Alaitz Olaizola: "Ausartak izan behar gara umeei errealitate batzuk kontatzeko"

'Mikel eta Mikaela' haurrentzako ipuina aurkeztuko du laster azpeitiar idazleak. Handitan emakumea izan nahi du Mikel protagonistak. "7-8-9 urteko haurrentzat idatzi dut eta ulertzeko gai izango dira", dio Olaizolak. Hurrena berriro antzerki lan bat idazteko asmoa du.

Mikel eta Mikaela bere lan berria oraindik eskuartean ez daukala hitz egin duAlaitz Olaizolak (Azpeitia, 1975) lapikue.net Azpeitiko kultur webarekin. Haurrentzako liburua da, eta “erronka” gisa ekin zion, haur eta gazteentzat aurreneko aldiz idatzi duelako ipuin bat. Erein-ek argitaratuko dio, eta aurki dira aurkezpena egitekoak.

Handitan Mikaela, emakumea izan nahi du Mikelek, liburu honetako protagonistak. Umeei halako gai bat azaltzea erraza al da?

Uste dut mezua ailegatuko zaiela. 7-8-9 urteko haurrentzat idatzi dut eta ulertzeko gai izango dira. Gainera, adin hori dutenak ezagutzen ditut nolabait, neuk antzerki tailerrean halako umeak ditudalako. Gai hauek helduen literaturan gero eta gehiago jorratzen dira, umeen literaturan apenas lantzen den, eta uste nuen bazela garaia errealitate hori haurrei azaltzeko. Ausartak izan behar gara umeei errealitate batzuk kontatzeko.

Idaztean arazo berezirik izan al duzu?

Ez da gauza bera gai berdina helduei edo umeei azaltzea eta, beraz, ikuspegi goxoagoa izaten saiatu naiz. Nahiko zehatz azalduta dago, dena dela, Mikel bera baita protagonista eta lehen pertsonan ematen ditu azalpenak. Parte femeninoa ere landuta dago. Mikelek naturaltasunez bizi du handitan Mikaela izan nahi hori, desioa agertzen du, handitan ea bularra emateko gai izango den-eta galdetzen du.

Zeure lehen haur ipuina da.

Baina ez aurreneko ipuina. Helduentzako idatzita nago orain dela urte batzuk, baina lanok ez daude argitaratuta. Ipuin hau idazten hastea kostatu egin zitzaidan, gaiari behar bezala-eta heltzea, baina hasi nintzenean azkar bukatu nuen. Erronkatzat jo nuen hau idaztea, aurreneko esperientzia nuelako, eta gustura geratu naiz.

Berriro Ereinek argitaratuko dizu lana. Zer dela-eta bion arteko lotura hori?

Oso eskertuta nago Ereinekin. Nire arloa antzerkia da, hor idatzi dut gehien, eta jakin badakit antzerkiko lanak argitaratzeak ez duela etekinik ematen, baina haurren arloan egindako lanak argitaratu izan dizkit Ereinek; apustua egin izan du, eta eskertzekoa da hori. Iaz haurrentzat ipuina idazteko eskatu zidan, beste idazle batzuekin emakumearen gaiari heldu eta bilduma osatu nahi zutelako, eta baiezkoa eman nion.

Aurrera begirako proiekturik bai?

Antzerkia idazten segituko dut. Hor sentitzen naiz ni eroso, ondoen dominatzen dudana hori da. 10-12 urte artekoentzat antzerki lana idazten hasteko asmoa dut.

---

Alaitz Olaizolaren haur eta gazte arloko antzerki lanak.

Autobusaren zain (2005, Erein).

Non biziko gara? (2005, Erein).

Txiukue (2005, Erein).

Denboraren makina (2007, Erein).

Torrepeko zaldunak (2009, Erein).

Uztarria Azpeitiko herri aldizkariak antzerkigintzaz Olaizolari egindako elkarrizketa hemen

Urola Kostako Hitza egunkarikoa hemen

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide