Joxean Agirreren emana

Augustin Zubikarai Ondarroako beka irabazi berri du, eleberri proiektu batekin. Azkenaldian literatura asko ari da idazten. "Esaldika-esaldika idazten dut. Urregile batek lan egiten duen moduan", dio.

Joxean Agirrek (Azpeitia, 1949) emankor jarraitzen du. Kazetaritzan aritu da urteetan, eta batik bat azkeneko urteetanliteratura idazteari eman dio. Aste honetan jakin da Augustin Zubikarai Ondarroako beka irabazi duela, Zwei frauen proiektuarekin. Datorren urtean argitaratuko da nobela, urtebete izango baitu lana bukatzeko.

Hona hemen Agirrek azkenaldian literaturari buruz esandako batzuk (Uztarria-ko elkarrizketa batetik eta Argia-ko bitik —I eta II— hartuak):

Liburuak ere idatzi dituzu.

Gaztetxoa nintzela hasi nintzen neure gauzak idazten, poemak-eta. Hamasei urterako euskal klasikoak leituta nituen. Giroa zegoen horretarako, euskararen aldekoa. Idazle izateko dohain batzuk nituela uste nuen, baina hamasei urterekin-edo erabaki nuen utzi egin behar nuela. Izan ere, orduan politikak hartzen zuen nigan ere gaina, premia handiagokoa zelako. Idazteari 30 urterekin heldu nion berriz ere, baina urteetako hutsune horren falta sentitzen dut, formazio falta hori.

Zure gazte garaian ezin al zitezkeen biak jorratu, politika eta literatura?

Literatura luxu bat bezala hartzen zen garai haietan. Politikak jaten zuen ia dena. 70eko hamarkadan aldaketa handi batzuk zetozen eta guk hor parte hartu beharra genuen, gizartea nahi genuen lekura eraman nahi genuelako. Literaturak ez du gizartea aldatzen, pertsona baizik. Gizartea politikak aldatzen du, eta gu oso konbentzituta geunden.

Eta zergatik heldu zenion berriro literaturari?

Politikaren betiko desenkantuagatik asko. Arrazoi pertsonalak ere baziren: autoanalisia, adineko krisiak... Nire plazera bilatu nahi nuen literaturan.

Topatu al duzu?

Handia.

Egunkarian, aldizkarietan, liburuak... Beti idazten.

Bai, eta beti bi ordenadora izan ditut: bat prentsarako, bestea liburuetarako. Etxean portatil bat literatura idazteko dut eta beste bat lanerako (egunkarikoa idazteko —erredakzioan ezin dudanean egin—, Ikastola aldizkarikoa, Bertsolari-koa).

Psikologikoa al da bi ordenadora izatea?

Erabat. Desberdina da niretzat batean idatzi edo bestean. Portatilekoa askoz lasaiago, mantsoago idazten dut. Egunkarian, aldiz, abiadan idazten dut eta fama hori daukat; mantendu nahi dut, gainera, fama... Zergatik batean mantso eta bestean azkar? Kazetaritzan izugarrizko exijentziarik ez dudalako. Literatura, aldiz, oso motela da, pazientzia ariketa bat, egunero piztu portatila eta hitz batzuk kendu, jarri...; etengabe horren gainean. Gertatzen zait: goizean literaturako hamar lerro idatzi igual eta eguna salbatzea, etxetik irten eta egun horretan pasatzen denak inporta ez izatea bezala.

Kazetaritzak ere beteko zaitu oraindik, ezta?

Bai, betetasun pixka bat ematen dit. Literaturaren aldean gutxi, ordea.

Formaziorik ez duzula diozu baina, era berean, estiloa ondo finduta daukazu.

Ez dut uste literatura ona egiteko euskara jasoa erabili behar denik, horretan oso Saizarbitoriarena naiz, beste gauza gehienetan bezala. Esaldika-esaldika idazten dut. Urregile batek lan egiten duen moduan. Langa jartzen dut, eta badakit hortik behera txarra dela eta hortik gora ona. Muga horri eusten saiatzen naiz.

Idazketa prozesua gozamena da zuretzat?

Nobela honekin izugarri samurra egin zait, gozatu egin dut. Tarteka bakarrik idatzi dut. Brikolaje lanaren antzekoa izan da: asteburutan, tarteko orduetan... Ordu erditxo bat nuen bakoitzean ordenagailu txikia hartu eta begira egoten nintzen. Batzuetan ez nuen idazten, baina oso atsegina egin zait hitz bat kendu, beste bat jarri ibiltzea. Etengabe bisitatuz idatzi dudan nobela izan da. Ezkutuan nuen gauza bat bisitatuz bezala. Pena eman zidan bukatzeak eta pertsonaiei agur esan beharrak.

Zer da literatura?

Bai. Eta, nire uste apalean, literatura ez da bere ondorioz ekoizten diren elkarrizketak eta prentsaurrekoak, gaur egun literaturaren parte handiena dena. Aitzitik, literatura isiltasunean egiten den lana da, sorkuntzari buruzko gogoeta. Literaturak daukan gauza magikoa eta polit bakarra gure buruarekin egiten dugun lan isil hori da. 

Zure burua ezkutatu nahi zenukeen idazlea ote zara? 

Bai, jakina. Ez daukat inolako dudarik. Baina, Euskal Herrian literaturak oso dimentsio apala edo xumea dauka. Nobelan literaturari egiten diodan kritika —ikuskizun eta espektakulu bezala azaltze hori, dena aurkeztu behar izate hori— ez diot euskal literaturari egiten, bereziki normalizatua dagoen literaturari egiten diot. Dena dela, literatura normalizatuaren balizko kasu horretan, nik neuk nahiago nuke anonimo izan eta ez agertu inon. 

Ezkutatu nahi hori idazle askoren nahia al da? 

Jorge Luis Borgesek ikusezina bihurtzeko nahia zuela esan ohi zuen. Gure literaturan, Bernardo Atxagaren kasua oso adierazgarria da. Seguru ikusezina bihurtzea desiratzen ari dela. Topiko hori erabili dut nobela honetan, protagonistak ikusezin bihurtu eta ezkutatu nahi hori. Idazleak ezkutatzea lortzen du, baina bere ordezkoa hil eta gero. Guzti horren atzean sorkuntzaren garapena dago, oso garrantzizkoa, oso ikuspegi erromantikotik garatua, kutsu erromantikoegitik, agian. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide