Euskal kulturaren plaza ezkutuari, agur

Herri Irratiak Loiolan zuen egoitza itxi berri dute. Euskal kulturarentzat oso esanguratsua izan da egoitza hori. Euskal kulturararen eragile asko pasatu izan dira bertatik.  

Kaxiano

Loiolakoa Herri Irratiaren egoitza izan da, baina baita euskal kulturaren erreferente garrantzitsua ere. Euskal kantugintza, bertsolaritza, trikitia... euskal kulturako arlo ezberdin ugari izan dira hizketa gai, eta kultur eragile ugari bildu izan dira bertan; elkarrizketak, kantuak, bertsoak, pasadizoak denetik entzun da loiolako uhinetatik.

1961. urtetik Loiolako santutegian izan den Loiolako Herri Irratiaren egoitza diru premiak ito du azkenean. Azken urteotan egoera ekonomiko eskasa zutela jakinekoa zen. Azkenean, joan den ostegunean itxi zituzten santutegiaren beheko solairuko eta hegoaldeko erdisotoko ateak. Irratiaren egoera ekonomiko eskasak bultzatu zituen Jesuitak irratia saltzera. Hala, Loiola Probintziako Jesusen Lagundiak eta Noticias taldeak akordioa sinatu zuten pasatu den martxoaren 25ean. 

Laxaro AzkuneJose Mari Iriondo eta Karmelo Otaegi azpeitiar kazetariek Herri Irratian egin dute lan urte luzeetan. Eta euskal kulturari bultzada emateko oso garrantzitsuak izan ziren beraien elkarrizketa eta irratsaioak. Herri Irratiaren lehen urteetan Imanol Eliasek ere hartu izan zuen parte.

Laxaro Azkunek euskal munduari lotutako programak egin zituen han lanean jardun zen 21 urteetan (2004tik ez du bertan lan egiten). "Nik bertsolaritza, trikitilariak, euskal literatura... izaten nituen hizpide, besteak beste. Gehienbat herri ekimenetaz hitz egiten genuen, herrian sortzen zenaz. Eta kultur ekitaldien antolatzaileekin, eragileekin... hitz egiten genuen", azaltzen du Azkunek. 

Kazetaritzaren munduan notizia txarrak zirenean nagusi, Azkunek, beti izaten zuen zerbait positiboa kontatzeko: "Prentsan notizia txarrak izaten dira nagusi, eta nik, Herri Irratian lanean jardun nuen bitartean, dena notizia onak ematen nituen, kulturari dagokionez, behintzat: disko berri bat grabatu zela, kontzerturen bat antolatu zela, liburu berri bat argitaratu zela... dena zen ona eta pozgarria", azaltzen du.  

Otaegiren ezkutuko lana

Mikrofono aurrean baino atzean lan gehiago egindakoa da Karmelo Otaegi kazetaria. Baina berak egindako programetan ere euskal musika eta euskal kulturak presentzia nabarmena zuten: "Denon programetan sartzen zen kultura era batera edo bestera. Musika, elkarrizketak... denetik egiten zen", azaldu du Otaegik.

Irratian egindako elkarrizketen artean, badu bat bereziki gogoratzen duena: "Elkarrizketak ere egiten nituen, horretan gehiago aritzen zen Jose Mari Iriondo, baina tarteka nik ere egiten nituen. Bereziki Jose Miel Barandianani egindakoez gogoratzen naiz. Bi edo hiru egin genizkion, eta haiek ondo gogoan ditut", azaltzen du.  

Iriondoren 4 mila elkarrizketak

Jose Mari Iriondok 22 urte egin zituen Herri Irratian lanean, eta lau mila elkarrizketatik gora egin zituen. Horietatik bi gordeta ez izatea pena bat zela aipatu zuen Uztarriak eginiko elkarrizketa batean. Bata zelatunen jokatu zen desafio bateko kontaketa da, eta, bestea, Jorge Oteizari eginiko elkarrizketa: "Behin, Arantzazun, Jorge Oteizari egin nion elkarrizketa ezabatu egin zuten. Hari ezer esan gabe grabatu nuen. Han ‘mecaguen la virgen, mecauguen dios’ eta horrelakoak esaten zituen. Behin Loiolan eman zen grabazioa, baina gero ezabatu egin zuten”, azaldu zuen Iriondok Uztarriarentzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide