Eliza doinutik harago

Atzo, apirilak 18, Urola kostako hitzak Jose Luis Franzesena eta organoen inguruko erreportaia argitaratu zuen. 

"Soinu guztiak biltzen ditu; orkestra bat da eta horregatik da hain ederra". Ane Bereziartua eta Mikel Arenasen hitzak dira. Hamalauna urte dituzte, eta Organo Eskolako ikasleak da. Ezin esan gaur egungo gizartearen eta, batik bat gazteen artean instrumentu kuttunena organoa denik, baina Jose Luis Franzesena Schubert-ek Organo Eskola martxan jartzea lortu zuen duela bi urte, eta ordutik hamabi eta hirurogeita hamasei urte arteko zazpi ikaslez osatutako taldea du. 

Inguruetako organoak esku berriek goxatzea nahiko luke Franzesenak, berak 60 urtetik gora izan arren, "gazteagorik ez dagoelako zeregin honetan". Horixe izan da eskola sortzearen arrazoi nagusia. 

Hasieratik dabiltza eskolak hartzen Bereziartua eta Arenas, eta aste osoa egunotan dituzten kontzertuetarako prestatzen aritu dira. Lehena atzo zuten, Bergaran. Hurrengoa, berriz, datorren larunbatean izango dute, Azpeitian. Trukeko kontzertuak dira. Izan ere, Franzesenak hasitako bideari jarraiki, Bergaran ere organo eskola jarri dute martxan. Herri bakoitzak egindako lana eta lortutako maila ikusteko balioko die, besteak beste, irakasleei. 

Pianoa menderatzea, oinarria 

Hainbat adinetako ikasleak dira Azpeitikoak, baina guztiek dute zerbait komuna; denak dira piano-jotzaile. Izan ere, behar-beharrezkoa da organoa jotzen ikasi ahal izateko pianoa ezagutzea eta menderatzea. Hortik aurrera, "denbora eta gogoa baino ez dira behar", Franzesenaren esanetan. Berak jartzen du jakinduria eta tokia (Azpeitiko Esklabetan ematen ditu eskolak), eta ikasteko gogoz dagoenak Musika Eskolara jo besterik ez du, izena eman eta matrikula ordaintzera. 

Pianoa baino, organoa nahiago 

Organoa pianoa baino instrumentu dezente konplikatuagoa dela aitortzen dute Franzesenaren ikasle gazteek, baina era berean, "dibertigarriagoa" irizten diote. Mailaz igo ahala, bi eskuak eta bi hankak erabiltzen dituzte organo-jotzaileek, etengabe, denak batera. Buruak horretarako adina ematen duela dio irakasleak baina, era berean, horrek kontzentrazio handia eskatzen du: "Entseatzen ari zarela norbait atzetik etortzen bazaizu sekulako sustoa hartzen da!". Ikasleek ere baietz diote, hala dela. 

Elizari lotua ezinbestean 

Organoa jotzeko elizkoia izan beharrik ez dagoen arren, betidanik lotura zuzena izan du Elizarekin. Izan ere, ia ez dago organorik elizetatik kanpo; bakar bat ere ez Urola Kosta eskualdean. Hori aldatu nahiko luke Franzesenak, baina "zaila" ikusten du. 

Hala ere, organoarekin elizkizunez gain kontzertu laikoak ematea ere badagoela nabarmendu dute hirurek: "Ingurukoek, lagunek, organoa mezarekin lotzen dute, eta arraroa iruditzen zaie guk musika tresna hau jotzea", diote gazteek. Usteak, ordea, erdi ustel. Elizarako baino kontzertuetarako pieza gehiago ari dira ikasten, eta jada kontzertu batean baino gehiagotan parte hartu dute biek ere; Azkoitian, Loiolan, Azpeitiko Esklabetan eta Parrokian, Deban... 

Egunotako kontzertuez gain, Arenasek bi jaunartzetan joko du organoa, eta ez dute baztertu ezkontzetan eta halakoetan parte hartzeko aukera; gustura ari dira mementoz. Organoak goxatuko dituzten esku eta oin berriak dira.

Azpeitia, organogileen txoko

Organogile asko izan da Azpeitiaren historian, 1700 urtean hasi eta 1956 urteen artean bereziki. Horien artean, Organeria Española eta Amezuatarrak azpimarratu ditu, besteak beste, Jose Luis Franzesena organo-jotzaile azpeitiarrak: "Organeria Española izan zen sektoreko Europako enpresa handiena; 68 langile zituen 1936ko Espainiako Gerra Zibilaren ondorenean, orduan Elizak organoentzat dirua baitzuen". 

Enpresa horren aurretik aritu ziren Amezuatarrak. Familia horretatik ospe handiena izan zuenak, Aquilino Amezuak, XX. mendea hasi aurretik ekin zion lanari, eta 1925 urtera arte jarraitu zuen: "200 organo inguru egin zituen; organo handiak, gainera". Franzesenak dioenez, "txikia zenean Parisera (Frantzia) alde egin zuen Amezuak organogilea izan nahi zuelako, eta Alemanian eta Inglaterran lanean ibili ondoren, hartutako ezagutza guztiekin Bartzelonara (Herrialde Katalanak) joan eta han jarri zuen enpresa. Ondoren Hernanin jarri zuen, eta gero Azpeitian. Ez dira Cavaillé-Coll markakoak bezain onak, hemen ez zegoelako material egokirik, baina kalitate onekoak ere egin zituen". Azpeitiko Parrokiakoa, esaterako, Amezuaren aitonak egina da; Oñatikoa eta Berakoa, berriz, bereak dira: "Azpeitia organoari oso lotuta egon da beti", dio Franzesenak.  

Franzesena

 

Jose Luis Franzesena: "Behin honetan sartzen denak ez du uzten, gustatu egiten zaio eta jarraitu egiten du"

Hamabi urte zituenean ukitu zituen aurrenekoz organo baten teklak, Arantzazun. Ordutik musikari estuki lotuta bizi izan da Jose Luis Franzesena (Azpeitia, 1942). 23 urtez Azpeitiko Musika Bandako zuzendari izan da, eta horretaz gain organoa esku artean izan du beti. Organoarekin makina bat kontzertu eskainitakoa da, eta duela 11 urtetik Azkoitiko parrokiko organoaren titularra da. Distira berezia ageri zaio begietan instrumentu horren izena entzun orduko. 

Bi urteko ibilbidea egin du Organo Eskolak; nola baloratzen duzu orain arte egindakoa?

Balorazio ona egingo nuke. Ikasleak ondo ari dira. Laster hasiko dira edozein tokitan jotzen. Kontzertuak ematea zailagoa da; asko ikasi behar da. Hala ere, jotzen duten hori fundamentuz joko dute, hasieratik hankak erabiltzen ikasten dutelako hemen. Bestalde, denbora eskatzen du honek; norberak sinestu behar du badela gai, eta orduak eskaini behar zaizkio. Nik bakoitzari hiruna ordu ematen dizkiot astean, baina egunean ordubete inguru entseatzea litzateke aproposena. 
 

Zeure ekimenez dago martxan eskola; zein helbururekin heldu zenion erronkari?

Esklabetan bigarren organoa jarri zutenean otu zitzaidan eskola bat abiaraztea, orain bi urte. Ez da erraza toki berean bi organo aurkitzea, eta eskolak emateko ezin aproposagoa iruditu zitzaidan organo txiki hura. Azkoitian ere sor zezaketen eskola bat, baina ikasleak organo handira eramatea aldrebeskeria da. Eskola Azpeitian dagoen arren, esan beharra dago bailara guztiko jendeari zabalik dagoela, eta ikasteko gogoz daudenak ongietorriak izango direla. 
Helburuei dagokienez, berriz, organo-jotzaile faltak eraman ninduen eskola sortzera. Horrenbeste organo egon, eta musikariak falta dira. Organoa ezagutzen ez duten piano-jotzaileak badaude, baina horiekin ez da nabaritzen organoaren edertasuna. 
 
Eskola honek estaliko al du etorkizunera begira ikusten duzun hutsunea? 

Bai, erraz gainera. Elizako gaiak jotzeko behar den maila baxua da. Bada organo-jotzaile bat, Ixiar Urbieta; hura Loiolara joango da. Baina, Azkoitian baten bat beharko da; Azpeitian besteren bat beharko da; Urrestillan ere bai... 

Zure eskolan titulurik lortu ez arren, elizetan aritzeko eta kontzertuak emateko balio dute irakaspen hauek, ezta? 

Tituluak izateko beharrezkoa da kontserbatorio batera joatea. Nik prestaketa egiten dut; oinarria eman, gero nahi duenak kontserbatorioan jarrai dezan, edo Musikenen has dadin, azken honetan sartzeko maila oso altua behar den arren. Eta herri hauetako organoak jotzeko ez da titulurik behar; jakitea eta gogoa baino ez dira behar. Gainera, behin honetan sartzen denak ez du uzten, gustatu egiten zaio eta jarraitu egiten du. 

23 urtez Musika Bandako zuzendari lanetan aritu ondoren, eskolak ematea erraza izango da. 

Batzuetan erraza da azalpenak ematea, baina ez beti. Pertsona bakoitza bere modukoa da, eta saiatu arren beti ez da lortzen esan nahi den hori nahi bezala helaraztea. 

Zure ekimenak jarraipena izan du beste herri batzuetan, ezta? 

Bai. Gure eredua hartu eta eskola sortu zuten Bergaran ere, beste organo txiki bat erosita. Asteburuotako elkartrukeko kontzertuak horregatik antolatu ditugu; bakoitza zein mailatan dagoen ikusteko. 

Zeuri dagokizunez, Azkoitiko parrokiako organoko titularra zara, eta huraxe omen duzu kuttunena. 

Hamaika urte daramatzat han eta oso gustura nago. Sekulako aparatua da hura! Organo batean edo bestean jo alde handia dago, eta Azkoitikoan jota organo-jotzaile hobea dela ematen du batek, halakoxeko organoa da bera! Berezia da; dena du. Soinu guztiak ditu, hutsetik hasi eta infinituraino; apartekoa da. Kanpotik etortzen diren musikari guztiak aho zabalik gelditzen dira. Cavaillé-Coll markakoa da, hark egin zuen azken organo handia, gainera. 

Txikitatik izan duzu alboan organoren bat. 

Hamabi urterekin hasi nintzen organoa jotzen Arantzazun, baina 46 urterekin ekin nion organoko ikasketei. Jo beti jo izan dut, baina ikasteko ez nuen aukerarik izan aurretik. Zazpi urteko ikasketak dira kotserbatorioan, hamar bat urtean egiten direnak. Haiek amaitzean, ordea, ikasten jarraitzen da, eta hala jarraitzen dut nik gaur egun ere. Hilean behin elkartzen gara hamabi organo-jotzaile inguru, eskolak hartzeko. 

Organo ikasketak egin arren, hainbat musika tresna joa zara eta hainbat ekimenetan parte hartua ere bai, ezta? 

Instrumentu asko jotakoa naiz, bai; herriz herri bai txistua, bai organoa joak naiz, esaterako. Beste lan batzuk egin izan arren, beti talderen batean ibili izan naiz, gainera. Ez Dok Hamairun, esaterako, pianoa eta teklatua jo nituen; eta Egan taldea ere neuk sortu nuen, eta hainbat senide ibili ginen bertan. Gero, Musika Banda zuzentzeko aukera eskaini zidaten, eta baiezkoa eman nuen. Orduan hasi nintzen kontserbatorioan. Musikaren inguruan ibili izan naiz beti. 

Musika barru-barruan sentitzen duzula nabari da. 

Bai, eta etxean denok izan gara musikariak; bi semeak eta ilobak musikari oso lotuta daude, eta gure aurrekoak ere musikazaleak izan ziren. Ama aldetik denak abeslariak izan ziren eta, gure aita, esaterako, soinu-jotzailea izan zen. Ez zen oso ona ere, baina festa nahi zuenean ederki jartzen zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide