Denon Artean, aurrekontu parte-hartzaileak bideratzeko esperientzia pilotu gisa burutu den kanpainaren azken bilera izan zen atzokoa. Udalak azken batzar horretarako deialdia egiterakoan aurreratu zuten bezala, udal gobernuko kideak pozik agertu dira herritarren erantzunarekin, parte-hartzearekin eta egindako ekarpenekin. Hain zuzen ere, esperientzia pilotua izan dena aurrerantzean "estruktural bihurtu eta urtero egingo" dutela esan zuen Eneko Etxeberriak. Hainbat arlotan, Alde Zaharraren biziberritzean edota hondakinen gainean, esaterako, parte-hartze eredu hori iraunkor bihurtzeko asmoa ere adierazi zuen alkateak. Eta Denon Artean-eko bilera batetik abiatuta auzolanean egin zen ibai garbiketa goraipatu zuen: "Garai hauetan, Udala denera ezin denean iritsi, oso-oso positiboa izan da. Hainbat udalek deitu ere egin digute, eredua kopiatzeko edo".
Udalaren erabakietan eta kudeaketan herritarren parte-hartzea arautuko duen ordenantzaren zirriborroa prest dauka udal gobernuak. Atzo Sanagustinen aurreratu zutenez, apirilean aurkeztuko dute udalbatzarrean behin-behineko onarpenerako eta, ondoren, hilabeteko epea irekiko da, alegazioak jasotzeko. Aurretik Udalaren azpeitia.net webgunean ere jarriko dute, eta hor ere herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute. Ordenantzak, besteak beste, herri-galdeketak arautuko ditu. Eta, legeak "berez" hala agindu ez arren, balizko galdeketetan herritarrek erabakitzen dutena Bilduko zinegotziek "geure egin eta horren alde bozkatzeko konpromisoa" hartua dutela esan zuen alkateak.
Beharrei erantzuteko inbertsioak
Udal gobernuak 2012rako aurrekontuen zirriborroa ere aurreratuta dauka. Diru-sarreren "jaitsiera nabarmenak" baldintzatutako kontuak egin dituzte: 16.563.950 euroko sarrerak aurreikusten dituzte 2012rako, 2011n baino hiru milioi gutxiago. Udalaren zor bizia zazpi milioitik gorakoa dela kontuan hartuta, "mailegua eskatzeak ez du zuhurra ematen", Etxeberriaren esanetan.
Horrela, diru-sarreren jaitsierari aurre egin eta inbertsioak egiteko aukera mantentzeko, Udalaren gastu arrunta murriztea izan da udal gobernuak hartu duen bidea. Hain zuzen ere, milioi bat eurotan murriztuko dute gastu arrunt hori aurten. Hori bideratzeko "erabaki gogorrak" hartu behar izan dituztela esan du Eneko Etxeberria alkateak; besteak beste, hainbat udal langileri zuzenean eragingo diotenak -Euskara Patronatua eta Udaltzaingoa aipatu zituen-. "Herriari behar duena eman behar diogu, eta behar horiei erantzuteko inbertsioak lehenetsi" behar direla iritzita osatu dute aurrekontu zirriborroa.
Inbertsioei dagokienez, aurrekontu parte-hartzaileen prozesuko bileretan herritarrek egindako eskaerei erantzun asmoz egindakoak direla azaldu zuen atzo Etxeberriak. Momentuz "proposamenak" bakarrik direla ere esan zuen: "Ez dira itxiak, udalbatzarrean onartu behar dira, eta ekarpenak jasotzeko ere prest gaude".
Guztira 1.430.000 euro bideratu nahi ditu udal gobernuak inbertsiotarako. Diru gehientsuena auzo eta auzune desberdinetan hirigintza lanak egiteko erabiliko dute. Horrela, herri barruko auzuneetan 980.000 euro inbertitu asmo dute, eta 250.000 euro inguruetako auzoetan.
Soreasun, Sanjuandegin, Garmendin, Santutxon, Loiolabiden, Foru Ibilbidean, Alde Zaharrean, Olazko Amaren plazatxoan, Errebalean eta Juan XXIII.ean aurreikusi dituzte lanak herri barruan, baita Urrestillan, Nuarben, Aratzerrekan, Lasaon, Landetan, Matxinbentan eta Loiolan ere.