Enrike Zurutuza animaliak eta oholtza gobernatzen zituen gizona

Enrike Zurutuza (Ataun, 1917, Azpeitia 2010) albaitaria zen lanbidez, baina kultura arloan ere egin izan zuen lana; 'Etumetako Basajauna' liburua itzuli, eta antzerki munduan lan egiteko beta ere hartu zuen, besteak beste. Atzo hil zen 92 urte zituela, eta gaur 19:30ean izango da Enrike Zurutuza Joxe Miel-en azken agurra, Soreasuko parrokian. 

 

Zurutuza

Jaiotzez ataundarra zen Enrike Zurutuza, baina sentimenduz azpeitiarra. Lanak ekarri zuen Azpeitira: albaitaritzak. Lana eta bokazioa, biak bat zituen. Baina lanaz gain, beste hainbat gauzatarako ere izaten zuen denbora. Besteak beste, ekimen kulturaletan ere hartu zuen parte. Hala, Azpeitian Pasioa euskaraz egin zuten, eta Zurutuza bera izan zen obraren zuzendaria. Horrez gain, Juan Venancio Arakistainen Etumetako basajauna liburua ere itzuli zuen. Orain dela bi urte, berriz, Felipe Arin ataundar epailearen inguruko liburua aurkeztu zuen. Euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lan guztiagatik Baite Euskara Elkarteak Ohorezko Bazkide izendatu zuen 2003an, Pilar Aizpitarte aktoreakin batera. Atzo hil zen 92 urte zituela, eta gaur 19:30ean Soreasuko parrokian emango diote azken agurra. 

'Pasioa'-n, pasioz

Imanol Eliasek Enrike Zurutuzaren agindupean lehendabizi San Juanena egin zuenPasioa-n. Ondoren, Zurutuzak zuzendaritza lana uztean, Eliasek berak hartu zuen erreleboa. 

Francoren diktadura garaian Pasioa Elizaren babesean eta euskaraz eginiko antzezlana zuzendu zuen Zurutuzak.  "Bere lanean asko saiatzen zen, hortaz ez dut dudarik", dio Eliasek. 80 lagunetik gorak hartu zuten parte antzezlanean, eta haiek guztiak gobernatzen ez zen giro izango: " Elementu ederrak zeuden ba gure taldean erraz gobernatzeko! Nahikoa lan izaten zuten berak eta Jose Mari Altunak (koruko zuzendariak)", azaltzen du Eliasek. Baina Zurutuzak berak ere genio bizia zuen, hura ere ez zen isilik egotekoa.

Albaitari izanik, sarri jasotzen omen zituen deiak bazterren batean bere beharra zutela esanez: "Hala ere, nik ez dakit nola moldatzen zen, baina nik ez dut gogoan inoiz entseguren batetik lanera alde egin zuenik. Nola edo hala moldatzen zen beti", dio. Lanerako hots egiten zioten tarteka, baina lanetik zuzenean ere behin baino gehiagotan joan behar izaten zuen entsegura. "Badakizu garai bateko baserritarrak nolakoak ziren. Bertan jateko zerbait eskainiko zioten gehienetan, eta han ez bazuen jaten etxerako zerbait ematen zioten. Lanetik zuzenean etortzen zenetan, baserrian emandakoak ere ekarri egin behar izaten zituen. Txoko batean uzten zituen, eta denoi behin eta berriz esaten zigun haiek ez ukitzeko", akordatzen da Elias.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide