira, Abaro taldea, hain zuzen. Felipe Murillo Abaroko abeslariari tarte bat hartu eta hauxe da handik atera dena:

Biolinarekin hasi zinela eta pianoarekin jarraitu duzula jakin du lapikue.netek eta, gainera, abestu egiten duzu.

Pianoarena desitxuratu egin zen. Biolinarekin hasi nintzen eta orain koroan nabil gehienbat, zuzentzen-eta, kantuan esango dugu. Pianoarena, berriz, elkarrizketa batean galdetu zidaten ze instrumentu jotzen nituen, eta erantzun nion pianoa ikasten nebilela, baina hori berez ez zen inportantea. Orain, guztiek galdetzen didate ea noiztik jotzen dudan pianoa.

Biolinarekin jarraitzen al duzu?

Ez, ez. Biolina utzi samartuta nago.

Abarorekin bai.

Bai. Sanjuandegiko festetarako aitzakian atera genuen. Terrazeorako zerbait da. Euskal kantak bertsionatzen ditugu. Euskal kantuen txapelketara ere hirurok joan gara.

Abarorekin bakarrik ez. Iraurgi Saskibaloi taldearen Garagardo festan ere aritu zinen giroa berotzen. 

Hor Udal Musika Bandan ibiltzen den Eñaut Frantzesenak egun horretarako zerbait behar zela esan zigun, eta lagun batzuk bildu ginen "zerbait" hori egiteko. Jendea animatua zegoen eta ondo atera zen. Halaxe izan zen.

Euskal Kantuen Txapelketan bigarren aldiz hartu duzu parte. Aurrekoan Eztake taldearekin. Zer moduz orduan?

Orain dela, lauzpabost bat urte izan zen, Eztake taldea geneukan orduan. Nortasunari saria-edo eman ziguten. Sari berezia.

Aurten bigarrena eta esan duzu Abaro taldeak hartu duela parte, baina zure izenean agertzen zara. Nolatan?

Kontua da, antolatzaileek abeslari kopuruaren arabera kokatzen zaituztela. Gu hirurok joan ginen, Abaro taldea, baina talde bezala aurkezteko batek baino gehiagok kantatu behar dute. Horregatik bakarlari bezala agertu naiz.

Gustura finalera iritsita?

Gustura. Gure helburua Abarori propaganda egitea zen. Nahiz eta saririk ez irabazi jendeari gustatu zitzaion. Egiten ari garena erakutsi dugu, behintzat.

Zein izaten da kanporaketaren egitura?

Bi kanporaketa dira eta gero finala. Azkoitian eta Zumarragan kanporaketak eta Donostiako Principalen finala. Guk Azkoitian hartu genuen parte. Epaileak daude eta haiek erabakitzen dute zein joan finalera.

Zer abestu zenuten Azkoitian?

Azkoitian bi kantatu genituen. Su ta Garen Itxaropena eta Eztakeren Gaua iluntzean. Gero epaileak berak aukeratzen du finalerako zein kantu aurkeztu, eta Eztakerena hartu zuten, Sorkuntzako sailekoa zena, Sorkuntza saria bait-baitago.

Baina ez al zen ba Eztakeren kanta?

Berez, kantu hori Eztaken abesten genuen, baina guk moldatu egin genuen piano, biolin eta ahotsarekin kantatzeko.

Esan, eta orain zertan zabiltz?

Orain elektrotxarangan. Nahikoa potente. 9-10 bat laguneko koadrila juntatzen gara, Eztake taldeko batzuk barne. Saninazioetan kalejira egin behar zela-eta atera genuen eta jarraitu egiten dugu. Eta Abarorekin ere jarraituko dugu.

(Eztake taldearen Gaua iluntzean kanta entzun dezakezue hemen.)

Beste azpeitiarrak

Iazko Gipuzkoako Euskal Kantuen txapelketan Azpeitiko Arantzetan taldeak hartu zuen parte. Haiek ere finalera iritsi ziren eta horregatik, sari bezala, 2010eko Euskal Kantagintzaren Uhin Berriak diskoan hartu dute parte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide